Herritarren hizkuntza eskubideak "bermatzearen" alde azaldu da Iñigo Urkullu

Euskararen inguruko akordio sozial eta politiko "zabal" bat eskatu du, eta hizkuntzak "inposatzea" nahiz "eragoztea" baztertu du.

Berria

2012ko abenduak 3

EAJko lehendakari eta Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai Iñigo Urkulluk esan du hizkuntza politikak "akordio sozial eta politiko zabal baten aterpea" behar duela, "bizikidetza" baitago jokoan. Horren harira, gaineratu du herritar guztien hizkuntza hautua "bermatzearen alde" dagoela: "Ez inposatu, ez eragotzi, inor ez inoren gainetik. Herritar guztien hizkuntza aukera egiazki bermatu; hori da nire konpromisoa", adierazi du.

Ohar bat plazaratu du Urkulluk Euskararen Egunaren karietara. "Euskara gure berezko hizkuntza da, nahiz eta dugun bakarra ez den, bakarrik geuk duguna delako". Erantsi du "beste edozein bezain duina eta baliagarria" dela. Nabarmendu du hizkuntzak aurrera egin duela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken 30 urteetan, aurrerapauso hori apalagoa izan dela Nafarroan eta atzera egin duela Iparraldean.

Euskararen Legearen "arrakasta" aipatu du Urkulluk, eta ohartarazi du lege horrek asko zor diola bere inguruan sortutako adostasunari. Esan du "guztion eginkizuna" dela euskararen, gazteleraren eta frantsesaren arteko bizikidetza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna