LITERATURA

'Gartxot' liburu interaktiboa jarri dute sarean salgai

Paperezko liburuan leku faltagatik baztertutako eduki asko eskaintzen ditu. Apple Storeren bidez eskura daiteke, 5,99 euroan.

Elordi eta Barrutabueña.
Elordi eta Barrutabueña. / I. Zabaleta/ARP

Juan Luis Zabala -

2013ko urtarrilak 17

Gartxot iPaderako liburu interaktiboa 5,99 euroan eskura daiteke dagoeneko, Apple Store denda birtualaren bidez. Edorta Barrutabeña gidoilariaren eta Asisko Urmeneta marrazkilariaren Gartxot, konkista aitzineko konkista liburuan oinarrituta dago (Elkar, 2011), baina bertsio interaktiboak paperezko liburuan espazio faltagatik kanpoan geratutako eduki ugari biltzen ditu. Liburuaz gozatzeko “beste era bat” eskaintzen du liburu interaktiboak, Juanjo Elordi Gartxot filmeko zuzendari eta Gartxot liburu interaktiboaren ekoizleak adierazi duenez.

Eusko Jaurlaritzaren laguntzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak IKTrako emandako laguntzak baliatu ditu Somuga ekoiztetxeak liburu interaktiboa ekoizteko, eta Elkar argitaletxeak argitaratu du. Edorta Barrutabeñak koordinatu ditu hura osatzeko egin beharreko lan guztiak.

Munduko edozein lekutan eskura daiteke Gartxot liburu interaktiboa, Apple Store denda birtualean egotea ere lortu baitute. “Ez da erraza horrelako lekuetan egotea, eta, zorionez, lortu dugu liburua hor kokatzea”, adierazi du Juanjo Elordik. “Aurrerago egon daiteke ingelesezko itzulpena ere, baina oraingoz euskaraz dago solik”.

Bestalde, bihar eta etzi Gartxot koblakaria gogoratuko dute Itzaltzun (Nafarroa) Gartxot taldeak antolatutako hainbat ekitaldirekin. Horietako lehena Itzaltzutik Elkorretarako ibilaldia izango da, bihar, 9:30ean abiatuta.