komuNIKABIDEAK

Euskalerria irratiari ez dio lizentziarik eman Nafarroako Gobernuak

Iruñerako Ser eta Cope Espainiako irratiei eman die jarduera baimena. Duela 25 urte sortu zuten Iruñerriko Euskalerria irratia, eta sekula ez du izan lizentzia.

Berria -

2013ko urtarrilak 29

Europako Batzordeak joan den urrian zioenez, Hizkuntza Gutxituen Ituna urratzen du Nafarroako Gobernuak, besteak beste Euskalerria irratiari lizentziarik ez emanda. Hala, Nafarroan euskarazko irrati bat bermatzeko eskatu zion Europak. Baina Nafarroako Gobernuak berriro muzin egin dio eskaera orori, eta ez dio lizentziarik eman Iruñerriko euskarazko Euskalerria irratiari, Edurne Elio gobernuko komunikazio arduradunak gaur jakinarazi duenez. 

Iruñerako Ser eta Cope Espainiako irratiei eman die jarduera Nafarroako Gobernuak.

Nafarroan 26 enpresa eta proiektu aurkeztu ziren lizentzia lehiaketara, eta haietatik hamazazpik eskuratu dituzte. Hamabik ez zuten lizentziarik lehen herrialdean.

Lehiaketa "itu" bat izan dela esan du Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Bi arrazoi eman ditu: hamalau urte pasatu direla FMko lizentzia lehiaketarik egin gabe Nafarroan; bestalde, bikoiztu egin direla lizentzia kopuruak. Orain arte hogei irratik zituzten baimenak Nafarroan; 44 lizentzia atera ditu lehiaketara gobernuak, eta Auritzen eskaintzen zituen lauretatik bi gelditu dira eman gabe. 42 lizentzia banatu ditu, beraz.

Proiektu berri batzuek —Abian komunikazioak eta Zeroa Multimediak, esaterako— baimenak eskuratu dituzte Nafarroa iparraldean.

Lizentziak banatzeko, epaimahai bat osatu zuen gobernuak, eta bederatzi hilabetez lan egin du. Prozesu konplexua izan dela baina lan "zorrotza, xehea eta gardena" egin duela zehaztu du Elio komunikazio zuzendariak.

Lehiaketaren helburua "aniztasuna" bermatzea zela erantsi du Sanchez de Muniainek, eta helburua bete dela uste duela. Lizentziarik gabe gelditu diren irratiek orain arteko egoera berarekin jarraituko dutela zehaztu du Sanchez de Muniainek.

Hurrena lizentzia gehiago emateko aukera?

Espainiako Gobernuak zehazten du lurralde bakoitzak zenbat irrati lizentzia bana ditzakeen. Nafarroako Gobernuko ordezkariek azaldu dute 2009ko otsailean gutun bat bidali ziotela Madrilgo gobernuari, lizentzia gehiago banatzeko aukera eskatuz. Izan ere, bi lizentzia baino ez dituzte banatu oraingo aldi honetan Iruñean, beste herri txikiagoetarako lau lizentzia ere eskaintzen ari bazen ere. Madrilek emandako erantzunaren berri eman du Sanchez de Muniainek: orain lehiaketara ateratako lizentziak banatu arte, ez dela berririk izango; baina lizentzia hauek esleitu eta eskaera handiagoa dela ikusten bada, orduan lizentzia gehiago banatzeko baimenak eskatzeko.

Nafarroako Gobernuko ordezkariek ez dute baztertu, beraz, etorkizunean lizentzia gehiago emateko aukera; ez dute horretarako eperik jarri, ordea.

Europako estatu kideek Hizkuntza Gutxituen Itunaren konpromisoak betetzen dituzten aztertzen du Europako Batzordeak aldian-aldian. Espainiako Gobernuak 1992an sinatu eta 2001ean berretsi zuen itun hori. 

25 urtean lanean Euskalerria irratia

Euskalerria Irratiak 25 urte bete berri ditu, eta sekula ez du izan lizentziarik. Epaileek foru gobernuaren jokaera salatu izan dute, baina auzibidea ez da amaitu oraindik.

"Iruñerriko beste edozein irratik baino tokiko programazio gehiago eskaintzen dugu: astean, 40 ordu baino gehiago", dio irratiak. CIESen arabera, zortzi mila entzule ditu egunero. "Bazkideek, kolaboratzaileek, iragarleek, entzuleek emititzeko zilegitasuna ematen digute, Nafarroako Gobernuak behin eta berriz ukatu digun arren".

Bazkide kanpainarekin segitzen du hedabideak. Ia mila dauzka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna