benedikto XVI-ren agurra

Aita santuak uko egin dio karguari

ANSA agentziak zabaldu duenez, hilaren 28an utziko ditu bere zereginak, arratsaldeko zortzietan. Hor hasiko dute beste aita santu bat izendatzeko prozesua, eta ondo bidean martxoan amaituko da: 266. aita santua aukeratuko dute. Adinean aurrera doala eta nahikoa indarrik ez duela argudiatu du kargua uzteko, eta erabakia Elizaren onerako izango dela gaineratu du. 85 urte ditu, eta ia zortzi urte egin ditu Erromako Eliza katolikoaren buru. Monastegi batean hartuko du erretiroa. Azken hilabeteetan bere etxezainak filtratutako agiriek nahastu egin dute Benedikto XVI.aren agintaldia.

Benedikto XVI.a.
Benedikto XVI.a.

Berria -

2013ko otsailak 11

Benedikto XVI.ak (Alemania, 1927) dimisioa emango du hilaren 28an, ANSA Italiako berri agentziak jakinarazi duenez. Vatikanoko bozeramaile Federico Lombardik France Pressi baieztatu dio albistea, eta hark eman du dataren eta orduaren berri: 20:00etan emango du dimisioa. Egun horretan utziko ditu bere zereginak. Lombardik berak esan duenez, Vatikanoko arduradunak ere ezustean harrapatu ditu erabakiak.

2005eko apirilaren 19an aukeratu zuten aita santu Joseph Ratzinger, Joan Paulo II.a ordezkatuz. Laugarren bozketan lortu zuen babes nahikoa. 85 urte ditu orain, eta ia zortzi urte egin ditu karguan. Erabakia hartu ostean, Castel Gandolfoko egoitzara joango da aita santua, eta ondoren, Lombardik gaineratu duenez, monastegi batean hartuko du erretiroa.

"Elizaren onerako"

Adinean aurrera doala eta bere zereginei erantzuteko nahikoa indarrik ez duela ziurtatu du Benedikto XVIak, eta gaineratu du Elizarentzat onerako izango dela erabakia. "Nire kontzientzia jainkoaren aitzinean aztertu ondoren, anitzetan, ondorio honetara heldu naiz: nire adin aitzinatuarengatik, nire indarrak, ez dira nahikoak Jon Doni Petriren ministerioa behar den bezala betetzeko", esan dio Vatikanoko irrati bati.

Georg Ratzingerrrek, Benedikto XVI.aren anaiak, berretsi du osasun arazoengatik utziko duela kargua. Orain hilaren 28tik aurrera abiatuko dute aita santu berri bat hautatzeko prozesua, 266.a izango da hautatzen dutena. Egoera berria irekitzen du Benedikto XVI.ren dimisioak Vatikanon, aita santu bat hiltzean hautatzen baitzuten beste bat. Aurretik beste aita santu batzuk ere eman dute dimisioa, baina orain dela ia 600 urte gertatu zen hori azken aldiz.

Benedikto 2005eko apirilaren 19an hautatu zuten, eta orduan jada zenbaitzuek bazioten zaharra zela Elizaren ardura hartzeko. Gainera, horregatik hautatu zutela zioenik ere bazen, urte gutxira beste bat hautatu ahal izateko. Berarekin Elizaren jarrera hainbat gaitan gogortu egingo zela ere iragarri zuten, adibidez, abortoari, homosexualen eskubideei, eutanasiari eta antisorgailuei dagokionez.

"Otsoz inguratutako artzaina"

Azken hilabeteetan, ordea, Vatikano barruko kontuak izan dira Benedikto XVI.aren buruhauste nagusi. "Otsoz inguratutako artzaina da", esan du aita santuari erreferentzia eginez L'osservatore Romano Vatikanoko kazetak. Zenbait agiriren filtrazioak agerian utzi du barne borrokak daudela Vatikanoan boterea eskuratzeko: ustelkeria salaketa bat eta aita santua hiltzeko konplot bat azaleratu dira.

Vatileaks izenarekin egin zen ezagun filtrazioen auzia. Paolo Gabriele etxezaina urte eta erdira zigortu zuten espetxera agiriak filtratzeagatik. Milaka agiri lapurtu zituen Gabrielek. Pasa den abenduan, ordea, Gabrieleri barkatu eta aske utzi zuen aita santuak. Hainbat hedabidek diote guztiaren atzean Italiako gotzainak daudela, Italian jaiotako aita santu bat aukeratzeko unea dela iritzita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna