EUSKAL HERRIA

Iritzi artikulu bat argitaratzeagatik inputatu eta deitu dute deklaratzera Iñaki Soto 'Gara'-ko zuzendaria

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu du, "terrorismoa goratzea" egotzita, bere egunkarian Bilboko alde zaharreko bizilagun batzuen artikulu bat plazaratzeagatik. Horiek ere auzipetuta daude.

Berria -

2012ko abenduak 19

Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak Espainiako Auzitegi Nazionaletik ateratakoan jakinarazi duenez, abuztuan egunkari horretan argitaratu zen gutun bategatik auzipetu du Eloy Velasco epaileak. Gutuna sei lagunek izenpetu zuten eta horiek ere inputatuta daude. Euren deklarazioetan artikuluan dagoenaren ardura bere gain hartu dute horiek.

Epaileak terrorismoa goratzea leporatzen dio Sotori. Horrek, ordea, garbi esan du ez duela horrek zentzurik: "Nire lana adierazpen askatasuna bermatzea da, ez epaitzea". Sotok gaineratu du bere ustez gutun horrek "maitasuna" duela hizpide. "Eraso bezala ikusten dutenak gorrototik ari dira. Eta gorrotoan oinarritzen den justizia ez da justizia". 

Epaileak gutuna nola argitartu zen jakin nahi izan du bere galderetan, ardura postuetan daudenen izenak eskatuz, baina Sotok bere gain hartu du horren ardura, eta gaineratu du ezinezkoa zaiolal eduki guztia kontrolatzea. Fiskaltzak bultzatu du auzia. Terrorismoa goratzeagatik bi urtera arteko espetxe zigorra jaso dezake.

Iragan ostiralekoa zen Sotoren zitazioa, eta bertan ez zuten zehaztu zein ekintzak eragin ahal izan duen Sotori delitu hori leporatzea. Horregatik indefentsioa argudiatu du Sotok. Abokatuarekin deklaratu du. Zitazioan ohartarazi zioten "derrigorrez" joan behar zuela deklaratzera, bestela bere aurkako neurriak hartuko zituztela esanda.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna