FRANTZIA

Copek erreferendum bat proposatu dio Filloni, UMPren zatiketa saihesteko

Fillonek talde parlamentario propioa osatu du gaur arratsaldean. Sarkozyk ohartarazi die akordiorik ezean agiri bat plazaratuko duela, alderdiaren egoerak "lotsa" eragiten diola azalduz. 

2012ko azaroaren 27a
18:17
Entzun

Jean François Cope UMPko presidente izendatu berriak erreferenduma egitea proposatu du, hauteskundeak berriro antolatu behar diren erabaki eta alderdiaren zatiketa saihesteko.

Copek erreferenduma urtea bukatu baino lehen antolatzea eskaini die François Fillon lehen ministro ohiaren taldekoei. Eskaintza hori baldintzapekoa da ordea, horren truk Copek Filloni eskatu diolako Asanblada Nazionalean sortzekoa den talde parlamentario propioa bertan behera uzteko.

Fillonen ingurukoek, berriz, jakinarazi dute arratsalde honetan osatuko dutela 68 diputatuk osatutako talde parlamentario propioa. Bertzalde, lehen ministro izana erreferendumaren alde azaldu bada ere, berak ere baldintzak jarri dizkio UMPko presidente berriari: proposamena onartuko du argi geratzen bada ez dela “denbora irabazteko maniobra bat” eta horretarako “baldintza objektiboak” baldin badira.

Nicolas Sarkozyren mehatxua

Le Figaro egunkariak dioenez, Nicolas Sarkozy UMPko eta Frantziako presidente ohiak Cope zein Fillonekin telefonoz hitz egin du gaur goizean, abisatuz konponbiderik asmatzen ez bazuten, gaur arratsaldean bertan komunikatu baten bidez azalduko zuela UMPk bizi duen egoerak “lotsa” eragiten ziola.

Egun zalapartatsuak

UMPko Helegite Batzordeak atzo berretsi zion garaipena Coperi. Fillonek, segituan salatu zuen bere arerioaren aldekoen 'indar kolpea' komunikatu bidez.

Azken urte hauetan Cope izan da UMPko idazkari nagusia, eta Fillonek leporatzen dio barneko batzordeetan bere aldeko jendea kokatu izana. Telebistan egindako elkarrizketan, Fillon lehen ministro ohiak argi utzi zuen batzorde horretan baino nahiago zuela helegitea Justiziaren aurrean aurkeztu.

Azaroaren 19an iragan ziren alderdiko presidentea izendatzeko barne hauteskundeak. Horretarako batzordeak Cope eman zuen garaile, baina iruzurra leporatu zioten bere arerio François Fillonen, Lehen Ministro ohiaren aldekoek. Itsasoz Haraindiko hiru federazioen emaitzak baztertu izana leporatu zioeten alderdiaren barneko batzordeari.  Emaitza horiek kontuan hartuta garaipena Fillonena zela aldarrikatu zuten lehen ministro ohiaren jarraitzaileek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.