Bi aste gogoangarri

Kataluniak lortzen badu estatu bihurtzea, aurtengo iraileko bi aste historikotzat joko dira. Irailaren 11ko Diadako manifestazio erraldoia independentziaren aldeko mugimenduarentzat mugarria izan zen, eta geroztik gertaera garrantzitsuak abiada bizian jazo ziren. Honatx kronologia.



Berria -

2012ko azaroak 24

- Irailak 10: Diadaren bezperan Artur Mas Kataluniako Generalitateko lehendakariak zioen "herritarren aldarria [independentzia] bihotzean” duela.



- Irailak 11: Diadako manifestazio historikoa; milioi bat pasa lagun. Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidenteak manifestazioaren antolatzaileak hartu zituen: ANC Biltzar Nazional Katalaneko eta AMI Independentziaren Aldeko Udalen Erakundeko ordezkariak.

- Irailak 12: ”Borondatea, gehiengo zabalak eta eusteko gaitasuna badaude, dena da posible”, esan zuen Masek.

- Irailak 13: Mas: "Kataluniak estatua behar du”. "Estatu egiturak” eraikitzen joateko konpromisoa hartu zuen.

- Irailak 14: ANCko eta AMIko ordezkariak hartu zituen Masek. Galdeketa bideratzeko elkarlanaren beharraz aritu ziren.

- Irailak 18: Espainiako erregearen gutuna. Zioen independentzia —ez zuen aipatu hitz hori—  "ameskeria” dela. Generalitatearen erantzuna: "Katalunia konponbideak eskaintzen ari da, eta inondik inora ez dira ameskeriak”.



- Irailak 19: Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuaren abisua: "Behar izango balitz, Konstituzioa betearaziko dut”.


- Irailak 20: Raxoi-Mas bilera, Madrilen. Aurrenak itun fiskalaren proposamenari ezezkoa eman zion, garbi. Masek ondoren Madrilen bertan esan zuen Kataluniako Parlamentuak "erabaki garrantzitsuak” hartuko zituela hurrengo egunetan. Lau mila lagunek harrera egin zioten Masi Bartzelonako Sant Jaume plazan, 'independentzia' oihukatuz.

- Irailak 21: Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak zioen erreferenduma datozen lau urteetan egitea posible dela, eta iradoki zuen Kataluniako Parlamentuak estatu propioa aldarrika dezakeela datozen hauteskundeen ondoren.

- Irailak 25: Kataluniako hauteskundeak azaroaren 25era aurreratuko zituela jakinarazi zuen Masek parlamentuan, "legitimitate berri bat” lortzeko. "Autodeterminazio eskubidea gauzatzeko unea iritsi da”.



- Irailak 26: Masek legebiltzarrean iragarri zuen Espainiako Gobernuaren baimenarekin edo gabe antolatuko dutela galdeketa.

- Irailak 27: Autodeterminazio galdeketari buruzko ebazpena onartu zuen Kataluniako Parlamentuak: 84 legebiltzarkide alde, 21 kontra, 25 abstentzio. Kontsulta datorren legealdian egiteko eskatu zioten Generalitateari. Espainiako Gobernuak esan zuen kontsulta ez dela konstituzionala izango eta neurriak hartuko dituela.

Berri horiei buruzko testu bilduma.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna