Dante Edme-Sanjurjo (Euskoaren sortzaileetarikoa): "Tokiko dirua erabiliz, lurraldearen alde ari gara" (2012-02-26)

Jenofa Berhokoirigoin.
2013ko urtarrilaren 31
12:53
Entzun

Gaur egun den finantza, ekonomia, gizarte zein ekologia krisiari begira, "erantzun bat izan daiteke" diru osagarria, Dante Edme-Sanjurjoren ustez (Baiona, 1973).

Zer dela-eta hasi zineten euskal diruaren sortzeaz gogoetan?

Lokalki osagarriak diren diruez hitz egiten entzuna zuten herritar eta militante batzuek eraman gogoetetan agertu zen nahia. 2011ko ekainean elkartu ginen lehen aldiz hamabost bat lagun eta horietarik zortzi-bederatzi gara erregularki biltzen. Ambes euskal diru ekologiko eta solidario baten sortzeko elkartea osatu dugu, eta hori dabil gaia lantzen eta sakontzen. Irailean, ekologiaren, euskararen, gizartearen zein tokiko garapenaren alde ari diren elkarteekin bildu ginen. Hogei bat ziren, eta denek interesa erakutsi ziguten, aitzinamenduaz jakinean atxikitzea galdatuz.

Euskalduna, ekologikoa eta solidarioa. Horrela definitzen duzue diru hori.

Dirua lurralde batean trukeak ahalbidetzeko tresna ekonomikoa izanki, Euskal Herriko dirua sortuz Euskal Herri mailako trukeak ahalbidetzen ditugu, zirkuitu labur eta tokiko trukeen bidez. Beraz, tokiko garapena dakar, eta ekologikoa ere bada, garraio distantzia handirik ez izanki berotegi efektua dakarren gas isurketa gutxiago delako. Tokiko enplegua sustatzen duenez, sozialki ere eragina dauka. Ikuspuntu horrekin dira tokiko diru gehienak sortzen, eta guk laugarren zutabe bat gehitu dugu: euskararen garapena. Ohartzen gara anitz jendek dutela euskara ikasten, baina gune publikoetan gutxi entzuten dela. Diru hori euskararen baliatzea sustatzeko tresna izanen da. Bai Euskarari desmarxaren osagai da, haiek lan sakon bat eramaten dute saltzaileekin; gu saiatuko gara ere euskara agerrarazten. Izan daiteke hemen euskara badakigu itsastekoa, edo hemen euskara erabiltzen hasten gara. Komunikazioan izan daiteken traba hori kendu nahi dugu.

Zein lurraldetan kokatuko da dirua?

2013ko urtarrilaren 1ean abiatuko da Ipar Euskal Herrian. Epe luzeagoan, Hego Euskal Herrira hedatu nahi genuke. Beti hiru dimentsioen errespetua kontuan hartuz.

Nola funtzionatuko du?

Enpresengana, ekoizleengana eta saltzaileengana joanen gara sarera sartzea proposatuz. Sarean izateko ekonomia solidario, ekologiko eta euskalduna garatzeko konpromisoa hartu beharko dute. Ez du ibilera autoritarioa ukanen; kolaboratzailea izanen da: haiek dute erranen zer egiten duten eta zer egin dezaketen. Erabiltzaileak elkarteko kide izan beharko du.

Egunerokoan nola eginen dira trukeak?

Nahiz konplikatua iduri, erabilera sinplea da. Adibidez, truke gune batean ehun euro emanen ditut txanponako ehun unitateren truke. Ehun euroak banku bateko berme funtsean emanen ditugu, ezingo ditugu hunki. Funts horrek dirua berriz eurotara pasatzeko aukera ematen digu, horretara Frantziako Bankuak gaitu behartzen. Erabiltzaileak katalogo bat izango du ikusteko nork onartzen duen dirua, eta, horietara joanez, edo tokiko diruarekin edo euroarekin edo biekin ordaintzen ahalko du. Saltzailearentzat, euroa bezala funtzionatuko du: zergetan aitortu egin beharko du, baita bere kontabilitatean ere.

Ez bada laster erabilia, bere balioa galduko du diruak.

Tokiko dirua hartuko dutenek ezingo dute berriz eurotara bihurtu. Haatik, enpresek, dendariek sobera baldin badituzte aldatzen ahalko dituzte, %5eko zerga batekin. Hiru hilabete guztiz txartel bakoitzak balioaren %2 galduko du. Hamar unitateko txartela baldin badut, urtarrilaren 1tik martxoaren 31ra hamar euro balioko du; apirilaren 1ean, berriz, zigilu bat ezarriko diot hogei zentimokoa, beti hamar unitateko balioa ukaiteko. Interes negatiboa da hori, esplikatzeko trukeak egiteko tresna ekonomiko bat dela dirua; dirua ez da atxikia izateko egina.

Ez ote da kontsumora bultzatzea hori?

Bankuan euroak ezarriz aberasten naiz, baita bankua ere; baina dirua lo dago. Haatik, erabiliz tokiko ekonomia bultzatzen dut. Jendeak diru zama bat du kontsumitzeko, nahi ala ez. Euroa baino tokiko dirua erabiltzea nahi dugu, horrela lurraldearen alde ari garelako. %2 oso gutxi da, baina psikologikoki erraten da dirua erabiltzeko hainbat molde daudela. Dirua ez da dogma bat, dirua egiteko manerak ekonomia egiten du, eta guk erakutsi nahi dugu dirua eta, beraz, ekonomia egiteko beste molde batzuk daudela.

Ekonomia mundializatu batean tokiko diruek lekurik badutela uste duzu?

Bai, ekonomia mundializatuan dute bereziki tokia. Diru osagarriak beti izan dira, Europan Erdi Aroaren erdian bakarrik ziren desagertu. Ordura arte lurraldeen artean urrezko dirua erabilia zen, konfiantza metalaren balioan oinarritzen zelako. Baina lurraldearen baitan ez zen urrezko dirua, metal eskuragarriagoak ziren, eta, lurralde mugatu batean izanki, konfiantzan oinarritzen zen. Beti izan dira. Gaur egungo sistema da ez normala, bakarra, zentralizatua eta demokratikoki kontrolatua ez den dirua da berria historian.

Euroa ordezkatzea duzue helburu?

Ez, inola ez; euroa hor da bere funtzioarekin, gu hor gara gurearekin. Jendeak nahi badu bere diru guztia tokiko diruaz ordezkatu, ez diogu ezetz erranen. Baina, merkataritza gune handietan, adibidez, ezingo da egon, horiek ez ditugulako onartuko hornitzaileetan. Dena dela, politikoki ez gara euroa ordezkatzeko ahaletan, ez da gure erabakia.

Krisi garaietan agertzen dira maiz diru osagarriak. Gaur egungo krisiari begira erantzun bat izan daiteke?

Erantzunaren zati bat da, finantza mundua ekonomikoari lotua delako. Tokiko ekonomia azkartuz, erantzun sozial bat ere ematen diogu. Gaur egun krisi soziala dugu, baina baita ekologikoa ere. Diru horrek, krisi horri begira, konponbide batzuk ematen ditu. Gero, Argentinan 2000. urte inguruko krisi garaian egin zuten gisara, trukean aritzeko dirua sortuz azkenean diruaren funtsezko zentsua argira ekartzen dute: dirua trukaketentzat egina da, normalki horretarako da bakarrik. Krisi garaian trukaketak gero eta zailagoak dira; gure tresnak, aldiz, horiek ahalbidetuko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.