Euskaltegietako diru sailak bere horretan segituko du, eta ikasleen laguntzak berreskuratuko ditu Jaurlaritzak

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko maiatzaren 6a
15:49
Entzun

Beste laguntza deialdietatik aparte joaten da, baina Eusko Jaurlaritzak gaur eman du helduen euskalduntzerako diru sailaren berri ere. Aurreko urteko kopuruari eutsi egingo diote, eta 31.272.000 euro bideratuko dituzte horretara. Baztarrikak azaldu du itunpeko euskaltegiek iazko finantzaketa berbera izango dutela, eta udal euskaltegien kasuan gehiago ere jasoko dutela, HABEk eta Eudelek sinatutako itunean zehaztutako kopuruari egingo baitiote kasu, «mozketarik gabe».

Cristina Uriarte sailburuak Eusko Legebiltzarrean aurreratu zuen gisan, egiaztapen azterketak gainditu dituztenei laguntza emango die Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak. 700.000 euroko saila gorde dute. Joseba Erkizia HABEko zuzendariak azaldu du lehenengo eta bigarren mailako ikasleek izango dutela laguntza handiena, 400-500 eurokoa; hirugarren eta laugarren mailan, berriz, 100 euro ingurukoa izango da laguntza. Bi arrazoi aipatu ditu: batetik, hasierako mailetan jarri nahi dutela «indarra»; bestetik, azken mailetan ikas-prozesua laburragoa izanik, matrikulan gutxiago pagatzen dutela ikasleek, eta horregatik dela haien laguntza txikiagoa.

Iaz laguntza horiek kendu egin zituen Jaurlaritzak. Aurtengo deialdia udan egingo dute, eta aurtengo lehen deialdira aurkeztuko direnek eta aurreko bigarren deialdia gainditu zutenek jaso ahalko dute. Hortaz, iazko lehen deialdian parte hartu zutenak laguntzarik gabe geratuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.