ezbeharra

"Bizkaian azken urteetan jazotako suterik handiena" da Bermeokoa

Goizeko lauretan piztu da sua, eta bost etxe suntsitu dira. SOS Deien arabera, inguruko hainbat eraikini ere eragin die suak. Lau kale hustu dituzte, eta bost langile zauritu dira. Iñigo Urkullu lehendakariak atsekabea eta elkartasuna adierazi die kaltetuei. Audioa: Josu Unanue Bermeoko Gizarte Gaietako zinegotziaren adierazpenak.

Sutea Bermeon

Berria -

2013ko apirilak 11

Sutearen ondorioz bost eraikin jausi dira, eta beste sei oso kaltetuta daude, suaren eraginez. Bost pertsona artatu behar izan dituzte, kea arnasteagatik —hiru suhiltzaile, ertzain bat eta udaltzain bat—, eta guztira ehun pertsona inguru aterarazi dituzte etxetik. Onik dira guztiak, eta BBK-ko gizarte zentrora eraman dituzte.

Juan Nardiz kaleko 11. ataritik 25era arteko bizilagunek gaur ezingo dira etxera bueltatu. Intxausti kaleko 1 eta 3 atariko bizilagunak, berriz, etxera bueltatu ahalko dira gaur. Ustez, zirkuitulabur batek eragin du sua, hutsik zegoen etxebizitza batean.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak eta Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak agerraldia egin dute, eta, esan dutenez, “Bizkaian azken urteetan jazo den suterik handiena" da Bermeokoa. Aldundiak esan du azken 30 urteetako handiena dela. Bilbaok zehaztu duenez, 70 pertsona geratu dira etxerik gabe. Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeon oraindik eman gabeko 35 etxebizitza dauzkala eta, familia horiek bertan sartzera konprometitu da Bilbao. Horretarako, bost eguneko epean etxebizitza horiek argindarraz, gasaz eta bestelako zerbitzuez hornituko dituztela esan du.

Bidegurenen hitzetan, “alde zahar osoak su hartuko zuela" pentsatu dute une batean. “Urduritasun momentu batean, aldamenean nuen suhiltzaile bati galdetu diot ea sua gelditzeko gai izango ote ginen. ‘Ez dakit zer esan’ zioen aurpegiarekin begiratu dit”. Oso une gogorra izan dela gaineratu du alkateak, “sugarrak oso handiak” zirelako.

Sua, udaletxeraino

Udaletxearen teilatuaren zati bati ere kalte egin gio suak. SOS Deien arabera, sei eraikini kalte egin die suak eta hogei etxe hustu dituzte. Sutea kontrolpean dute suhiltzaileek, baina jakinarazi dute luze joko dutela erabat amatatzeko lanek. Haize bortitzak eta etxeak egurrezkoak izateak eragin dute sutea azkar zabaltzea. Edonola ere, ez dakite zer dela-eta piztu den.

Alde zaharrean gertatu da ezbeharra, eta etxeak bata bestetik hain gertu egotea lanak zailtzen ari da. Etxetik kanpo diren guztiak ostatuetan eta hoteletan kokatzeko lanetan dabil Bermeoko Udala, eta jakinarazi du kaltetutako bizilagunek informazio eske Ber@z bulegora jo dezaketela.

Gernika-Lumoko suhiltzaileek ez ezik, Durangoko eta Bilboko suhiltzaileek esku hartu behar izan dute.

Urkullu, pazientzia eske

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Josu Erkoreka bozeramailea arratsaldean joan dira Bermeora. Nardiz kalean izan dira, eta Urkulluk "atsekabea eta elkartasuna" adierazi die kaltetuei. "Kalteak handiak dira, ez gaur bakarrik, hurrengo egun, aste eta hilabeteetan ere izango dira", esan du.

Horrekin batera, herritarrei pazientzia eskatu die, eta lehentasuna kaltetuei laguntzea dela gaineratu du. Horretarako, Jaurlaritza prest agertu da norbanakoei laguntza emateko, baita erakundeen arteko elkarlanerako ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna