m-11ko atentatuak/Zapateroren agerraldia Espainiako Kongresuan

ETAren eta indarkeria islamistaren artean ez dagoela loturarik esan du Zapaterok

M-11ko atentatuen arduradun bakarra "nazioarteko terrorismo islamista" izan zela ziurtatu du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Kongresuko ikerketa batzordean egiten ari den agerraldian. Ildo horretatik, ikerketa guztien arabera talde horien eta ETAren artean ez dagolea harremanik nabarmendu du; "hori ez da iritzia, errealitatea baizik", adierazi du. Halaber, indarkeria islamistaren aurkako itun berri bat proposatu die alderdiei. Martxoaren 11ko arratsaldean bertan Aznarren Gobernuak "iruzur masiboa" hasi zuela nabarmendu du.

2004ko abenduaren 13a
16:47
Entzun
Zapateroren arabera, ondorio bakar bat atera daiteke Espainiako Auzitegi Nazionalak, segurtasun indarrek, espetxe agintariek eta inteligentzia zerbitzuek egindako ikerketatik: M-11ren arduradun bakarra "nazioarteko terrorismo islamista" izan zela; 2001eko irailaren 11an AEBetan eraso handiak egin zituen erakunde bera. Indarkeria horren eta ETAren artean harremanik dagoela ukatu du.

Hori dela eta, "itun antiterrorista"berria proposatu die alderdiei: "nazioarteko terrorismoaren aurkakoa". Zapateroren asmoa litzateke itun hori Espainian abiatu eta gero beste estatuei proposatzea.

Horrez gain, PPko zenbait buruzagik iradoki duten bezala M-11ko atentatuak zirela-eta espainiarrek koldar jokatu zutela esatea "zitalkeria" dela erantsi du Espainiako Gobernuko presidenteak. Zapaterok esan du, "samina eta haserrea" bizi eta adierazi zirela, baina inola er ez beldurra.

PPren iruzur masiboa

Horiek guztiak hasierako hitzaldian esan ditu Zapaterok, talde parlamentarioetako ordezkarien galdeketa hasi baino lehen.

Ondoren, Eduardo Zaplana PPko ordezkariaren galdeketa erantzuten hasi da Espainiako Gobernuko presidentea. Hasieran, 50 minutuko epea zuen Zaplanak Zapaterori galderak egiteko, baina asko ari da luzatzen itaunketa Paulino Rivero batzordeko presidentearen oniritziarekin.

Hain justu, galdera horiei erantzunez M-11ko gertakarien inguruan aurreko Gobernuak, PPko Jose Maria Aznarrenak, "iruzur masiboa" egin zuela adierazi du Zapaterok, eta martxoaren 11ko arratsaldean bertan hasi zela iruzur hori. Izan ere, Espainiako presidentearen iduriko, Alcala de Henaresen atentatugileek erabilitako furgoneta aurkitu zutenetik eta erasoetan erabilitako lehergaia titadinea barik eco-2 dinamita zela jakin zenetik, argi geratu zen "ikerketa lerro bakarra" zela zuzena: egileak islamistak zirela agertzen zuena. Hala ere, beste hiru egunez atentatuen egiletza ETAri egozten jarraitu zuela Aznarren Gobernuak azpimarratu du Zapaterok, eta horregatik esan du gizarteari iruzur egin ziola.

Irakeko gerrak eta Espainiako Gobernuak haren inguruan hartutako jarrerak tankera horretako atentatuak jasateko aukera "goren mailara" igo zuela erantsi du Zapaterok, baina, hala ere, PPko Gobernuak ez zuela inolako prebentzio neurririk hartu.

Zaplanak, berriz, martxoaren 14ko Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeak PSOEk irabaztea atentatuek erraztu zutela nabarmendu nahi izan du galdeketako une askotan. Baieztapen hori "espekulazio hutsa" baino ez dela erantzun dio Zapaterok, eta, gainera, PSOEren eta PPren Itun Antiterroristaren espirituaren aurkakoa dela. Espainiako presidentearen arabera, ondorio horretara heltzea "terroristei politikan eragiten dutela" aitortzea litzateke, eta hori aipatutako hitzarmenaren guztiz kontrakoa litzateke.

Presidentziako datuen ezabaketa

Beste salaketa bat ere egin du Zapaterok: Aznarren Gobernuak aginte aldaketa egin aurretik ezabatu egin zituela Presidentziako ordenagailuetatik martxoaren 11tik 14ra bitartean egindako gestio eta urratsen berri ematen zuten agiri guztiak, eta, beraz, ez dagoela horren guztiaren berri zehatz jakiterik.

Orain, Eduardo Zaplana PPko ordezkaria ari da Espainiako presidenteari itaunak egiten. Ikerketa batzordean "indarkeria babesten duten alderdietako ordezkariak" daudela esanez hasi du Zaplanak bere mintzaldia.

Espainiako Gobernuko presidente batek tankera horretako batzorde batean agerraldia egiten duen lehendabiziko aldia da. M-11ri buruzko "egia guztia" argitzea eta etorkizunean horrelako gehiago ez gertatzeko neurriak hartzen laguntzea dela bere helburua azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.