euskal presoAK. bilboko manifestazioa

Beste espetxe politika bat exijitu dute manifestazio erraldoi batean

Manifestazioko mapa interaktiboa (klikatu puntu bakoitzean bideoak ikusteko):

Ikusi mapa tamaina handiagoan

Dozenaka mila lagun bildu dira euskal presoen eskubideen aldeko martxan Bilbon, Herrira mugimenduak antolatuta. "Bakea eta konponbidea eraikitzeko prozesuari egokituz, trantsiziozko justizia bat ahalbidetu" beharko lukete Frantziak eta Espainiak. Datuak: BERRIAk ibilbidean zehar egindako bideoak bildu ditu mapa interaktibo batean. 1,9 kilometroko luzera hartu du martxak, eta guztira 34.980 metro koadroko eremua.

Berria -

2013ko urtarrilak 12

Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean manifestazio erraldoi bat egin dute Bilbon, Herrira mugimenduak antolatuta. Mobilizazioa isila izateko deia egina zuten arren, hango parte hartzaile asko eta asko aritu dira Euskal presoak etxera! oihu egiten. Amnistia ere eskatu dute. 

Herrira-k, bukaeran egindako hitzaldian, eskerrak eman dizkie mobilizazioa babestu duten guztiei. "Herri honek irmo erakutsi du aurrera doala, bakea eta elkarbizitza eskuratzeko. Bakeak eta elkarbizitzak preso eta iheslari politikoen eskubideak errespetatzea eskatzen duelako. Ez gaude prest urraketa gehiago onartzeko".

Frantziako eta Espainiako gobernuei exijitu die sakabanaketa bukatzeko, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko, Parot doktrina indargabetzeko, zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak beteak dituztenak aske uzteko eta espetxe politika "errotik" aldatzeko. Hala, "bakea eta konponbidea eraikitzeko prozesuari egokituz, trantsiziozko justizia bat ahalbidetu" beharko lukete bi estatuek.

Aipatu gabe, EAJren zuzendaritzari mezua helarazi dio Herrira-k. "Preso dauden pertsonen bizitzak helburu partidistekin erabiltzeko aldiak bukatu egin behar du, eta bukatu egingo da". EAJk azken egunetan esan du gai horretan bere kabuz ari dela lanean, modu "diskretuan", eta ez zela Bilboko martxara joango.

Herrira-k adierazi du "denen artean Euskal Herrirako garai berri bat eraikitzen" ari direla, eta aro berriak "biktima guztiak" aintzat hartu behar dituela adierazi du. "Oinarri sendoak izango dituen bakea osatzeko aukera historikoa dugu eskuartean: biktima guztientzako justizia, aitorpena eta erreparazioa eskatzen duena, baita giza eskubide eta eskubide kolektibo guztien errespetua ere". Haren arabera, Aieteko Adierazpena da horren "erakusbide argia".

Presoen senideak gogoan izan dituzte. 

Ordezkariak

Hainbat izan dira manifestazioari atxikimendua eman eta bertara joateko deia egin duten alderdi, sindikatu eta gizarte eragileak. Han izan dira, besteak beste, Aurore Martin Batasuna ohiko kidea, Laura Mintegi EH Bilduren bozeramailea, Pernando Barrena eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Oskar Matute Alternatibako eleduna, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea, Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Javier Madrazo Ezker Batuko kidea, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Joan Tarda ERCko diputatua, David Fernandez CUPeko legebiltzarkidea... 

Martxa erraldoia izan dela eta, Beñat Gaztelumendik bere bertsoan esan du kartzeletako hormak horrela eroriko direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna