katalunia

Independentziari buruzko galdeketa 2014an egitea
hitzartu dute CiUk eta ERCk

Bi alderdiek gobernagarritasun hitzarmena lortu dute eta Artur Mas aste honetan izendatuko dute Generalitateko presidente. Galdeketari buruzko hitzarmenak sei puntu ditu: burujabetza adierazpena, kontsulten legea, Espainiarekin negoziazioa, trantsizio nazionalerako kontseilua, galdeketa... Kontsulta atzeratu ahal izango dute, bi alderdiek hala erabakiz gero.

Berria.info -

2012ko abenduak 18

Artur Mas eta Oriol Junqueras CiU eta ERCko buruak gaur iluntzean hitzartu dute gobernagarritasunerako akordioa, ixteko falta ziren azken hari-muturrak lotuta. Independentziari buruzko galdeketaren data zehaztea zen aurrera egiten ez zuen gai nagusia, eta lortu dute adostasuna. 2014ean egingo dute. Hala ere, bi aldeek hitzartuz gero, atzera dezakete.

Junquerasen esanetan, "Kataluniaren etorkizuna herritarren eskuetan uzteko klausulak" bermatu dituzte akordioaren bidez. Txio batean nabarmendu du erronkak "izugarriak" direla, baina Katalunian garai berri bat hasi dela "krisitik ateratzeko eta independentziaren herri galdeketa egiteko".

Galdeketari buruzko akordioak dioena

1. Kataluniako legealdi berriko lehen bilkuran Kataluniako herriaren burujabetza adierazpena egin.

2. Kontsulten legea onartu.

3. Espainiako Estatuarekin negoziazio prozesua ireki erabaki eskubidea gauzatzeari buruz.

4. Trantsizio nazionalerako Kataluniako Kontseilua sortu.

5. 2013ko bukaerara artean bide formal, juridiko eta instituzional guztiak landu, galdeketa legezko esparru batean egin dadin.

6. Galdeketa deitu, Europa barruan Kataluniak estatua izateko aukera edukitzeko.

Gizarte politikari eta politika ekonomikoei buruzko neurriak ez dituzte zehaztu

Galdeketaz gain, gizarte politikari eta politika ekonomikoei buruzko neurriak ere hitzartu dituzte. Ez dituzte zehaztu. Neurrien artean dago bihartik aurrera aurrezki kutxetako eta bankuetako gordailuei zerga bat ezartzea. Espainiak autonomia erkidegoei halako zergaren bat ezartzea debekatu baino lehen onartu dute.

Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak esan du zerga berriaren bidez urtean 500 milioi euro bildu nahi dituztela, eta ez diela eragingo bezeroei. Zuzenean ez, baina zeharka bai. Finantza erakundeek zerga gehiago ordaindu behar badituzte, zerga horiek bezeroen produktuei aplikatuko dizkiete.  

135 legebiltzarkideetatik 71 dituzte CiUk eta ERCk

Artur Masen inbestidura saioa aste honetan izango da. Etzi eta etzidamu ziurrenik. ERCk Masen alde egingo du bozketan. CiUk 135 legebiltzarkideetatik 50 aulki lortu zituen azaroaren 25eko legebiltzarrerako hauteskundeetan (aurreko bozetatik 12 galdu zituen) eta ERCk 21 (+11). PSCk 20 eskuratu zituen, PPk 19, ICVk 13, Ciutadansek 9 eta CUPek 3. Autodeterminazioaren aldeko indarrak parlamentuaren %64 dira —CiUri eta ERCri ICV eta CUP batuta—.

Legebiltzarreko presidentea atzo hautatu zuen parlamentuak: Nuria de Gispert (CiU). Aldeko 79 boto jaso zituen —ERCrenak tartean—, 52 abstentzio izan ziren eta baliogabeko 3. Aurreko legealdian ere hura izan zen parlamentuko buru.