GREBA OROKORRA

Sakanarekiko konpromisoak ez betetzea egotzi diote Nafarroako Gobernuari

Altsasuko lantegien %90 itxi dituzte, LABen arabera, baita dendak ere. Langabeziaren aurkako neurriak eskatu dituzte gaur Sakanan. Hainbat herritan manifestazioak egin dituzte 09:00etan; eguerdian, 2.000 pertsonatik gora batu dira Iruñeko protestan. Eskualdean langabezia hazten ari dela salatu dute, eta UPNri neurriak har ditzala eskatu diote. Bideoa: Greba eguna Sakanan (Argazki Press).

Greba Sakanan

Berria -

2013ko otsailak 28

Greba eguna izan dute gaur Sakanako eskualdean, Nafarroan, LAB, EHNE eta EILAS sindikatuek eta Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutiko udalek deituta. Goizeko lehen ordutik enpresa gehienak itxita esnatu dira, eta dendak ere itxi dituzte. Langileak kalera atera dira eskualdeak pairatzen duen egoera salatzera, eta gertu dituzte foruzainak. Altsasuko manifestazioan "Sakanan, bizi eta lan, Langabezia patronalaren terrorismoa da" eta "UPN, Sakana ez itxi" oihukatu dute.

Erantzun handia izan du greba deialdiak. LABen arabera, Altsasuko lantegien %90 itxi dituzte. Gainera, irakaskuntzan lau langiletik hiru ez dira lanera joan. Nafarroako Gobernuak, ordea, ez du daturik jakinarazi.

Eman dituzten lehen datuen arabera, ehundik gora lagun manifestatu dira 09:00etan hainbat herritan: Irurtzunen 150, Etxarrin 150, Olatzagutian 120 eta Altsasun 200. Azken herri horretan Garazi Urrestarazu alkateak esan du egoera latza dela Sakanan eta, gaur bezala, elkarlanean jarraitu behar dutela, baita kolore desberdinen arteko alderdien artean ere. Haren hitzetan, familien laguntzari esker egin ahal dute aurrera hainbat etxetan.

Nafarroako Gobernuari eskatu dio Urrestarazuk duen ardurari hel diezaiola: "Ahaztua du Sakana, eta guk laguntza behar dugu, kooperazioa. Hori eskatzen diegu erakundeei, lan dinamiketarako marko sendoak sortzea". Greba deialdiaren berri eman zutenean adierazi zutenez, Sakana "larri" dago dozenaka enpresa itxi ondoren. 2008. urtetik eskualdeko langabezia hirukoiztu egin da. Sakana ez da ixten, UPNk etorkizuna lapurtzen digu lelopean egingo dute greba.

Piketeak, goizetik

Iruñeko manifestazioa 12:00etan abiatu da, Antoniutti parketik Nafarroako Parlamentuaren egoitzara. Urrestarazuk hartu du hitza erakundeen izenean, eta Sakanarekiko konpromisoak ez betetzea egotzi dio Nafarroako Gobernuari. Gobernuak, Mankomunitateak eta udalek helburu bera —"herritarren ongizatea"— izan beharko luketela gaineratu du. Hurrena, LABeko ordezkari Gaizka Uhartek hartu du hitza. Alternatiba badagoela esan du: "Gure eredu propioa martxan jartzen hasi eta lanpostuen galerari frenoa jartzea".

Arratsaldean ere protesta egin dute, Altsasun. Goizeko bostak aldera, piketeak abiatu dira Altsasun, Foruzaingoen autoen begiradapean. Burundesan gutxieneko zerbitzuekin lan egin dute; beste horrenbeste, gizarte zerbitzuetan eta osasun etxe eta kontsultategietan.

Ibarrean "eredu propioa eraikitzeko” sei neurri zehatz aldarrikatuko dituzte. Hain zuzen, "ibarrean sortzen diren proiektuak babestuz, Nafarroako Gobernuari eskatuko zaio garapenerako agente aktibo eta positiboa izatea”, adierazi zuten atzo deitzaileek. Horrez gain, eskualderako “premiazko berrindustrializazio plan bat” garatzea galdegingo dute.

Gaizka Uharte Sakana Larraungo LABeko idazkariak adierazi du "egun historikoa" dela gaurkoa, zailtasunak zailtasun erantzun orokor bat eman baitute: "Gaurko eguna ibilbide baten ondorio da, inflexio puntu berri bat". Haren ustetan, argi dago Nafarroako Gobernua dela Sakanan alternatiba bat babesten ez duen bakarra.

Gaineratu du azken hamarkadan enpresaburu, banku eta multinazionalen interesak defendatu dituztela, eta aurrera begira ere horiek defendatzen jarraitzen dutela.

Hurrengo geltokia, martxoak 9

"Borrokan" jarraituko dutela argi utzi du Uhartek. Martxoaren 9an Sunsundeguiko enpresa batzordearekin bat egingo dute, baita Nafarroan enpleguaren alde lanean ari diren beste langileekin ere. "Martxoak 9an enpleguaren alde hitzordua daukagu iruñean", gaineratu du.

Enplegu gehien galdu duen Nafarroako eskualdea da, Erriberarekin batera. Urtarrileko datuen arabera, 1.972 lagun ari dira enplegu bila, lautik bat alegia.

#goSakana traola erabiltzen ari dira greba egunaren berri emateko Twitter sare sozialean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna