bertsolaritza

Joxe Agirre hil da

83 urte zituen azpeitiar bertsolariak. Astelehenean izango da hileta elizkizuna, Azpeitian, 19:00etan.

Berria -

2012ko abenduak 15

Joxe Agirre azpeitiar bertsolaria hil da, goizean. Alabarekin gosaldu ondoren, zorabio bat izan du, eta hil egin da. Azkenaldian ez zebilen ondo osasun aldetik. 83 urte zituen. Astelehenean izango da hileta elizkizuna, 19:00etan, Azpeitiko parrokian.

Hil honen 23an Erniarraitz Bertsozale Elkartea hari, eta Imanol Lazkanori eta Joxe Lizaso zenari, omenaldi bat egitekoa zen Azpeitian, Sanagustin kulturguneko bertso saio batean.

60 urte pasa egin ditu Agirrek bertsotan, plazan, eta oso bertsolari maitatua zen. 2004an Uztarria Azpeitiko kultur koordinakundeak elkarteko ohorezko bazkide egin zuenean, Agirrek ekitaldian bertsotan esan zuen ez zuela merezi omenaldirik, "beti" egin izan zuena daukan "pixka bat" hori ematea izan zela, eta ohartzen zela "oraindik herriak maite" zuela. 

2009ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian berak jantzi zion txapela Maialen Lujanbiori. Agirrek, bertsotan egiteko aprobetxatu zuen aukera, eta bertso bat ez, baizik eta lau bota zituen. BECeko bertsozaleek txalo zaparradaz eskertu zioten.

Euzkitze: "Arraza jakin bateko azken bertsolaria"

Xabier Euzkitzek bere Twitterrean idatzi du abenduaren 6an Oñatiko Gaumendi baserrian lagunartean kantari aritu zela Agirre. "Haiek izango zituen azkenak". "Izarraizko azeritzat" jo du Euzkitzek, "basa eta zorrotza, bizia eta zuzena, arraza jakin bateko azken bertsolaria".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna