Euskara

Argi-ilunak azalarazi dituzte Euskararen Legea onartu eta 30 urtera

Jaurlaritzak omenaldia egin die duela 30 urte legearen eztabaidan eta onarpenean parte hartu zutenei, eta legeak izandako adostasuna eta gaurkotasuna nabarmendu ditu. Kontseiluak, EHEk eta EH Bilduk legea gainditzeko beharra aldarrikatu dute.

ainara arratibel gascon
2012ko azaroaren 24a
15:26
Entzun

Gaur 30 urte onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Euskararen Legea. Hori gogoratzeko Eusko Jaurlaritzak omenaldia egin die legea eztabaidatzen aritu zirenei: Pedro Miguel Etxenikeri, Jose Antonio Maturanari, Inmaculada Bonetari, Jose Luis Lizundiari eta Alfredo Marco Tabarri. Guztiek legea onartzerakoan izandako adostasuna nabarmendu dute, eta urte hauetan izan duen garrantzia. Blanca Urgell jarduneko Kultura sailburuaren ustez, legeak zutarriak ezarri zituen euskara gizarteko alor guztietan garatu ahal izateko.

Oso bestelako balorazioa egin du legeaz Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak. Haren arabera, 30 urte eta gero hausnarketa egiteko unea. "Legeak ekarpenak egin dizkio euskarari, baina hutsune nabarmenak ditu. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urtero kaleratzen duen txostenean ikusten dugu euskaldun askori euskaraz bizitzeko eskubidea urratzen zaiela". Horren aurrean, euskaraz bizi ahal izatea bermatuko duen marko juridiko eraginkor bat eskatu du Bilbaok.

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek ere elkarretaratzeak deitu ditu gaurko, urteurrenaren karietara. Bertan salatu dute legearekin bidearen zati bat baino ez dela egin, eta hura gainditzeko unea dela. Arratsaldean giza katea egingo dute Gasteizen, Andra Mariaren plazatik Eusko Legebiltzarreraino.

EH Bilduk euskararen inguruko "akordio nazional berri bat" eskatu du. "Euskara normalizaziotik urrun dago".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.