Erreakzioak. Garitanok "penagarria" deritzo EAJren jarrerari, Ertzaintza "bortitz jokatzera bidali" duelako

2013ko apirilaren 10a
16:30
Entzun

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Ertzaintzak goizean Aske Gunean izandako jarrera kritikatu du, eta EAJren jokaera "penagarria" dela iritzi dio, Ertzaintza "bortitz jokatzera bidali" duelako. IK4-Tekniker enpresaren eraikin berriaren inaugurazioan egin ditu adierazpenok Garitanok, Eibarren. Haren ustetan,  "zigortutako militante politiko gazteekiko elkartasuna adierazten ari zirenen aurka" aritu da Ertzaintza. Garitanorentzat "guztiz salagarria da" Auzitegi Gorenaren epaia, gazteek "ekintza politikoan parte hartu izanagatik". "Euskal Herrian militantzia politikoa zigortzen ari da", gaineratu du.

Donostiako Udalak "erabat gaitzetsi" du Iberoren atxiloketa, baita Ertzaintzaren aldetik izandako "indarkeriaren erabilera" ere. Udalak uste du "justifikaziorik gabeko izua" eragin dutela hirigunean.

Ernai gazte antolakundeak ere oharra plazaratu du: "EAJren armadak bere indarkeriazko jarrera faxista erakutsi du beste behin ere. Auzipetuek adierazi dutenez, Eneko Goia Donostiako EAJko zinegotziarekin bildu eta planteamenduaren berri eman zioten, baina alferrik! EAJren hitzak eta ekintzak ez datoz bat!".

Gazte Abertzaleak Eusko Alkartasunako gazte erakundeak Donostiako gazte auzipetuen aurkako epaia salatu du. Auzitegi Gorenaren epaia “onartezina” dela esan du. “Batzuek bakean gaudela eta bortizkeria bukatu dela dioten bitartean euskal gazteria erasotzen, kolpatzen, atxilotzen eta jazartzen jarraitzen dute, euskal gazteriaren eta euskal gizartearen oihuei entzungor eginez. Bortizkeriarekin amaitu duen gizartea bortizkeria polizial eta judizialaren bitartez zanpatzea dute helburu”, adierazi du Gazte Abertzaleak-eko idazkari nagusi Haritz Perezek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.