EUSKARAREN EGUNA

365 egun iraun beharko lukeen eguna

Euskararen Eguna ospatzen ari dira gaur herritarrak eta hainbat erakunde. Ekitaldi egitarau zabala antolatu dute horretarako. Euskaraz egiteko egitasmoek babes zabala izan dute, eta eguna baliatu dute tresna berri bat aurkezteko: Mintzanet.net. EHUn, berriz, 'Ika-Mizka' mahai inguruak egin dituzte (bideoa: Irutxuloko Hitza).

Berria -

2012ko abenduak 3

Hainbat herritar ari dira gaur Euskararen Eguna ospatzen, horretarako prestatu dituzten ekitaldietan parte hartuta. Mahai inguruak, erakusketak, tailerrak, azokak eta abarrak antolatu dituzte, euskara sustatu eta omentzeko.

1949an sortu zuen Eusko Ikaskuntzak Euskararen Eguna, eta urtero-urtero ospatu dute. Hala egin dute gaur ere hainbat lekutan. Gasteizen, esaterako, euskara sustatzen lagundu duten gasteiztarrei Lazarraga sariak emango dizkiete, eta abenduaren 5era bitartean euskararen inguruko ekitaldi ugari egingo dira.

Bilbon, berriz, harrera ekitaldia egingo da Arriaga antzokian, eta Bizkaiko herrietan ere izango dira jarduera bereziak. Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gaztezulo aldizkariak Ika-Mizka mahai inguruak antolatu dituzte, gazteek euskaraz eta euskarari buruz hitz egin dezaten. EHUko Carlos Santamaria zentroan egingo dituzte mahai inguruak. Alex Txikon mendizalea, Aitor Gorosabel Su ta Gar musika taldeko abeslaria, Jon Garaño zinemagilea, Muturbeltz musika taldeko Mikel Larratxe abeslaria, Jon Artano kazetaria eta Alaia Martin eta Aitor Sarriegi bertsolariak izan dira, besteak beste. Ordu eta laurdeneko bi saio izan dira.

Donostian bertan, San Telmo museoan, Euskararen Egunaren harira antolatutako jarduerak egin dituzte. Ehun bat lagun elkartu dira mintzodromoko lehen txandan. Badu Bada erakusketaren barruko areto batean ari dira euskaraz egiten.

Halaber, Eusko Legebiltzarrak ekitaldi bat egin du gaur. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak ekitaldira gonbidatu ditu duela 30 urte Euskararen Legea hitzartu zuten legebiltzarkideak.

Bestalde, Eusko Ikaskuntzak sinadura bilketa bat hasi zuen, Google Interneteko bilatzaileak hasierako orrian euskararekin lotura duen irudi bat jar zezan gaurko egunez. Ez dute lortu atariak halakorik egiteko nahikoa sinadura, baina guztira 32.000 atxikimendu inguru batu dituzte.

Mintzanet.net ataria ere gaur jarri dute martxan. Euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohitura ez dutenekin sarean elkartzean datza webgunea. Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute, eta bertan izan dira, besteak beste, Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna