Euskaldun berrien ekarpena goraipatu du Urgellek

 

Berria -

2012ko abenduak 3

Euskaldun berriek euskarari eginiko ekarpena eta hizkuntza kalean izan dadin gizarteak eginiko ahalegina goraipatu du Eusko Jaurlaritzako jarduneko Kultura sailburu Blanca Urgellek, Euskararen Egunaren harira. Areago, euskara etxetik kanpo ikasi dutenei eta horretan dihardutenei "omenaldi bat" egitearen alde azaldu da.

Ohar baten bidez, elebitasunerantz eginiko urratsak nabarmendu ditu, baina gaineratu du "bide luzea" geratzen dela euskararen erabilera eta etorkizuna bermatzeko. Bide hori akordioen bitartez egin behar dela azaldu du Urgellek.

Seme-alabak bi eleko hezkuntza ereduan matrikulatu dituztenei eta euskara erabiltzen duten euskaldun zaharrei ere gorazarre egin die Urgellek, talde guztien artean osatzen baitute "euskararen mosaiko aniztuna". "Haiek gabe, haien borondaterik gabe ez ginateke egungo egoerara iritsiko". Erantsi du gizarteak duela euskararen normalizazioaren "gakoa".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna