arrantza

Donostiako Arrantzale Kofradia itxi egingo dute urte bukaeran

Gastuei ezin diete eutsi. Aurreko Jaurlaritzak hitzez bost milioi euroko laguntza agindu zien, baina kofradiakoek salatu dute ez dutela ezer jaso.

Maite Alustiza.
2012ko abenduaren 26a
14:24
Entzun

Donostiako Arrantzale Kofradia itxi egingo dute hilaren 31n, ezin diotelako azpiegituren gastuari eutsi. Itxiera behin-behinekoa izatea espero dute. Aurreko Jaurlaritzak hitzez bost milioi euroko laguntza agindu zien, baina kofradiakoek salatu dute ez dutela ezer jaso. "Oso haserre gaude, ez dute hitza bete eta engainatuta sentitzen gara”, esan du Iñaki Arbide Donostiako Kofradiako kideak aurreko Jaurlaritzaz.

Kofradiak proposatutako proiektuak bi asmo zituen: azpiegiturak ontzi kopuruaren arabera egokitzea eta sektorearen dibertsifikazioa lantzea. Gaur egun zortzi ontzi ditu, 50 lagun inguru lanean.

Jaurlaritza berriari urgentziazko bilera eskatu diote, irtenbideren bat lortzeko. Bitartean, Donostiako portuan egongo dira itsasontziak, baina arrantzatutakoa saltzera beste norabaitera joan beharko dute.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ohartarazi du arlo ekonomikotik haratago lehen sektoreak nortasuna ematen diola herriari. "Harribitxi bat galduko dugu”. Portuen eskumena Jaurlaritzarena den arren, Donostiako Udala bitartekari lana egiten ari da, eta prest agertu da negoziatzeko mahai batean esertzeko.

Orain bi urteko asmoa

Oraintxe dela bi urte, Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioak eta Donostiako Arrantzaleen Kofradiak portua optimizatu eta, arrantza eta aisia elkarren ondoan eroso egoteko asmoz, portua berrantolatzeko akordioaren berri eman zuten. Egungo espazioa berritu eta eraikin historiko batzuk berreskuratzea erabaki zuten, hala nola arrantzaleen kofradia.

Akordioan zehaztu zuten arrantzaleen biltegia Jaurlaritzari lagako ziotela, birmoldatu, egokitu eta hobetu dezan. Halaber, arraina saltzeko lonja birmoldatzea erabaki zuten, arraina saltzeko eta arrantzaren inguruko zerbitzuak ez ezik, turismo zerbitzuak eskaintzeko eta, hartara, "hiriari balio erantsia emateko".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.