Urkullu, Aixerrotatik Ajuria Enera

Edurne Begiristain.
2012ko abenduaren 15a
13:26
Entzun

Duela hiru hamarkada Getxoko Aixerrotan (Bizkaia) egindako Alderdi Egunean, 22 urteko gazte batek hitza hartu zuen EGIren izenean, mintzatokira igota. Gazte bizkaitar hark jendaurrean hitz egiteko dohain berezia erakutsi zuen, eta haren hitzaldia ez zen oharkabean pasatu alderdian. Iñigo Urkullu Renteria zen. Tornulariaren semea. 15 urte besterik ez zuela herriko Euzko Gaztedin (EGI) ibilbide politikoa hasi zuen gaztea. Nork esango zion politikan lehen urratsak egiten hasia zen gazte hari 30 urteren buruan Ajuria Enean bukatzeko aukera izango duela. Berak ere ez zuen imajinatuko.

Iñigo Urkullu Alonsotegin jaio zen, 1961ean. Egun, Durangon bizi da. Ezkonduta dago, eta hiru seme-alaba ditu. EAJko EBBko presidentea da 2007tik. Familia abertzalekoa izanda, gaztetan afiliatu zen EAJn: 16 urte baino ez zituen, eta alderdia klandestinitatetik irten berria zen. EGIn izan zituen bere lehen ardura politikoak: herriko EGIko arduradun aurrena, eta EGIko zuzendaritza nazionalean gero. Gazte zela heldu zien ardura handiagoei ere: 23 urterekin izendatu zuten BBBko kide; 25 urte besterik ez zuela, Eusko Legebiltzarreko parlamentari aukeratu zuten, eta adin berarekin sartu zen Bizkaiko Diputazioko gazteria saileko zuzendari postuan. Irakasle eskolako diplomaduna eta Euskal Filologian espezializatua da. Deustuko Unibertsitateko Aisialdiko Ikasketen Institututik Aisialdiko Guneen Kudeaketan aditua da. Politikan murgildu berritan, gainera, maisu lana egin zuen Portugaleteko Asti Leku ikastolan eta Bilboko Felix Serrano ikastetxean.

EAJren barruan ibilbide politiko oparoa izan du Urkulluk. Gaztetan, belaunaldi jeltzale bateko kide izan zen: jobuvia-ak edo jóvenes burukides vizcaínos (gazte burukide bizkaitarrak) izenarekin ezagun egin zirenak. Talde horretan ibili ziren, halaber, gerora alderdiaren barruan zama handia izan duten beste jeltzale batzuk ere: Jose Luis Bilbao, Andoni Ortuzar, Joseba Aurrekoetxea, Aitor Esteban eta Koldo Mediavilla. Alderdiaren barruan tokia egiten hasi zen Urkullu 1996an, Bizkaiko alderdikide garaikideekin batera. Urte hartan, Luis Mari Retolaza orduko BBBko presidenteari aurre egin eta Javier Atutxa bultzatu zuten BBBko presidentetzarako, eta nagusitu egin ziren Urkullu eta gainerako kideak. Bera izan zen BBBko bozeramaile lau urteko hartan. Alderdi barruan lehiarik garrantzitsuena, ordea, 2003an jokatu zuen, Xabier Arzalluzen ordezkoa aukeratzeko barne prozesuan Josu Jon Imazen hautagaitzaren sostengurik sendoena eta eraginkorrena izan baitzen. Lau urteotan Imazen ondoan egon zen, bozeramaile lanetan. 2007an EBBko presidente berria aukeratzeko hauteskundeetan, bi sektoreek hitzartutako hautagaia izan zen Urkullu.

Ezagutzen dutenek pertsona serio eta metodikotzat dute; moderatua dela diote. Lidergoa hartzeko duen gaitasuna azpimarratzen dute gertukoek, eta, dioetenez, bilera guztietan ohar idatziak hartzen ditu. Hain justu ere, hauteskunde kanpainan Urkulluren profil serio eta arduratsua nabarmendu nahi izan du EAJk. Ezagutzen dudalako izeneko ekinaldiaren bitartez, Urkulluren gertuko irudia landu du alderdiak, hari buruzko laudorio eta goraipamenekin: zintzoa, gardena, langilea, prestatua...

"Hitza" ematen duen lehendakarigai gisa aurkeztu du bere burua Urkulluk. Euskadi aurrera leloa hartuta, euskal gizartearekin 175 konpromiso hartu ditu buruzagi jeltzaleak hauteskunde programan. "Euskadi aurrera ateratzeko denon beharra dugu". Esaldi hori behin eta berriz izan du ahotan Urkulluk azken bi asteotan, "elkarlana eta adostasuna" krisialditik ateratzeko ez ezik etorkizunerako itun berria adosteko ere balio izango duelakoan. Hiru lehentasun ezarri ditu datozen lau urteetarako: krisialditik lehenbailehen ateratzea, bake prozesua sendotzea eta bizikidetza bermatzea eta "Euskadi nazioa Europan" proiektua garatzea eta gauzatzea.

Inkesta guztiek faboritotzat jotzen zuten urriaren 21erako. Eta aurreikuspenek ez zuten kale egin. Getxoko Aixerrotako Alderdi Egunean politikari sena eta jendaurrean hitz egiteko trebezia erakutsi zuen gazte hark Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi zituen, 29 urteren buruan.

Nortasun agiria

- Jaioteguna. 1961eko irailaren 18a.
- Jaioterria. Alonsotegi (Bizkaia).
- Ikasketak. Irakasle eskolako diploma eta Euskal Filologia espezializazioa.
- Ibilbide politikoa. BBBko kide, legebiltzarkidea eta EAJko EBB presidentea —Jaurlaritzako lehendakari izendatzen badute, EBBko buruzagitza utzi egin beharko du—.
- Afizioak. Mendia du gustuko. Haize musika-tresnak ditu gustuko, eta horien bildumatxoa ere badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.