EUSKARA

Euskara erabiltzeagatik Guardia Zibilak atxilotutako Lizarrako gazte bat epaitu dute

Autoritatearen kontrako erresistentzia larria egozten zioten, baina epaiketan fiskalak "hutsegitetzat" jo du gertaera.

Elkarretaratzea epaitegian.
Elkarretaratzea epaitegian. / I˝igo Uriz/ARP

Berria.info -

2013ko otsailak 27

Prozedura laburtuko auzi saioan, Ekhiotz Prieto Lizarrako gaztea epaitu du gaur Iruñeko Zigor Arloko lehen epaitegiak. Hasiera batean, autoritatearen kontrako erresistentzia larria eta desobedientzia egozten zioten, eta sei hilabeteko espetxe zigorra. Epaiketaren amaieran, ordea, fiskalak ondorioztatu du epaitutako gertaerak ez direla delitu, hutsegite baizik, eta ez du ezta zigor aurrekaririk ere ezarri. Epaiaren zain dago orain Prieto, baina Arantza Izurdiaga abokatuak baikor hartu du fiskalaren jarrera.

Atzo eman zuen gertaera horren berri Ateakireki.com atariak. Gertaerak iazko martxoaren 26koak dira.  Egun hartan, Lizarrako Alde Zaharrean, Guardia Zibilaren kotxe bat geldirik zegoen Katxetas jatetxe ondoko plazatxoan. 7 gazte identifikatzen ari ziren goardia zibilak eta epaitutako gazteak euskaraz bere lagun bati galdetu zion ea zer gertatzen zen euskaraz. Guardia zibilak urduritu egin ziren, eta modu oldarkorrean esan zioten  ea zer esan zuen. Gazteak Berriari esan dionez, euren aurkako irain moduan hartu zuten galdera hura.

Izurdiaga abokatuaren esanetan, epaiketan identifikazioa eta ondorengo gertaerak aztertu dituzte. Abokatuaren arabera, "kontraesan ugari" izan dituzte guardia zibilek euren deklarazioan. Atestatuan jarri zuten atxilotzeko unean gazteak erresistentzia fisikoa azaldu ziela poliziei besteak beste kolpeak joz, baina epaiketan, ez dute hori esan eta ez dute jakin ondo zaltzen zer nolako erresistentzia izan zen. Gainera, euretako batek esan du bultzaka sartu zutela kotxean; besteak lasai sartu zela. Era berean, abokatuak azaldu duenez, deklarazioan guardia zibilek ukatu egin dute gazteak euskara erabiltzeagatik egin ziotela identifikazio eskaera eta esan dute gazteak irain egin ziela.Aitzitik defentsaren lekukoek azpimarratu dute guardia zibilen identifikazio eskaera etorri zela gazteak euskaraz egin zuelako. Gertaerari larritasuna kendu nahi izan diote.

Urtebete egon da gaztea epaiketaren zain. Bitarte horretan,  hainbat aldiz topatu da kalean zein errepide kontroletan bi guardia zibilekin eta horietako batek mehatxatzen zion zigor handia jasoko zuela. Horregatik, Ekhoitz Prietok onartu du lasaitua hartu duela fiskalaren erreakzioarekin eta auzi saioaren amaierarekin.

Lizarrako jende ugari etorri da epaitegira Ekhiotz Prietori elkartasuna adieraztera. Epaiketaren ondoren, eta irudia hartzeko asmoz, une labur batez bere aldeko pankarta ateratzeko eskatu die Argazki Press-eko argazkilariak. Kazetariak egiaztatu dezake oso-oso denbora gutxian egin dutela. Handik, hainbat lagun Lizarrara zuzendu dira eta beste batzuk alboko taberna batera kafe bat hartzera. Foruzainak hurbildu zaizkie eta elkarretaratzea egiteagatik NAN agiria eskatu diete hiruzpalau pertsoni, baina eurek ukatu egin dute pankartan zirenik. Bideokamaran begiratuko dutela esan diete poliziek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna