euskal herria

Zaballako eta Basauriko espetxeetara eraman dituzte atxilotuak

Ertzaintza 06:00etan sartu da Aske Gunean, eta jendea arrastaka eta kolpeka atera du. Zigortutako zortzi lagunetatik sei zeuden Aske Gunean. Martuteneko espetxera eraman dituztela esan du Jaurlaritzak; atxilotuetako inor, ordea, ez dago han, abokatuak esan duenez. Zaballan eta Basaurin daude. Zigortutakoez gain, beste bi lagun atxilotu dituzte, Ertzaintzari aurre egin diotelako. Gutxienez hogei zauritu badira, ertzainak borrekin hasi direlako eta harresian zeudenak indarrez eraman dituztelako. Herritarrak udaletxearen aurrean eta Alderdi Ederren bildu dira protesta egiteko. Bideoa: Beñat Apalategi, absolbituetako bat (BERRIA).

Ertzaintza 06:00etan sartu da Aske Gunean, eta jendea arrastaka eta kolpeka atera du.

Berria -

2013ko apirilak 19

Ertzaintza goizeko seiak inguruan iritsi da Bulebarrera, eta ordu erdi geroago hasi da herri harresia desegin nahian. Bi ordu geroago atxilotu dituzte aurreko astean Segikoak izatea leporatuta, torturapeko deklarazioetan oinarrituta, espetxera zigortutako gazteak. Zigortuetako sei zeuden Aske Gunean. Tarte horretan, herri harresian zeuden ehunka lagun askatu behar izan dituzte ertzainek. Jarrera erabat baketsua izan dute harresikoek, baina Ertzaintza borrekin eta kolpeka oldartu zaie handik ateratzeko. Hainbat zauritu daude Ertzaintzaren indarkeriak eraginda. Harresitik atera ondoren ere ertzainek iraindu dituztela salatu dute zenbaitzuek: "Iletik tiraka eraman naute, betaurrekoak hautsi dizkidate, puta naizela esan eta guztiak bortxatuko gaituztela esan didate", salatu du neska batek, AskeGunea Twitterreko erabiltzailearen arabera.

Kosta zaio, bai Ertzaintzari jendea banaka ateratzea, iritsi diren unean ere ehunka baitziren gazteei babesa ematen ari zirenak. Lekukoen arabera, asko ziren bertara joandako ertzainak. Bulebarra itxi egin dute ibilgailu eta oinezkoentzat, eta modu horretan hasi dira goizaldean gazteak atxilotu nahian. Hasieran, arrastaka eraman dituzte herri harresian zeudenak, baina gazteak dauden lekura gerturatu ahala, ertzainek orduan eta jarrera bortitzagoa izan dutela diote lekukoek.

Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe, Egoi Alberdi eta Aitor Olaizola dira zigortutako zortzi gazteak.

Zortzi gazteen animoak, harresian zeudenei

Oier Lorente zortzi gazteetako batek animo mezuak eman dizkie eurak babesten ari direnei, atxilotu aurretik: "Aupa gazteak! Guk ere maite zaituztegu". Herri harresitik eramaten zituztenen artean pena eta amorrua ikus zitekeen, baita malkoak ere. Handik atera eta Parte Zaharrera sartzeko kale batera eraman dituzte. Ertzaintzaren aurrean, ordea, tinko eutsi diote euren jarrera baketsuari herri harresian egon bitartean. Twitter sare sozialean #resist8 etiketa ari dira erabiltzen. Gazteen aldeko oihuak uneoro entzun zitezkeen herri harresian, baita Ekaitz Iberoren aldeko oihuak ere. Aurreko astean atxilotu zuten Ibero, beste auzi batean zigortua.

Tarte horretan guztian, kazetariak urruneko lekukoak izan dira. Ertzaintza Bulebarrera iritsi denean, kazetariei handik ateratzeko eskatu ondoren, hiru abisu eman dituzte, eta gero hasi dira jendea ateratzen, arrastaka hasieran eta indarkeria handituz gero. Kazetariei kioskoan egoteko esan diete, euren lana ez "oztopatzeko". Bazihoazenean argazkilari bati ere oldartu zaio ertzain bat, "ez dago ikusteko ezer hemen" esanez. Atxilotuak eraman ondoren, lekukorik gabe, karpan geratu direnei are eta gehiago oldartu zaizkiela esan dute lekukoek.

Iñigo Cabacas gogoan

Espero bezala, ehunka ziren zortzi gazteak babesten ari zirenak herri harresian. Elkarri helduz modu baketsuan eragotzi nahi izan dute bi orduz zortzi gazte zigortuen atxiloketa. "Euskal gazteria aurrera" eta beste batzuk ozen entzun dira Bulebarrean. Ertzaintzak indarra erabiltzen zuenean ere, oihuak eta txistuak asko izan dira. Iñigo Cabacasen aldeko oihuak ere entzuten dira Bulebarrean, eta ertzainei eurek hil zutela aurpegiratu diete.

Atzo egun osoz aritu zen Ertzaintza joango zelako zurrumurrua. Iñigo Urkulluk herenegun esan zuen Ertzaintza "polizia judiziala ere" badela eta epaileen agindua beteko zuela. Donostia inguruko polizia etxeetan mugimenduak sumatuta, herri harresia iristen zenerako prestatu ziren Bulebarrean zeudenak. Atzo goizaldean jada bi aldiz joan zen Ertzaintza, baina bietan ere inor atxilotu gabe bueltatu ziren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna