ekonomia

CAFeko langileek urte bukaera arte egunero lau orduko lanuztea egitea erabaki dute

Bihar Eusko Legebiltzarrera joango dira hogeitik gora autobus, beste enpresa batzuetako langileekin batera euren mezua hurrengo lehendakariari helaraztera. Gaurko batzarrean ere erabatekoa izan da enpresa ezarri nahi duen dosierraren kontrako jarrera.

CAFeko langileen batzarra.
CAFeko langileen batzarra. / BERRIA

Berria -

2012ko abenduak 11

CAFeko zuzendaritzarekin bildu ostean, Beasaingo lantokiko langileek gaur batzarrean lanuzteekin eta mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute. Zuzendaritzak ezarri nahi duten lan espediente erregulazioaren aurka aurten urte amaiera arte lau orduko lanuzteak egingo dituzte. Ostiral honetan eta hurrengoan jai dutenez, zehazki beste sei egunez eutsiko diete lanuzteei gutxienez, LABek azaldu duenez.

Bihar, gainera, Gasteizera joango dira langileak Eusko Legebiltzarrera, parlamentarien aurrean enpresaren erabakia salatzera. Zehazki, hogeitik gora autobus joango dira, pasa den ostegunean Donostira joan zirenean bezala. Langile batzordearen asmoa euren jarrera agertzea izango da, eta ahal izanez gero, hurrengo lehendakariari euren mezua helaraztea. Bihar langile gehiagok ere badu Legebiltzarrera hurbiltzeko asmoa, tartean, Gamesakoek.

Ostegunean, beste manifestazio bat Beasainen

Gaurkoa CAFeko langileek enpresaren asmoak ezagutu zituztenetik egin duten hirugarren bozketa izan da, eta ezezko botoak gehiago izan diren arren, gehiengoak protestekin jarraitzearen alde egin du. LABek jakinarazi duenez, 1.404 langilek eman dute botoa, eta horietatik 1.157 agertu dira mobilizazioen alde eta 161, kontra; 84ek zuri bozkatu du.

ESKk zehaztu duenez, langile bakoitzak  orotara 34 orduz egin du lanuztea,  eta guztira 50.000 ordu inguru dira lantegi osoan.  Ostegunean Beasainen beste manifestazio bat egingo dute eta datorren asterako mobilizazio gehiago iragarri dituzte, baina oraindik zehaztu gabe dituzte.

'Gaurko borroka, biharko enplegua'

Orain dela bi aste inguru hasi ziren langileak "presio neurriekin", enpresarengandik lan erregulazio espedientea ezarri nahi zutela jakin zutenetik. Sindikatu guztiek esan zuten ezetz. Hainbat lanuzte egin dituzte harrezkero, eta hiru manifestazio, Beasainen, Ordizian eta Donostian, Gaurko borroka, biharko enplegua lelopean. Lehenengoan izan ziren Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko alkateak.

Langile batzordeak salatu du CAFek irabazi asko dituela, eta, hala ere, dosierra ezarri nahi dietela. ESKren arabera 93 milioi euroko irabaziak ditu urteko, eta eskari zorroa 5.000 milioi eurokoa baino handiagoa da.

Zuzendaritzaren arabera, datorren urterako lanik ez da

Enpresak dio datorren urteko lehen sei hilabeteetan ez dagoela lanik IV. dibisioan, eta lan prozesuaren amaieran dauden 892 langileri eragin diezaieke. Atzo izan zen kontsulta fasean zuzendaritzak eta enpresa batzordeak iragarrita zuten azken bilera, baina hori ere akordiorik gabe amaitu da.

"Zertarako balio du CAFen moduko multinazional bat izateak, etekinak ekarri arren ez baditu Goierrin eta Euskal Herrian lanpostuak mantentzen?", galdetu zuten langile batzordeko ordezkariek pasa den osteguneko manifestazioan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna