GIZARTEA

Miarritzen egitekoa den "bizitzaren aldeko" foroak elkarte ugari haserretu ditu

Eutanasia, abortua eta homosexualitateari buruzko ideia "integristak" hedatzea leporatu diote Marc Aillet Baionako apezpikuari.

2012ko azaroaren 27a
12:23
Entzun

Ailletek antolatutako “Biziaren aldeko nazioarteko foroa” zer esan asko ematen ari da Ipar Euskal Herrian. Hainbat elkartek gaitzetsi dute Ailleten iniziatiba, eta horren aurkako komunikazio kanpaina martxan jarri dute. Kristaufobiaren Behatokiak, berriz, apezpikuaren aurkako “erasoa” salatu du.

Azaroaren 30etik abenduaren 1era arte iraganen da “Bizitzaren aldeko nazioarteko foroa”, Miarritzeko Bellevue kongresu aretoan. Bertan aipatuko diren gaiak zabalak izango direla esan du gotzainak, ez dira “ezkontzaren inguruan dagoen eztabaidara” mugatuko.

Bertan aipatuko diren gaiek zein mintzatuko diren hizlariek hainbat elkarte haserretu dituzte. Tony Anatrella apaizak homosexualitatearen aurkako tesiak garatu ditu; “Alliance Vita” eskuineko “bizitzaren aldeko” elkarteko Tugdual Derville, berriz, eutanasia eta gay eta lesbianen arteko ezkontzaren aurka azaldu da. Eutanasia, abortua eta homosexualitateari buruzko ideia "integristak" garatu eta zabaltzea leporatzen diote foroari horren aurkariek.

Orotara 600 pertsona espero dira egunero foro horretan. Bere kostua 70.000 eurokoa izan da apezpikuaren arabera, baina “mezena amerikar batek finantzatu du osoki”.

Azken egunetan apezpikuaren jarrera salatzen duten afitxak ezarri dituzte Baionako kaleetan, eta "aukeratzeko eskubidearen" aldeko kolektibo batek manifestatzera deitu du datorren larunbatean, 11:00etan foroa iraganen den Bellevue kasinoaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.