ARKEOLOGIA

Neanderthal garaiko gizakiak eginiko tresnak aurkitu dituzte Praileaitzen

Haitzuloan aurkitutako objektu zaharrenak duela 12.000-17.500 urtekoak ziren, eta joan den irailean aurkitutako harrizko tresnak duela 40.000-120.000 urteetakoak dira. Horrek esan nahi du Cro-Magnongo gizakiaren aurreko aztarnak aurkitu dituztela arkeologoek, Neanderthal garaikoak hain zuzen.

Igor Susaeta -

2013ko maiatzak 10

Joan den irailean eta azaroan egin zituzten indusketak, bi hamabostalditan banatuta. Debako (Gipuzkoa) haitzuloko hiru espaziotan egin zituzten: atarian, mendebaldeko galerian eta barneko bigarren gelan. Datorren irailean gune horietan sakontzen jarraituko dutela jakinarazi du Xabier Peñalver arkeologoak. Langintza horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiak 30.000 euro bideratuko dituela adierazi du Ikerne Badiola Kultura diputatuak (iaz 33.203 euro eman zituen diputazioak).

Badiolak, gainera, Praileaitzen babes maila handitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. "Ez da nahikoa inondik ere; are gutxiago Espainiako Kongresuak Kosta Legea aldatu duenean". Hala adierazi zion Jaurlaritzari iazko ekainaren 7an, Praileaitz babesteko abian jarritako espedienteari alegazioak aurkezterakoan. Bi aldaketa planteatu ditu diputazioak. Batetik, Praileaitz I haitzuloaren perimetro babesa 65 metrotik 100 metrora handitzea, eta babes handiko zona horretan Deba ibaiaren ondoko mendi magala sartzea, haitzuloaren paisaia kulturala mantentzeko. Eta bestetik, eremu hori Ondare Legearen bidez babestea, eta ez soilik Kosta Legearen bidez, egun gertatzen den bezala

Izan ere, herenegun Espainiako Kongresuan onartutakoaren arabera, itsasadarretan babes zortasuna 100 metrotik 20ra pasa ahal izango da Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean, udalek hala eskatuz gero.

Badiolak eskatu dio Jaurlaritzari "ausart" jokatzeko, eta Praileaitz babesteko neurriak "berehala" hartzeko, "ondarea interes ekonomikoen gainetik jarriz".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna