KATALUNIA

Kataluniako Legebiltzarrak burujabetzaren aldeko adierazpena onartu du

Testua CiUk, ERCk, ICV-EUiAk eta CUPeko "baiezko kritikoaren" —baiezko bat eta bi abstentzio— babesa jaso du. PSCko bost diputatuk ez dute botorik eman, eta PPkoek legebiltzarretik alde egin dute botoa eman ondoren. PSCk, PPk, eta Ciutadansek kontrako botoa eman dute: guztitra, 85 boto alde, 41 kontra eta bi abstentzio izan dira.

Berria.info -

2013ko urtarrilak 23

Gaurtik prozesua abian da Katalunian. Orain urrats konkretuen garaia izango da. CiUk, ERCk eta ICV-EEUiAk subiranotasunaren alde hitzartutako adierazpenak aurrera egin du Kataluniako legebiltzarrean: 85 boto alde, 41 kontra, eta bi abstentzio jaso ditu. Ciutadansek eta PPk ezezko botoa eman dute, iragarri bezala, eta CUPek "baiezko kritikoa" eman du, bi abstentziorekin eta baiezko batekin.

PSC alderdiak ere ezezkoaren alde egingo zuela jakina zen, baita bost diputatuk alderdiaren diziplina hauts zezaketela ere, eta halaxe izan da: Angel Ros Lleidako alkatea, Joan Ignasi Elena Avancen korronte kritikoko burua, Rocio Martinez-Sampere legebiltzarreko bozeramaile ohia, Marina Geli Osasun kontseilari ohia, eta Nuria Venture diputatuak ez dute bozketan parte hartu, ez datozelako bat alderdiaren zuzendaritzak hartutako erabakiarekin. PSCren baitan dagoen krisia are ageriago utzi du gaurkoak, eta ikusteko egongo da zer gertatuko den PSOEren aldekoen eta federalisten artean. Pere Navarro idazkari nagusiak bere aginduak bete ez dituztenekin zer egin pentsatu beharko du lehenik.

Testuak autodeterminazio prozesu baterako galdeketa hasteko borondatea jasotzen du, eta horretarako gehiengo zabala lortu du, 135 legebiltzarkideetatik 85en babesa eskuratu baitu, eztabaida saio sutsu baten ondoren. CiUk eta ERCk aurretik egindako testuaren antzekoa da, baina Katalunia estatu propioa bilakatzeko nahia ez da berrian ageri, testu kontsentsuagoa lortzearren. Horren ordez hau ageri da: "Kataluniako herriak, zilegitasun demokratikoa bide,sujetu politiko eta juridiko subiranoaren izaera du".

Kataluniako bandera, Donostiako udaletxean

Parlamentuek gehiengoz hartutako erabakiak "adierazpen demokratikoak" direla nabarmendu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, eta, beraz, abegi ona egiten diola bere gobernuak. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, zorionak eman dizkio "Kataluniako herriari". Donostiako udal ordekariek, berriz, iluntzean Kataluniako bandera bat zintzilikatu dute udaletxearen balkoietako batetik.