Mendebaldeko Sahara

Berrogei urte herria eraikitzen

Sahararrek urteak daramatzate egoera bidegabeak pairatzen eta indiferentziari aurre egiten; erbestean, Tindufeko lur mortuan, eta lur okupatuetan, giza eskubideen urraketa etengabean. 40 dira ere Fronte Polisarioak gaur bete dituen urteak, hainbat saharar taldek beren izaerari nortasuna emateko eta zapalkuntzari aurre egiteko erabakitik sortua.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko maiatzaren 10a
14:23
Entzun

Sahara espainiarra, Espainiaren "53. probintzia" deitzen zioten espainirrek beren hegemonia gotortuta zeukaten guneari. Han sortu zen Fronte Polisarioa, ofizialki 1973ko maiatzaren 10ean, probintzia horretan zeuden sahararren talde nazionalistek bultzatua. Gaur egun ere saharar guztiak biltzen dituen erakunde politikoa da, eta haren esku dago SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko lur askatuetako eta Tindufeko antolaketa osoa.

Saharrarentzat egun pozgarria da gaurkoa, herri gisara munduko mapan kokatu zituen erakundea sortu baitzen. Hazi egin dira berarekin, hezi; kultura eta nortasuna indartu dituzte sahararrek haren bidez, heziketa eta osasuna doanekoa ezarri dute kanpalekuetan, eta oso eraginkorra den antolaketa dute, herritarren inplikazioa duena. Hainbat desfile militar egingo dituzte Tindufen gaur, Marokoren okupaziopean dagoen Aaiun hiriaren izena hartzen duen kanpalekuan. Mohamed Abdelaziz Fronte Polisarioko idazkari nagusiak hitzaldia egingo du hara gerturatu diren nazioarteko ordezkarien aurrean. Hainbat musika emanaldi eta beste hainbat ekitaldi egingo dituzte, herria eraikitzen egindako lanak merezi duelako.

Burujabetza, ordea, sufrimendu handiz lortzea kostatzen ari zaien ametsa da oraindik. Espainiarrek Marokoren esku lurrak utzi eta bonbardaketetatik ihesi atera ziren milaka pertsonaren basamortura exodoa etsigarria izaten da askotan; Marokoren pean bizi direnen egunerokoa, bortitza. Erbestearen eta lur okupatuaren artean familiak banatuta daude. Tindufen Fronte Polisarioak banatzen duen nazioarteko laguntzari esker bizi dira, beste biderik ez die ematen-eta lur idorrak. Inoiz beste parajerik ezagutu ez duten gazteak dauzka basamortuak, gainera, aurreko bizitzaren memoriarik gabe "ezerezaren erdian" zer egiten duten askotan galdetzen dutenak. Lur okupatuetan, berriz, atxilotzea da ekintzaile susmoa duen edonori gerta dakiokeen gauzarik arruntenetakoa; preso eramatea, tratu txarrak edota hilketa herritarren sufrimenduaren parte dira. Marokok errepresio gogorra ezartzen du, eta nazioarteak utzi egiten dio. 

Atzo eta gaur

1975eko azaroaren 14an, Franco hilzorian zegoela, sinatu zituzten Hirukoaren Akordioak, Mauritaniaren, Marokoren eta Espainiaren artean, eta Mendebaldeko sahararren Administrazioa beste bi herrialde sinatzaileen esku utzi zuen Espainiak.  Praktikan Espainiaren “probintzia” Marokori eman zion. Hurrengo egunean Marokoko aire armadak sahararrak bonbardatu zituen, eta herritarrek itzulerarik gabeko ihesa hasi zuten. Martxa Berdea iritsi zen hurrena, Franco hil zen egunean, eta milaka zibilen martxa hasi zen, okupazio militarra hasi eta Marokoko funtzionarioek administrazioa hartu zuten. 1976ko otsailaren 27an sortu zuten SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, azken funtzionario espainiarrak atera ziren egun berean. Milaka sahararrek alde egiten jarraitu zuten, basamortuan 200 kilometro eginez, Aljeriako mugaraino, Tindufera. Sahara Askatzeko Herri Armadak, Fronte Polisarioak gidatuta, okupatzaileen kontra borrokan jarraitu zuen 1979 arte, gerrillen gerra egiten, Mauritaniarekin bakea sinatu zuen arte. Orduantxe gerra irekia bilakatu zen Marokoren kontra.

Gerrak hamabost urte baino gehiago iraun zuen, 1991n su-etenari heldu zioten arte. Bake prozesuari heltzea hitzartu zuten Nazio Batuen Erakundearen babesean, eta helburua, autodeterminazio eskubideari buruzko erreferenduma egitea zen, 1992ko urtarrilaren 15ean. Gaur arte.

Hainbat garai igaro dituzte sahararrek orduztik. Errolda izan zen aitzakia lehenik. Marokok lur okupatuetako marokoarrak sartu nahi zituen. Eremuko herritar guztiek botoa eman dezaten aztertetzekotan geratu zen Fronte Polisarioa, baina urrats hori egin zuenean, Marokok ez zuen onartu. 2007an NBEk elkarrizketa zuzenak proposatu zituen, eta hainbatetan eseri dira, baina ez dute ezer lortu. 80 herrialde baino gehiago dira, era berean, SEAD ofizialki onartzen dutenak, baina interes ekonomikoek eta politikoek gainetik egoten jarraitzen dute.

Agdaim Izik bezalakoak gertatzen dira oraindik, eta azken hika-mikan berriz ere Maroko atera da irabazten. Nazio Batuen Erakundeak ez du ikertuko Mendebaldeko Saharan giza eskubideak errespetatzen diren ala ez, AEBek aurkeztutako proiektua bertan behera gelditu ostean. Herrialde horretako enbaxadore Susan Ricek idatzi zuen zirriborroa, eta NBEn aurkeztu. Bertan, Minurso misioaren berritzea planteatzen zen, soldaduek giza eskubideen betetzea gainbegira zezaten, bai Saharan, baita Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetan ere. Zer ospatu badute, zer borrokatu ere bai.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.