euskal herria

Joxan Lizarribar BERRIA Taldeko lehendakaria hil da

1970eko hamarkadatik izan zuen lotura euskal kulturarekin, eta BERRIAren sorrerarekin batera hartu zuen BERRIA Taldeko presidente kargua; aurretik 'Euskaldunon Egunkaria'-ko administrazio kontseiluko kide izan zen. Zenbait astez birus batek jota ospitalean izan ostean zendu da gaur arratsaldean, Donostian. Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak esan du Lizarribarren heriotza "galera izugarria" dela. Audioa: 2007ko neguan Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan Joxan Lizarribarri egin zioten elkarrizketa.

Jakes Goikoetxea-Jon Ordoñez -

2013ko apirilak 9

Birus baten ondorioz hil da Joxan Lizarribar (Altzo, 1951). Euskaldunon Egunkaria itxi zuteneko hamargarren urteurrenaren ondoren ospitaleratu zuten, eta bere osasunak hainbat gorabehera izan ostean zendu da. Emaztea eta hiru seme-alaba zituen. 2000tik Egunkaria-ko administrazio kontseiluko kide izan zen, eta 2003an hartu zuen EKT Euskarazko Komunikazio Taldeko presidente kargua (orain, BERRIA Taldea). “Lehengoa bezalako egunkaria egin behar dugu: independentea eta zabala”, esan zuen 2003ko ekainaren 12an Egunero kazetak argitaratu zuen elkarrizketan, BERRIA argitaratzear zela.

Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak heriotzaren berri izan eta gutxira esan du "galera izugarria" dela Lizarribarrena: "Sekulako euskaltzalea zen, sekulako kulturzalea, Euskal Herria beti buruan sartua zuen".

Enpresa mundutik iritsi zen Lizarribar Egunkaria-ko administrazio kontseilura lehenik eta EKTko presidentetzara gero (argazki bilduma). Adunako (Gipuzkoa) Kelsen SA lantegiko kudeatzailea zen oraindik ere, eta komertzial buru, nahiz eta erretiroa hartzea buruan izan. Aspalditik zuen, ordea, lotura euskal kulturarekin. Dantzaria izan zen gaztetan, eta Argia dantza taldean aritu zen. Ordutik zuen lagun Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folklorista. "1970eko hamarkadan Urbeltzekin izan nuen harremana, eta haren bidez Ez Dok Amairu taldekoekin". Benito Lertxundi eta Joseangel Irigarai ere orduko lagunak zituen.

Berak zioen moduan, sortzaile baino gehiago "kultur kontsumitzaile ona" zen. Literatura eta zinema ziren haren zaletasun nagusietako bi; irakurtzea arnasa hartzea bezainbeste behar zuela zioen. Poesia, opera, balleta, musika klasikoa... kulturzale jantzia zen, eta Euskal Herriko sortzaileekin harreman estua zuen gaur egun ere: Harkaitz Cano, Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe eta Ainhoa Artetarekin, besteak beste.

Munduan hara eta hona ibilitakoa

Lanagatik asko bidaiatzen zuen, eta mundu osoko hainbat herrialde ezagutzen zituen, "Antartidan izan ezik, gainontzeko kontinente guztietan" egona zen. Nazioarteari buruz zuen ezagutzagatik, behin baino gehiagotan agertu zen hedabideetan, esate baterako, Iranez edo Malaysiaz hizketan. Euskadi Irratiko Faktoria saioan 2007ko neguan egin zioten elkarrizketan, esan zuen “Euskal Herria hain txikia izanik eta hainbat jende bizita” leku zabalak zituela batik bat gustuko: Australia, Hegoafrika, Argentina, AEBak, Kanada... "Baina uharte batzuk ere, txikiak, asko maite ditut". Lehenagotik telebistan aritutakoa zen, 1990eko hamarkadan ETB1eko Firin-Faran saioan parte hartu baitzuen. Programaren sorrerako solaskide taldeko kidea zen, Begoña Munarrizekin, Noel Elorgarekin, Juanjo Gabiñarekin, Martxelo Otamendirekin eta abarrekin batera.

Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren sortu zen BERRIA, eta Lizarribarrek ez zuen ezkutatzen itxierak sortzen zion kezka. Behin baino gehiagotan aitortu zuen prest zuela etxean nezeserra Egunkaria-ren itxieraren berri izan zuenean, bera ere atxilotuko zutelakoan. Baina BERRIA sortu zenean beldurrik ez zuela aitortu zuen. “Gauza bat argi daukat: hemen gertatu direnak eta gertatzekotan ere gertatuko direnak izaera politikoko gertaerak izango dira, eta, azkenean, horren aurka antidotorik ez dagoenez, ezin dugu ezer egin”.

"Ezetz esatea ez zen erraza"

BERRIA Taldeko lehendakari kargua eskaini ziotenean ezetz esatea ez zela erraza adierazi zuen: "Alde batetik, konpromiso handia sentitzen dut Egunkaria-rekin. Eta amorrua, gertatu denagatik. Horregatik, aurreneko unetik oso prest nengoen egin behar zena egiteko, eta hori garbi utzia nuen. Proposatu zidatenean, koherentziagatik ere segitu egin behar nuen". Karguan oso gustura zegoela azpimarratu zuen behin baino gehiagotan. Hamar urte hauetan, hainbat bisita hartu zituen BERRIAren egoitzan, eta tartean izan ziren politika, gizarte eta ekonomia arloko eragileak.

Egunkarien krisiaren lekuko zuzena izan da, gainera, eta BERRIA Taldearen BERRIAlagun proiektuaren beharra azaldu zuen taldearen azken akziodunen batzarrean iaz, tartean, gastuak murrizteko beharrarekin batera: “Tristea, zaila eta gogorra da, baina proiektuari eutsi nahi badiogu, ezinbestekoa”. Langileen egoera ere gogoan izan zuen: "Garai zailak dira haientzat ere, lan baldintzak kaskartzen ari zaizkielako edota lana galtzeko arriskua dutelako". Urtebete lehenago Berria Telebistak elkarrizketatu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna