euskal herria

Ertzain bati 'zipaio' deitzea ez da delitua

Arabako Auzitegiak ertzainen jokabidearekiko "kritika" moduan hartu du hitz hori.

Berria -

2012ko abenduak 19

Arabako Lurralde Auzitegiak ebatzi du ertzain bati zipaio deitzea ez dela delitua, "ez baitio ertzainaren ohoreari kalte egiten". Adierazpen askatasuna aintzat hartuta, auzitegiak ertzainen jokabidearekiko "kritika" moduan hartu du hitz hori, gaur El Correo egunkariak dakarrenez.

Amurrioko Tubos Reunidos enpresako langileen greba egun bateko liskar baten ondorioz iritsi zen salaketa Arabako epaitegira. Ertzaintza enpresa ingurura joan zenean, langile batek adierazpen batzuetan zipaio deitu zien EAEko polizia autonomikoei; "muturrekoak emanez eraso egin baitigute", esan zuten.

Ertzaintzak atestatu bat egin zuen, baina auzitegiak joan den maiatzean atzera bota zuen. Espainiako Fiskaltzak helegite bat jarri zuen, baina hori ere ez du aintzat hartu epaitegiak.

Zer esan nahi du 'zipaio' hitzak?

(Jose Mari Pastor, BERRIA, 2012-07-21)

"Zer esan nahi du zipaio hitzak, baina? Hitz batek askotariko esanahiak izan ditzake. Hiztegiak ematen dion definizioaz gain, termino horrek baditu beste konnotazio batzuk, hizkuntza formalean onetsi ez arren herri hizkeran txertatuak direnak. Zipaio hitza da haietako bat. Haren esanahia ulertzeko, menpekotasun linguistikoan gaude euskaldunok. Hitzaren definizio osatuena espainolezko hiztegi batek ematen digu, ez euskarazkoak. Errege Akademia Espainiarraren hiztegiak hauxe dio: 'Cipayo: (Quizá del port. sipay, y este del persa sepahi, soldado).1. m. Soldado indio de los siglos XVIII y XIX al servicio de Francia, Portugal y Gran Bretaña. 2. m. despect. Secuaz a sueldo'. Lehen esanahian, kanpoko botereen zerbitzuan dagoen soldadua dugu zipaioa. Bigarrenean, soldatapeko jarraitzailea. Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiaren on line edizioan begiratu, eta zipaio hitzaren arrastorik ez".

Jose Mari Pastorren 'Zipaio bat Ajuria Enean' artikulua osorik

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna