Eusko jaurlaritza

Hartu du lehendakari makila Urkulluk

[Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1645/[/Berriatb] 12:20 pasatxo zirela hartu du kargua EAJko kideak, Gernika-Lumon. "Jainkoaren eta gizartearen aurrean apal-apalik, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzotasunez beteko dudalako, zin dagit".

2012ko abenduaren 15a
23:04
Entzun

Iñigo Urkullu EAJko kideak gaur hartu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua, Gernika-Lumon egin duten ekialdia, eta han pasatu dio lehendakari makila Patxi Lopez azken legealdiko buruak.

Zin egiteko formula hau erabili du Urkulluk: "Jainkoaren eta gizartearen aurrean apal-apalik, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzotasunez beteko dudalako, zin dagit". Jose Antonio Agirrek 1936an erabili zuen antzeko formula aukeratu du, beraz. Agirrek "Jaungoikoaren aurrean umiliatuta" hitzak erabili zituen hasieran.

Gernikako Estatutuaren eta Bizkaiko Foruaren gainean egin du zin, Gernikako arbolaren aurrean eta euskaraz. Aurreko lehendakari guztiek, Lopezek izan ezik, Biblia baten gainean egin zuten zina. 

Urkulluk gero, kargu-hartzeko hitzaldian, protokolozko hitzetan, Espainiako koroari eta Konstituzioari "leial" izango zaiela esan du, eta "errespetua" gordeko diela. EAEn "estatuaren ordezkari arrunta" izango dela ere adierazi du.

Ekitaldian azken Jaurlaritzako sailburuak, Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak, hainbat legebiltzar —Laura Mintegi EH Bildukoa ez, Baionako Foroan delako—, lehendakari ohiak —Juan Jose Ibarretxe ez, kanpoan delako—, Cristobal Montoro Espainiako Gobernuko ministroa, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria, Urkulluren senideak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea, Iñigo Lamarca EAEko arartekoa eta beste hainbat lagun izan dira.

Gernikako juntetxe kanpoan elkarretaratze batzuk izan dira: Osakidetzako murrizketen aurkakoa, LABena eta euskal presoen eskubideen aldekoa.

Lehendakari, 27 legebiltzarkideren babesarekin

Eusko Legebiltzarrak asteazkenean izendatu zuen lehendakari Urkullu, gehiengoz sinplez —EAJren 27 legebiltzarkideen botoekin—. Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak 21 boto jaso zituen. Besteak —PSE, PP eta UPDkoak— abstenitu egin ziren.

Lehendakaritzak atzo jakinarazi zuen gobernu taldea: Juan Mari Aburto, Arantza Tapia, Ricardo Gatzagaetxebarria, Estefania Beltran de Heredia, Josu Erkoreka, Cristina Uriarte, Jon Darpon eta Ana Isabel Oregi. Astelehenean hartuko dute kargua. Jaurlaritzaren lehen bilera asteartean izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.