etxe kaleratzeak

Etxetik kaleratzekoa zuten gizon batek bere buruaz beste egin du Donezteben

Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidenteak eman du berria. 59 urteko gizon bat da hildakoa. Justiziako iturriek esan dute 4.200 euroko zorra zuela, alokairuagatik. Azaroaren 9an, Barakaldon, emakume batek bota zuen bere burua leihotik kasu beragatik. 19:30ean manifestazioa egingo dute Iruñean, etxe kaleratzeen eta murrizketen kontra.

Bere buruaz beste egin duen gizona bizi zen eraikina.
Bere buruaz beste egin duen gizona bizi zen eraikina. / BERRIA

Berria -

2012ko azaroak 28

Etxetik kaleratzekoa zuten lagun batek bere buruaz beste egin du Donezteben, goizean, Juan Manuel Fernandez Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidenteak jakinarazi duenez. Alokairuan bizi zen, bikotekidearekin, eta Justiziako iturriek esan dute 4.200 euroko zorra zeukala.

Gizonezkoa da hildakoa —Manolo Reguera—, 59 urtekoa.

Nafarroako Auzitegiak eman zuen gizona etxetik bidaltzeko agindua, eta gaur bertan ziren agindua ezartzekoak. Horrelako arazoak dituzten lagunentzako Nafarroako Gobernuak eskaintzen duen bitartekaritza lanetarako laguntzarik ez zuen eskatu biktimak, exekutiboaren arabera.

Azaroaren 9an, Barakaldon, Amaia Egaña 52 urteko emakumeak bere buruaz beste egin zuen, etxetik kaleratzear zirela.

Bihar, hain justu, Espainiako Kongresuan eztabaidatu eta bozkatzekoak dira PPren gobernuak aurkeztutako dekretua, etxe kaleratzeei aurre egiteko. Hainbat gizarte eragilek salatu dute eragin murritza izango duela, kaleratzea bertan behera uzteko gobernuak jarriko dituen baldintzak oso familia gutxik betetzen dituztelako.

Manifestazioa Iruñean

19:30ean manifestazioa egingo dute Iruñean, etxe kaleratzeen eta murrizketen kontra. Autobus geltoki zaharretik abiatuko da protesta. ELA, LAB, ESK, EILAS, Hiru, EHNE eta CNT sindikatuek eta hainbat gizarte mugimenduk antolatua zuten protesta, gaurko heriotzaren berri izan aurretik. SOS Arrazakeria, Nafarroako M15, Langabetuen Batzarra, Mugarik Gabe elkartea, Ikasle Abertzaleak, AHT Gelditu! Elkarlana, Bilgune Feminista eta Ekologistak Martxan daude deitzaileen artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna