testigantzak

"Lehen 'Egunero'-ren pauta"

'Egunkaria'-ko kazetari ohiek itxierak ekarri dizkien zenbait oroitzapen bildu dituzte azken egunetan. Horien bilduma da hau.

'Egunero'-ren lehen pauta orria.
'Egunero'-ren lehen pauta orria.

Berria -

2013ko otsailak 20

Enekoitz Esnaola ('Egunkaria'-ko kazetari ohia): "Lehen 'Egunero'-ren pauta"

Egunkaria-ren ordezko eta halabeharrezko 1. Egunero-ren pauta orria da argazkikoa, 2003ko otsailaren 20koa, 21eko periodikora begira egindakoa —handiago ikusteko, hemen—. Gauean, Egunero inprimategira bidali ostean, beste zeregin batera joan aurretik gorde egin nuen.

Aurretik, otsailaren 20ko goiz partean, Egunkaria itxita zela, batzuk Andoaindik Tolosara joan ginen, hurrengo egunerako ere egunkaria ateratzeko, eta pauta honetan zehaztu genuen mamia: 16 orrialde, bakoitzean zer, entrega ordua, publizitatea... Erredakzioan kazetaren egitura marrazteko eta zehazteko erabiltzen den tresna da pauta.

Hemen doa plazara 2003ko otsailaren 20ko pauta, 'ezkutalekutik' aterata (pauta hura egin aurreko zirriborroa, hemen).

1. Egunero bukatzen ari ginela —hemen erredakzioko orduko irudi bat—, ia ederra egin genuen! Iritsi zen, presioak presio eta nerbioak nerbio, 1. Egunero hura inprimategira bidaltzeko ordua, eta erredakzioan itxiera lanetan ginen lagunok txiripaz ohartu ginen mantxetan ez zegoela preziorik jarrita. Kontua da Egunero-k Tolosaldean Egunero-ren maketak erabili zituela Egunkaria-ren itxieraren ondoren, baina Tolosaldeko egunkariak ez zeukan preziorik, ez zelako egunero saltzen —bestelako banaketa zeukan, orain Hitza-k duen bezalakoa—. Azken-azkeneko unean jarri genion 1. Egunero-ri 0,80 euroko prezioa —hemen irudia—. 2003ko otsailaren 21eko tirada 50.000 alekoa izan zen, errekorra; imajinatu kiosko denetan-eta zer saltsa sortuko zen ez bagenio prezioa jarri.

 

Arantxa Iraola ('Egunkaria'-ko kazetari ohia): "Beste bat izan nahi"

Ez naiz inoiz erretzailea izan. Lagunarteko abaroan, piztu ditut beti zigarro bakanak, txatxukeriatan. Orain urtebete, ordea, Madrilen, Auzitegi Nazionalera joateko hartu genuen autobusaren atarian, zigarro bati zupaka oroitzen dut nire burua... Amagoia Mujika lankideak eskuetara piztutako zigarroa eman, eta hari tira egiteko desioa besterik ez nuen sentitu; beste norbait izan nahi nuen, amesgaizto hartan.

Otsailaren 20ko goizean Axun Erzibengoa lankidearen telefono deia oroitzen dut. Tripa handia zuen ordurako, Intza txikia barruan. Ea autoan elkarrekin hurbilduko ginen, ez lukeela bakarrik autoa hartu nahi. Berehala jarri ginen bidean. Opel Corsa berde-urdina hartu eta korapilo bat barruan genuela iritsi ginen Martin Ugaldera. Lauso artean oroitzen ditut han ikusitako gehienak. Oso arraroa eta mingarria zen dena. Araztasunez oroitzen ditut, hori bai, asotzen hasi nintzen hainbat telefono dei; zer eta nola esan zidan bakoitzak. Elkartasun deiak ziren, eta haiei atxikita lortu nuen, segur aski, eguna amaitzeko adinako indarra. Argi oroitzen dut, halaber, eguerdi partean taberna bateko telebistan ikusi genituela albisteak; Angel Acebesen irudia ez zaigu oroimena dugun artean ahaztuko: polizi operazio hura euskal kulturaren aldekoa zela esan zuen, harro. Lankide artean partekatutako amorru hitzak oroitzen ditut, eta ezinegona.

Madrilerako bidaian dorpe oroitzen dut nire burua. Amesgaizto bat zen hura; albiste txarrak txarragoekin katigatzen ziren, eta atxilotuen senideei zer esan niezaikeen irudikatzen hutsak korapilotu egiten zuen nire gogoa. Beste bat izan nahi nuen.

Berehala bildu genuen, berriz, gu izaten hasteko gogoa; Errenterian herri batzordea eratzen hasteko bilerak oroitzen ditut (mila esker denei!!!!) eta Egunero-n lanean hasi bezain pronto, bertako kazetaria nintzela esaten nuen bakoitzean, berriro izatearen harrotasuna berreskuratu nuela oroitzen dut.

 

Ivan Santamaria ('Egunkaria'-ko kazetari ohia): "Ostegunak eguzkitan"

Eta orain zer? Astelehen eguerdia zen, otsailak 24. Lau egun eta erdi Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi zutenetik. Ordura arte arrapaladan bizi izandakoaz apur bat pentsatzeko lehen geldiunea zen, neure buruarekin patxadaz aritzeko lehen momentua. Hautsita zegoen ohitura: ezin zigilatutako bulegora jo, ezin idatzi. Noraezean. Etxeko sofan galduta.

Gutxi iraun zuen gogoetak. Erosi berria nuen sakeleko telefonoak jo zuen. Luis Karlos Garcia Txarli zen, garaiko ordezkaritzako burua. Gasteizko lan taldea —zazpi lagun— bildu eta zer egingo genuen eztabaidatzeko bilera bat. Martin Ugalde parketik eta Andoaingo egoitza nagusitik urrun, erantzun propioa egin behar zeneko uste sendoa errotua zegoen gure artean ordurako. Horri forma ematea falta zitzaigun.

Hilabete batzuk lehenago Astelehenak eguzkitan pelikulak sekulako arrakasta izan zuen. Fernando Leon de Aranoak langabe batzuen desesperazioa maisutasunez kontatu zuen horretan. Euren ezinegona, baina baita euren harrotasuna ere. Antzeko sentipena genuen guk une ilun haietan. Etsita, bai, baina bidegabekeriari aurre egiteko grina guztiarekin, Egunkaria zenaz harro.

Txarliri bururatu zitzaion ideia. Ostegunero bilkura egingo genuen Andra Mari Zuriaren plazan, Egunkariaren itxiera salatzeko. Elkarretaratze huts bat baino gehiago izango zen. Gizartetik zetorren eskuzabaltasuna eta elkartasuna bideratzeko tresna ere izan behar zuen. Izenburu orokorra ere oso garbi genuen: Ostegunak eguzkitan.

Handik pasatu ziren beste hedabideetako langileak, kulturgintzako lagunak, euskaltegietako ikasle eta irakasleak aulkiak eta guzti, eta abar luze bat. Salaketak ozen entzun ziren Gasteizko erdigunean. Torturaren aurkako deiadar umila, edo Jose Maria Aznar epaitu eta Texasera herbesteratu zuen gizarte mugimenduetako kideez osatutako herri epaitegia.

Protestaren bidez 'Egunkaria'-ren itxierak Araban sortu zuen haserreari —eta geure amorruari— bide bat irekitzea lortu genuen. Laster protestari proiektu berria abian jartzeko kitzikadura gehitu zitzaion. Pankarta esku batean eta akzioak bestean. Sostengua diru bihurtu zen, eta dirua egunkari. Arrapaladan joan zitzaizkidan beste lau hilabete. Oroitzen dut ekainaren 21ean Berriaren lehen alea eskuratu izana Judimendi auzoko kiosko batean, Sanjuanak ospatzen ari zirela. Nik idatzitako lehen testua 21. orriadean zetorren. Kazeta berria ireki bezain pronto ulertu nuen. “Eta orain zer?” galderak bazuen erantzuna.

 

Urtzi Urkizu ('Egunkaria'-ko kazetari ohia): " 'Bihar argituko du egunak' ".

Bezperan, otsailaren 19an, Donostiako Trueba aretoetan izan nintzen Alexander Payne zinemagilearen About Schmidt filma ikusten. Amonaren etxera joan eta bertan gelditu nintzen lotan. Hurrengo egunerako aipatutako zintaren kritika nondik nora idatzi buruan nuela. Otsailaren 20an idatzi behar nuen kritika hura inoiz argitaratu gabe gelditu zen.

Otsailaren 19a lasai bizi eta hurrengo goizean, beldurrezko film baten erdian topatu nuen neure burua. Amonak esnatu zidan, esanez Egunkaria-n Guardia Zibila zegoela. Nola? Lezoko izebak ere deitu zuen telefonoz. Bizkor dutxatu, gosaldu, jantzi eta trena hartzera joan nintzen korrika. Bidean Begoña del Teso ikusi nuen, Egunkaria-ko kolaboratzailea izandakoa. Trenean nindoala lagun batek deitu zidan, zer moduz nintzen galdezka. Normalean labur egiten zitzaizkidan tren bidaiko 20 minutu haiek luze egin ziren egun hartan. Martin Ugalde parkera iritsi eta han topatu nituen lankideak. Guardia Zibilak Iñaki Uria eraman zuen handik, eta langileon garrasiak heldu ziren. Bitartean, langileez gain, beste hainbat pertsona gerturatu ziren egun hartan Martin Ugaldera. Ezinegona eta harridura. Telefono dei ugari. Egunkaria-ko atean jarri zuten giltzarrapoa ikustera gerturatu ginen. “Ze txapuza, ze desastrea”, hitzak entzun nizkion Juan Luis Zabala lankideari. Xabier Lekuona zuzendariordearen inguruan bildu ziren lankideak, ea zer asmo zegoen entzuteko. Handik gutxira, lankide batzuk Egunero-ren aurreneko zenbakia idaztera joan ziren; 70.000 ale saldu ziren hurrengo egunean. Arkaitz Goikoetxea bertsolari eta lankide izandakoarekin beste solas tarte bat izan nuen gero, pankartaren atzean geundela. Gertatutakoa ezin sinetsi genbilen.

Arratsaldean komunikabideen aurreko langileen agerraldia izan genuen ate itxiaren aurrean. Eta ondoren Donostiara joan ginen batzuk, Artzain Onera, salaketa elkarretaratze batera. Donostiako hiru lagun gerturatu ziren eta haien berotasuna jaso nuen. Berotasun hori hainbat lagun eta ezagunen partetik jaso nuen hurrengo egunetan Lezon, Errenterian, Andoainen eta Euskal Herriko beste txoko askotan. Egunkaria-ren itxiera jendearen bihotza ukitu baitzuen. Horren erakusgarri handik hiru egunetara Donostian egin zen manifestazio erraldoi eta hunkigarria.

Otsailaren 20ko egun hura nekatuta eta hoztuta amaitu nuen. Lezon bizi nintzen orduan. Eta Lezotik Xabier Alegria eta Luis Goia eramanak zituen Guardia Zibilak. Gertukoa nuen Goia, aitak gaztetandik ezagutzen zuen. Eta nik bere seme Arkaitz txikitatik ere bai. Ez dut inoiz ahaztuko Martxelo Otamendi eta Luis Goia askatu zituztenean, handik bost egunera, goizeko 03:00ak aldera Martin Ugalde parkera iritsi zireneko unea. Jon Mayak eta Ane Sarasketak egin zieten dantza agurra. Eta ondorengo Martxeloren esker hitzak langileoi. Hunkigarri hitza oso motz gelditzen da.

Oroitzen dut hurrengo egunetan dutxan egiten nuela negar. Donostiako manifestazioak eman zigula indarra lanean jarraitzeko. Baita herri batzordeetan zegoen energiak. Eta Euskal Herrian eman zen erantzuna sekulakoa izan zela. Herritarrei esker sortu zela Egunkaria. Eta herritarrei esker sortu zela Berria. Haiei esker egingo dugula aurrera. Eta denon artean lortuko dugula euskaraz bizitzea.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet 2003an Egunkaria aurrera! leloarekin egin zuten guztiei. Baita "bihar zuentzat argituko du egunak" sms-a bidali zidan pertsonari ere.

 

 

Mikel Lizarralde ('Egunkaria'-ko kazeari ohia): "Tenerifeko eguzkiak ez du horrenbesteko berorik ematen"

2003ko otsailaren 20ko gaua Tenerifen igaro behar genuen Edurnek eta biok. 20koa eta ondorengo zazpi egunetako gauak. Euskal Herriko negutik ihesi epelean pasatu behar genuen astebete. Lanak ahaztuta. Atseden hartzen. Baina ez. Otsailaren 20ko gauean etxean egin nuen lo-edo. Etxetik eraman zituzten lagun, lankide eta artean ezagutzen ez genituen beste batzuk gau hura nola pasatzen ariko ote ziren pentsatzen. Dardara gorputzean.

Amesgaiztoa goizeko seiak baino minutu batzuk lehenago hasi zen, etxeko telefonoa jotzen hasi zenean. Albiste onek egunak argitu arte itxaroten dute. Txarrek presa dute etxean sartzeko. Eta Paul adiskideak  fabrikara joan baino lehen irratian entzundako hura txarra zen. Guardia Zibila Martin Ugalde parkean, Egunkaria miatzen eta hainbat  lagun atxilotuak. Tartean Martxelo eta Iñaki orduan ere lankide nituenak. 

Ez naiz gogoratzen zenbat laguni eman  nien berri txarra. Hiruzpalauri bai behintzat. Artean ez nekien zortzi bat urtez nire lantoki izandako hura betirako itxiko zutela, baina Andoainera gerturatu eta lagun eta lankideen aurpegiak ikusi nituenean zalantzarik ez nuen izan. Berdez jantzita izua eragiten ziguten haiek ez zeuden abegi oneko bisitan. Eta Martxelo-eta handik atera eta furgoian eraman zituztenean korapilo bat egin zitzaidan barrenean. Dardara eta beldurra.

Eta Tenerifera joango ez nintzen konbentzimendua. Orain bitxia eta harrigarria egiten zait, baina goiz hartan, artean oso ziur ez nekien zer egingo genuen... Baina goiz erdirako banekien ezetz. Hondartzak eta eguraldi onak itxaron beharko zutela, eta berotasuna beste nolabait jasoko nuela.

Ez dakit noiz eta non egin nuen aurrenekoz negar. Gogoratzen dut, baina, malkotan amaitu nuen uneetako bat. Egunkaria itxi eta bi egunetara manifestazioa egin zen Donostian eta lankideak Egunkaria aurrera zioten elastikoekin gindoazen. Elkarrekin. Mina eta guri babesa erakusteko hara agertu ziren milaka lagunei eskerrak emanez. Abiatu ginen eta Antiguako tunelean sartu ginenean mundu bat azaldu zitzaigun, txaloka, oihuka, justizia eske... jendea espaloian, negarrez asko, eta haien artean Arantza, garai batean AEKn lankide izan nuena eta Iñaki Uriarte Egunkaria-ko Bilboko lankidearen neskalaguna. Ordurako Iñaki oso gaixo zegoen, eta Arantza malkotan ikusita, harengana hurbildu nintzen besarkatzera. Uste dut ez ninduela ikusi ere egin.

Egun haietan izan ziren une hunkigarriak eta izan ziren une gogorrak. Azkenekoen artean Martxelo espetxetik atera zenekoa. Une hartan, torturak salatu zituenean, nolabaiteko inozentzia galdu genuen askok. Pentsatzen genuenok kulturaren alorreko izen ezagunak ez zituztela ukituko. Eta gogorra izan zen, era berean, komunikabideren bateko edo besteko langileei elkartasun eske deitzea eta haiengandik jasotako erantzun hotza. Eskerrak erantzun orokorra juxtu kontrakoa izan zen.

Baina nahiago dut une ederrekin gelditu. Lankideekin igaro eta bizi izan nituen orduekin. Jasotako dei guztiekin. Besarkadekin. Herrietan jasotako elkartasunarekin. Tenerifeko eguzkiak ez du horrenbesteko berorik ematen. 

 

Gorka Erostarbe ('Egunkaria'-ko kazetari ohia): "Ainararen dei hura"

Ainara zen. “Lantegixa itxioskue, Gorka. Guardia Zibilak sartu dia eta Martxelo eta beste hainbat atxilotu dittue”. Artean sakeleko telefonorik enerabilen. Etxekoak jo zuen. Bortizki. Betiko txirrin hotsa zuen, baina goizeko zazpiterdiak ziren. Badakigu ordu horietako txirrin hotsak… Eta ondoren, urradura.

Esan liteke, sarri esan ohi denez, haren ondotik beste proiektu berri bat sortu zela, indartsuagoa eta babestuagoa. Baina ez zait halakorik ateratzen.

Isilik geratu nintzen segundu batzuz. “Lo ote nago oraindik, erdi ametsetan? Edo adarra jotzen ari ote zait? Ez da ba gai hauekin bromatan ibili ohi dena Ainara…”. Nola-hala erreakzionatu nuen. “Segituan izango naiz hor”. Artean autorik ez nuen. Trenez joaten nintzen lantokira. Baina azkarrago iristearren aitari eskatu nion autoz eraman nindezala. Ordu erdi eskasean Martin Ugalden nintzen. Jende mordoa, lankide mordoa, ezin sinestuzko aurpegiarekin. Abaildura, urduritasuna eta amorrua. Eta berdez jantzitako gizagaixo malapartatu batzuk Rambo jokoan . Eta ondoren urradura.

Esan liteke, sarri esan ohi denez, inoiz baino gehiago batu ginela, eta inoiz baino batuago eutsi geniola bide berriari. Baina ez zait halakorik ateratzen.

Artean ordenagailu portatilik ez nuen. Lau bat urte ziren Egunkaria-n sartu nintzela. Hiru bat aste neramatzan Barkatu Ama gehigarrian lanean. Lorea, Idurre eta Pipirekin lan egina nintzen eta kazetaritza lekzio batzuk jasoa, baina artean zipitzik ere ez nekien. Halere, ilusioz beterik hartu nuen lan haren ardura. Jon eta Mikelek egindako lan eskergari segida ematea ardura zen, baina pizgarri zitzaidan. Niretzat M-ak-en kantua baino lehen Egunkaria-ko gehigarria izan zen Barkatu Ama. Gazte gehigarri hari esker ezagutu nuen M-ak, eta ezagutu nituen beste hainbat talde ere. Otsailaren 20 hartan elkarrizketa bat egin behar nuen. Ez naiz akordatzen nor elkarrizketatu behar nuen, edo ez dut akordatu nahi, ez dakit. Eta urradura.

Esan liteke gerora ere egin direla gazte gehigarriak eta musika zaletasuna, besteak beste, asko zabaldu, ugaritu dela. Baina ez zait halakorik ateratzen.

Joan ginen Madrilera. Riofrío kafetegi beldurgarri hartan umorea baino ez genuen salbamendu eta umore hari tiraka eutsi genion bi egun infernuzko haiei Estitxuk, Joserrak, Irunek, Aitziberrek, Jonek, Ekaitzek… Ikusi genuen Imanol, izerditan, gau osoa Auzitegi Nazionalean lanean igaro ostean.  Ikusi genuen Martxelo izena ere ahaztua dudan espetxe hartatik irtetzen. Inoiz sentitu ez dudan hotzikara eta ezina. Eta urradura.

Esan liteke inoizko erakustaldirik handiena egin zuela euskalgintzak Donostiako manifestaldian. Baina ez zait halakorik ateratzen.

Madrildik itzuli eta lankideak zain Andoainen, itxi berri ziguten lantokiaren kanpoaldean. Gogoratzen dut Luis Goya esker oneko hitzak egiten. Gogoratzen dut Martxelo oso hunkituta hitz egiten. Eta gogoratzen dut neure burua negar zotinka. Eta Oihanaren besarkadan babes hartuta.

Esan liteke asko ikasi genuela esperientzia hartatik guztitik. Baina ez zait halakorik ateratzen.

Eta urradura oraindik.

 

Irune Lasa (Egunkaria-ko kazetari ohia): "Flashback"

Lotan gaude oraindik kazetari bat Gasteizko 'Egunkaria'-ren delegazioko atarira heldu denean. Badaki zer gertatu behar den. Buruzagiek, Madrildik, eman diote abisua eta han dago Guardia Zibila iristerako.

Gerora kontatu zidanean piztu zidan harridurak, orain barregura ematen dit.

Goiz da oraindik Martin Ugalde parkean. Gutxi batzuk atarian, kordoiaren parean: “Emaidan zigarro bat”, erretzeari utzita zion Kepak. Kordoiaren beste aldean, Latzeko langileak, elkartasuna adierazteko folio xumeez armatuta, Guardia Zibilari aurre egiten. ELAko Korta etorri zait, bere fundamentuarekin: “Pankarta bat egingo dinagu”. Batzar kontaezinetatik lehenengoa, Guardia Zibila oraindik han dela: “Tolosara joango gara biharko egunkaria egitera”. Donostian egingo dela lehen bilera, joateko hara. Autoaren bila noala oihuak: Guardia Zibila parketik ateratzen. Errepidea hartzerakoan patroleko atea zabalduta, guardia zibiletako bat zutik doa, burua altxata, harro-harro. Ez dakit gureetatik nor daramaten patrol horretan.

Oraindik begiak bustitzen dizkit goiz hura gogoratzeak.

Antiguako frontoian elastiko urdina jaso dugu. Jendetzak elastikoari esker identifikatzen gaitu Egunkariko langileok manifestazio erraldoian. “Atxilotuak askatu!”.

Elastiko hura herri baten eskuzabaltasunaren, elkartasunaren, maitasunaren eta adorearen sinboloa da. Gero eta gutxiagotan, baina oraindik ere gertatu izan zait norbait elastiko hori jantzita ikustea, kalean, taberna batean eta... babes sentimendu batek hartzen nau. Orain askotan pasatzen naiz Antiguako tuneletik bizikletan. Ez da sinestekoa, baina aldi bakoitzean jendetzaren burrunba, aldarriak eta txaloak entzuten ditut. Benetan.

Tolosako 'Egunero'-ren egoitza inbaditu dugu. Ramonek ez dakit nondik ekarritako kafegailua eta zigarrokinez betetako hautsontziak. Pantailan Martxelo.

Bidegabekeriak ez du etenik. Auzipetuta daude oraindik gure zortzi lankide.

Hernani. Ordenagailuekin borrokan 'Egunero' egiten. Harrituta Axunen sabelean haurra nola mugitzen den ikusten.

Alabari margoak eta koadernoa erosi dizkiot Plaza Berriko denda txinatarrean. Nire mahaia non ote zegoen kokatzen saiatu naiz une batez, baina ez dut lortu. Denbora joan da, oroitzapenak, beste bide bat hartu duten lankideak... Baina korapiloak hori dirau, eta aldiro agertzen da, urteurrenetan edo, adibidez patrol berde bat ikustean. 

 

Eider Goenaga (Egunkaria-ko kazetari ohia): "Ez dut ahaztu nahi"

Egunkaria-ko langile ohien bideoa landu dute Berria Telebistan eta huraxe ikusi dut lerro hauek idazten hasi baino lehenago. Ez dakit ondo egin dudan. Korapiloa egiten zait eztarrian, ahoa lehortzen zait eta begiak busti egiten zaizkit ordukoak oroitzen ditudanean. Izan ere, oso oroitzapen biziak dira Egunkaria itxi zutenekoak, gure lankideak atxilo eraman zituztenekoak, torturatu zituztela jakin genuenekoak... Oraindik sentitzen dut Donostiako manifestazioaren berotasuna, baina baita Madrilera joan ginenean sentitu genuen hotza ere —eta ez zen izan soilik hotza egiten zuelako—. Orduko hotza oso gogoan duela esaten du lankide batek bideoan, eta ez du arrazoirik falta.

Lehenengo astea zurrunbilo batean bezala bizi izan genuen, eta oroitzapen nahasi asko dira. Baina buruan ordena pixka bat jartzen hastea nahikoa da, oroitzapenak bata bestearen atzetik etortzen hasteko. Eta oso argi, gainera. Ez dut inoiz ahaztuko goizeko seiak pasatxotan jasotako deia. Sakelakoan begiratu, eta lankide bat. Ezer onik ezin espero ordu horretan. Ez, ordea, ezer hain txarrik ere. “Guardia Zibila Egunkaria-n sartu da, eta hamar lagun atxilotu dituzte”.

Zertara jakin gabe, oraindik erdi lotan, eta amesgaiztoa besterik izango ez zenaren itxaropenarekin, hantxe joan ginen Andoainera. Gero jakin genuen zeintzuk ziren atxilotuak, eta baita Egunkaria itxiko zutela ere. Lankideak elkartzen eta erreakzionatzen hasi ginen. Kolpe latza jo ziguten, baina ez genuen etsiko, erantzun egin behar genuen. Ez gintuzten isilduko.

Hasierako amorru eta malko haiek, lanerako gogoarekin ordezkatzen joan ginen. Gorabehera handiekin, ordea. Harrotasunez kaleratu genuen Egunero-ren lehen alea, eta Donostiako manifestazioan jasotako elkartasunak berriro begiak malkoz busti zizkigun, hunkituta; Madrilen amorruak hartu gintuen berriro, Pello Zubiria bere buruaz beste egiten saiatu zela jakin genuenean, eta beldurrak dantzan jarri gintuen, torturaren mamua ikusten hasi ginelako. Espetxetik ateratzean Martxelok egindako hitzek hotzikara eragin ziguten —oraindik sentitzen dugu hotzikara hura—. Elkartasun oldea indarra eta forma hartzen joan zen, ez zegoen elkartasun adierazpenik jasotzen ez genuen egunik, pertsona ezagun zein ezezagunen aldetik iritsitako elkartasuna.

Eta proiektu berria gauzatzen hasi ginen. Indar asko xahutu genuen bidean, baina indarrez egin genuen bidea, eta bideak indartu egin gintuen. BERRIA kaleratu genuen, langileen kemenaz eta euskal herritar ugariren babesaz.

Egunkaria-ren itxieraren zamak, ordea, urte askoan jarraitu zuen gure bizkar gainean. Lankide zenbaitek espetxean jarraitu zuten —kartzelan jarraitzen du Egunkaria-ren kontrako operazioan atxiloturiko Xabier Alegriak ere—, auzipetuta zeuden, espetxe zigor eskaera handiak zituzten bizkar gainean, epaiketari aurre egin behar zioten, bigarren operazioaren —oraindik argitu gabe dagoena— kolpea ere jaso genuen...

Gauza asko dira, burutik ezabatu ezin direnak. Orduan bizitakoak eta ordutik jazotakoak ez ditut ahaztu, eta ez ditut ahaztuko. Baina, gauza bat argi daukat... Ez ditut ahaztu nahi.

 

Enekoitz Esnaola ('Egunkaria'-ko langile ohia): "Martxeloren deia"

Martxelo Otamendik kartzelatik irten zuenean hari telefonoz elkarrizketa egiteko erreparorik-edo ez zegoen Tolosan, Egunero-ren erredakzioan, baina ezohiko egoera gertatu zen. Asteartea zen, 2003ko otsailaren 25a, gaueko bederatziak inguru. Deia Madrilera, Egunero-k han zeukan kazetari Imanol Murua Uriari, ea Martxelo harrapatuko al zuen kartzelatik irten bezain azkar, Tolosatik pare bat galdera egiteko, egunkariak bederatzi eta erdietarako Iruñean behar zuela eta.

Iritsi ziren bederatzi eta laurdenak, eta Martxelo espetxetik atera zen. Baita Murua Uriak azkar harrapatu ere. "Hemen daukazue Martxelo. Aizak, Martxelo, Tolosatik hotsegiten ditek, benga". Tolosan telefonoaren ondoan dozena bat kazetari ginen, baina inork ez nahi telefonoa hartzerik! "Hartu baten batek!", bota zen han. Ezta hala ere. Bost segundo luze izan ziren. Azkenean gazteenetakoak hartu zuen: Jakes Goikoetxeak. "Martxelo, bi galdera egingo dizkizut"… baina orduan Martxelo Otamendi zen ezin zuena hitz egin; emozionatuta zegoen. "Bo, Martxeloren adierazpenik gabe bidaliko dugu Iruñera Egunero, baina testua moldatu behar duenak, moldatu azkar". Eta hala joan zen 5. Egunero hura.

Baina ez; aldaketak laster. ETB2n Teleberri-n, 21:35ean, Julio Ibarra aurkezleak esan zuen ETBko kazetariak ondoan zuela Martxelo eta elkarrizketa egingo ziola. Huskeria esanda ere sartu beharra zegoen Egunkaria-ko zuzendariak esandakoa, eta Iruñera deitu behar, beraz: "Atzera bota lehen bidali dugun orria. Hor izango duzue berriro, hamar minutu barru". Gero, egundoko adierazpenak egin zituen Martxelo Otamendik, torturari buruzko haiek, eta merezi izan zuen aldaketak, denbora aldetik larri ginen arren.

 

Iñaki Petxarroman ('Egunkaria'-ko kazetari ohia): "Titularrik gogorrena"

Egunero-ko erredakzio inprobisatuan ohi baino urduritasun gehiago sumatzen zen 2003ko otsailaren 25ean. Gure lankideak epailearen aurretik deklaratzen ari ziren, inkomunikatuta, eta torturen mamuak iluntzen zigun eguneroko jarduna. Ezin ihes egin gaiari, ordea. “Ez dira ausartuko hauek ukitzera, ezta?”, zioen baikorrenak, beldurra ezin uxatuta, ordea. “Ez naiz gehiegi fidatzen”, arraposten zuhurragoren batek.

Jakes Goikoetxea, Andres Gostin, Ramon Olasagasti, Lorea Agirre, Jon Eskisabel, Xabin Makazaga, Eider Goenaga, Jose Mari Pastor eta beste lankide batzuk ari ginen Egunero-ren bulegoan lanean Imanol Muruaren deia jaso genuenean. Madrilen zegoen Murua, lanean. Martxelo Otamendi aske uztera zihoazela ohartarazi zigun. Berehala agertu zen telebistan Otamendiren ahotsa. Urratutako ahotsa. Torturek puskatutako ahotsa.

Ez zegoen dudarik. “Ikaragarriak egin  dizkiete”, bota zuen baten batek. Burumakur geunden guztiok telebistaren aurrean. Ezin erori, ordea. Gure irakurleekiko eta euskarazko kazetarekiko konpromisoak berehala erantzutera behartzen gintuen. Titular nagusiari buruz eztabaidatzen hasi ginen segidan. Tortura salaketen inguruan “ustez” erabili behar al genuen? Baten batek zalantza agertu zuen. Denboraren ondoren pasarte horrek gure xalotasuna adierazten du, baita gure lanbidearen oinarriei genien atxikimendua ere. “Aizue, gureei ere ez badiegu sinesten, akabo!”. Hitz magikoak bota zituen baten batek. Elkarri begiratu genion, baiezko keinu adierazgarri batez, zentzuzkoaren aurrean errendituta. “Torturatu egin dituzte”, izan zen Egunero-ren titular nagusia 2003ko otsailaren 26an. Titularrik gogorrena.

 

Jon Ordoñez ('Egunkaria'-ko kazetari ohia): "Aulki hutsak, Madrilerako autobusean"

Ez ahazteko moduko bidaia izan zen, ez errepikatzekoa. Astelehenean ziren pasatzekoak atxilotuak epailearen aurretik, otsailaren 24an, eta senideekin batera han joan ginen autobusean igande iluntzean Egunkaria-ko zenbait langile, ni tartean. Anoetan Realaren futbol partida zegoen, eta orduko horretan horrelaxe banatzen genituen lanak: batzuk Anoetara, beste batzuk Madrilera, igandea zen. Goizaldean iritsi ginen, eta Riofrio kafetegian gosaldu genuen. Ustez kafe gutxi batzuetako kontua izango zen, baina orduak luzatu egin zituzten, eta Riofrio-tik ere bota gintuzten, ondo gogoan badut.

"Allí, debajo de la bandera", esan zuen polizia batek, atxilotuetako baten nora joan behar genuen galdetu zionean, Colon plazako bandera erraldoi ez-nazionalista hatzarekin erakutsiz. Auzitegi Nazionaletik urrundu gintuzten. Café Gijón-era joan ginen, eta ondo hartu gintuzten, bai. Une batean, ordea, elkarri ematen genizkion animoak eta Donostiako manifestazioan hartutako itxaropenak behera etorri ziren, atxilotuetako batek bere buruaz beste egiten saiatu zela jakin genuenean. Abokatuen hitzak labankada hotzak ziren, telefonoak jotzen zuen aldiko.

Hotza, babesgabetasuna, torturaren itzala. Deklarazioak hurrengo egunean amaituko ziren. Ostaturik ez, aterperik ere ez. Autobusean pasa beharko genuen gaua, Madrilgo kale bateko bazter batean utzita. Autobusa beteta (atxilotuentzako aulki hutsak gordeta genituen), langileak eta senideetako bat trago bat hartzera joan ginen. Ez dut gogoan nor zen zehazki senidea, ezta noren senidea zen ere. Ordu gutxi batzuetan ezezagun ginen batzuk momentu latzak bizi izan genituen elkarrekin, batek bestearen sorbalda gainean besoa jarriz, eskainiz.

Oraindik ere, gertatzen zait, nor den ez dakidan 60 urtetik gorako emakumeren batek Ordizian, Tolosan, Donostian, kalean agurtzen banau, autobus horretan hasten naizela aurpegi horren bila, noren ama izan litekeen gogoratu nahian, bada ez bada ere, horrela izanez gero, hurrengo batean adeitsuago agurtzeko, ez ezezagun bat balitz bezala. Baziren autobus horretan anaiak, bikotekideak, alabak eta lagunak, baina ama izan litezkeen horiekin soilik izaten dut erreflexu hori.

Eta joan ginen trago bat hartzera, eta batek beste bat ekarri zuen, eta horrek hurrengoa, azkenekora iritsi ezin. Autobusera lotara joateko presarik ez baikenuen. Zenbait orduz gertatutakoaz hitz egin genuen, baina barre ere egin genuen, baita abestu ere, ordu horietan hain arrotz zitzaigun hiri horri gain hartuta edo. Itzuli ginen autobusera begi bat itxita eta beste bat irekita zutenen artera, ixil antzean. Zuzen joan ginen gure aulkietara, ustez, baina parre txikiren bat edo beste entzun genuen autobusean geratu zirenengandik, eta hurrengo egunean adarra jo zigunik izan zen. 

Asteartean pasa ziren atxilotu guztiak epailearen aurrera. Barrura joan ziren batzuk, eta euren senideak aulki hutsa baino huts handiagorekin itzuli ziren etxera; beste batzuek eurentzat gordetako aulkia hartu zuten autobusean, eta bueltako bidaian torturen berri eman ziguten. Bakardadean etxerako bidean har txiki bat piztu zitzaidan sabelean, gu manifestazioan, etxean, autobusean, Riofrio-n edo tragoa hartzen ari ginen artean, eurak jasaten ari ziren tratu hankerrean pentsatuta. Aurreko gauean Madrilen barre egiteagatik eta abesteagatik errudun sentitu nintzen.

Andoainera iritsi ginen, eta nola edo hala agurtu ginen 48 orduz elkarrekin autobus batean izan ginenak, gurekin itzuli ziren atxilotuen ongi-etorria tartean. Logurea, nekea, presa... Bote-prontoan egindako agurra izan ziren, bi besarkada eta lau hitz, azkar eman eta esandakoak. Gogoan dut, ordea, horietako batean senideetako batek esandakoa: "Senideontzako bidaia gogorra izan da hau, baina zuek gazteek jarri duzuen umore eta giroagatik izan ez balitz, are eta gogorragoa izango zen". Ez dut gogoan nork esan zidan hori, ezta noren senidea zen ere, baina hitz horiekin pikutara bidali zuen bueltako bidaian piztutako erruduntasun harra.

 

Enekoitz Esnaola ('Egunkaria'-ko kazetari ohia): "Martxelorekin autoan 2003ko otsailaren 26an"

2003ko otsailaren 26a zen, asteazkena, eta Martxelo Otamendi han sartu zen Egunero egunkari nazionala egiten hasi ginen egoitzara, bakarrik. 11:00ak inguru ziren, eta neu bakarrik nintzen Tolosako lokalean. Sei egun lehenago Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalaren aginduz, Egunkaria itxi zuen eta hainbat lagun atxilotu zituen. Tartean, zuzendaria: Martxelo. Atzeman eta bost egunera, otsailaren 25eko gau partean, bermepean libre utzi zuen Juan del Olmo epaileak. Aske atera zenean, espetxe atarian komunikabideak zain zeuzkan Martxelok, eta adierazpen gogoangarriak egin zituen. Torturak jaso zituen, zioenez (bideoa).

Otsailaren 26 hartan, Egunkaria-ren ordezko Egunero-ren lokalean sartu zenean, "hi, beste denak non daude?", zioen Martxelok, harrituta. Lankide denak Andoainen ziren, elkarretaratze batera eta eguneroko bilerara joanda. Ez zekien orduko martxa hori zenik. Ordu batzuk baino ez zeramatzan aske, eta 'galduta' zegoen. Egunero-ri halabeharrez izena utzi zion Tolosaldeko egunkariaren ixte lanetan ari nintzen, geroago besteari ekiteko. Eskualdeko kazetaren lanak bukatu, eta Martxeloren autoan sartu nintzen, harekin batera Andoainera joateko. Aurreko gauean libre utzi zutenetik ez nintzen harekin portunatu. Torturei buruz kotxean ezer galdetzeko adorerik ez neukan. Berak bota zidan, ordea: "Kristorenak egin zizkidatek guardia zibilek".

Andoainera iristen ari ginela, telefono dei bat Martxelori. Juan Jose Ibarretxe orduko lehendakariaren idazkaria zen. Hizketan hasi ziren Ibarretxe eta Martxelo. Honek kalabozoko kontakizuna egin zion, eta esan ere bai beragatik —Ibarretxegatik— guardia zibilek handiak bota zizkiotela.

Andoainen Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Gorka Knörr eta beste ordezkari politiko, sindikal eta kultural esanguratsu batzuk zain zituen otsailaren 26 hartan. Euri zaparrada ari zuen. Hurrengo eguneko Egunero-k zekarren "nekatuta, harrituta, hunkituta, zurbil, begizuloekin..." agertu zela Martxelo, "itxuraz, lasai". Patxi anaiaren aterkipean babestu zen.

2008an Europara jo zuen bestelako babes baten bila. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak joan den urrian jakinarazi zuen epaia: Espainia kondenatu zuen, Martxelo Otamendiren tortura salaketa ez ikertzeagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna