Estatu berria, "ameskeria"?

1990etik aurrera hamalau estatu berri sortu dira Europan. Eskozia bezala, Katalunia ere bidea egiten ari da. Espainiako erregeak irailean zioen gaur egun egin daitekeen "txarrena, indarrak bereiztea eta ameskeriei jarraitzea" dela.

Berria -

2012ko azaroak 25

Irailaren 18an, Katalunia Diada historikoa iragan berri zela, Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregeak aurreneko aldiz gutun bat paratu zuen Errege Etxearen webgunean, gaur egun egin daitekeen "txarrena indarrak bereiztea, desadostasunak sustatzea, ameskeriei jarraitzea eta zaurietan sakontzea" dela esateko. Ez zituen katalanak aipatu, baina nabarmena zen katalanez ari zela. Diadako kolpea mahai gainean zuen erregeak. "Guztion artean aukeratu dugun eredu demokratikoa eta soziala defenditzeko garaia da", bota zuen.

Kataluniako CEO Iritzi Ikerketen Zentroak duela aste batzuk plazaratu zuen inkestaren arabera, katalanen %74 autodeterminazio erreferenduma egitearen alde daude, eta %57k independentziaren alde bozkatuko luke; kontra, %20k.

Borroka ideologikoaren isla da azken asteetan Kataluniako balizko estatuaren aurka hiru agiri plazaratu izana ere. Federalismoaren alde egin dute batzuek, Espainiako Konstituzioaren alde beste batzuek eta enpresarioena izan da beste adierazpen bat.

Baina independentzia zaharkitutako ideia al da gaur egun? Europako azkeneko bi hamarkadei begiratuz gero, ez dirudi hala denik. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna 1990ean desegin zenean, hango kide ziren hainbat herrialdek independentzia prozesuari ekin zioten. Europan harrezkero sortu da bestelako estatu berririk ere, eta 2014an Eskozian independentzia galdeketa egingo dute, Erresuma Batuaren baimenarekin.

Katalunian ere bide beretik doa gehiengoa. Hain zuzen, Europan estatua izateko aukeraz datorren legealdian galdetzea onartu zuen irailaren amaieran Kataluniako Legebiltzarrak.

Estatu berriak Europan 1990etik aurrera

- Lituania, 1990ean. SESBen gainbeherarekin, berriro lortu zuen independentzia. EB Europako Batasuneko eskubide osoko kide da egun.

- Estonia, 1991n. Aurrekoak bezalaxe, SESB desegitean lortu zuen independentzia. EBko eskubide osoko kide da egun.

- Letonia, 1991n. Aurrekoak bezala erdietsi zuen independentzia, SESB desegitean. EBko eskubide osoko kide da egun hura ere.

- Ukraina, 1991n. XIX. mendean, Ukraina Errusiar Inperioak irentsi zuen. Iraultzaren amaieran, 1922an, SESB sortu zuten errepubliketako bat izan zen. Azken hori desegitean, estatu independente bihurtu zen.

- Bielorrusia, 1991n. Prusia, Errusia eta Austria artean zatituta egon zen, I. Mundu Gerra amaieran Errusiako Iraultzarekin bat egin eta, Ukraina bezala, SESBen sortzaile bihurtu zen arte. Azken hori desegitean estatu independente bihurtu zen.

- Moldavia, 1991n. Aurreko biek bezala, SESB desegitean lortu zuen independentzia.

- Eslovenia, 1991n. Alemaniari esker lortu zuen independentzia. Jugoslavia desegiten hasia zen. Gaur egun EBko eskubide osoko kidea da.

- Kroazia, 1991n. Jugoslaviaren gainbehera baieztatu zuen, Alemaniaren laguntzarekin. EBn sartzeko eskaera egina dauka.

- Mazedonia, 1991n. Aurreko biak bezala, Jugoslavia desegitearekin bat sortu zen. EBn sartzeko eskaera egina dauka.

Bosnia eta Herzegovina, 1992an. Jugoslaviaren desegite prozesuaren gerra irudirik gogorrenak bertatik heldu ziren.

- Txekia, 1993an. Adostasun osoz bereizi ziren txekiarrak eslovakiarrengandik.

- Eslovakia, 1993an. Adostasun osoz bereizi ziren eslovakiarrak txekiarrengandik.

- Montenegro, 2006an. Serbiarekin harremanak aldatzen joan ostean, eta EBren laguntzarekin, montenegroarrak independentziaren alde agertu ziren erreferendum bidez. XXI. mendeko lehen independentzia aldarrikapena egin zuten. Horrekin, gainera, marko juridikoa ezarri zuten EBn erreferendum bitartez lurralde baten independentzia aldarrikatzeko.

- Kosovo, 2008an. EBko 27 estatuetatik 22k onartuta daukate Kosovoren independentzia, baita NATOko 28 kideetatik 24k ere.