PSN: makila eta azenarioa

2013ko otsailaren 11
15:38
Entzun

Iazko ekainean Nafarroako Gobernua hautsi zenetik, UPNrekin bat egin du PSNk hainbat bozketatan; beste gai batzuetan, ordea, oposizioko taldeen botoei gehitu dizkio bereak, exekutiboari aurre egiteko.

Euskararen inguruko eztabaidak dira jarrera horren isla. Euskararen Legea bere horretan uztearen alde eta eremu mistoa zabaltzearen aurka egin zuten UPNk eta PPNk aurtengo urtarrilaren 24an, eta PSNren abstentzioak ahalbidetu zuen eremu mistoa dagoen bezala uztea. Hiru egun lehenago, ordea, justizia administrazioan euskal hiztunen eskubideak zaintzeko eskatu zion parlamentuak Nafarroako Gobernuari, NaBaik, Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Ezkerrak horren alde eginda.

Alor ekonomikoan ere hauspoa eman dio PSNk gobernuari zenbaitetan, eta estutu egin du beste batzuetan. Iazko abenduaren 20ko osoko bilkuran, Errenta zergaren eta sozietate zergaren aldaketa UPNrekin eta PPrekin hitzartu zituen, eta ondare zerga, beste talde guztiekin.

Ikurren Legeari eta CAN auziari erreparatuta, apenas nabaritu den PSNren eta UPNren arteko haustura. Iazko abenduaren 10ean, UPN, PP eta PSNk adostu zuten 2003. urteko Sinboloen Legea edo 2010. urteko Biktimen Legea betetzen ez duten hautetsiak zigortu ahal izatea. Horren arabera, Ikurrinaren edo presoen alde egitea zigor dezakete Nafarroan. Gainera, CAN auzia ikertzeko taldea eratzeari uko egin zion PSNk.

Espainiako Gobernuak ezarritako neurrietan, berriz, bananduta agertu dira UPN eta PSN. Iazko urriaren 11n, botikak berrordaintzearen kontra azaldu zen parlamentua; Bildu, NaBai eta Ezkerrarekin bat egin zuen PSNk, eta PPN eta UPNk egin zuten berrordainketaren alde. Beste horrenbeste gertatu zen abenduaren 10ean: gabonetako aparteko lansariari “osagarri berezi” gisa eustea hobetsi zuen PSNk; ez, ordea, UPNk.

Ordagoa, ordea, herrialdeko aurrekontuetan bota zion PSNk UPNren gobernuari. Azaroaren 22an, parlamentuak atzera bota zuen 2013rako aurrekontu proiektua, sozialistek aurkako botoa emanda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.