ASKE GUNEA

Aske Gunera joateko dei "zintzoa" egin dio Alkortak Beltran de Herediari, egoeraz mintzatzeko

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari helarazitako gutun bat irakurri du Urtza Alkortak. "Noiz da zuretzat ni atxilotzeko une egokia?", galdetu dio. Elkarretaratze bat egin dute goizean, eta ehunka pertsona batu dira bertan. Gauerdian, 02:00etan eta 04:00etan igaro dira poliziak Alamedatik.

2013ko maiatzaren 13a
17:55
Entzun

Laugarren eguna du gaur Alkorta babesteko herri harresiak. Tentsio handiko gaua igaro eta gero, hainbat herritar izan dira goizean ere Ondarroako Alamedan. Batzarra egin dute, eta Aske Gunera joateko deia berretsi dute. Goizeko hamaiketan elkarretaratzea egin dute Kartzelak husteko garaia da, herri harresia eraiki lelopean, eta eguerdian Alkortak berak eman du Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari igorriko dion gutun baten berri.

Alkortak dei "zintzoa" egin dio Beltran de Herediari, Aske Gunera joan eta egoeraz hitz egiteko. Galdetu dio ea "noiz" den berarentzat Alkorta atxilotzeko "une egokia" —sailburuak esan zuen "operatiboki une egokia" denean atxilotuko duela Ertzaintzak Alkorta—, eta erantsi du ez dela une egokirik "atxiloketa politikoak" egiteko.

Gainera, Alkortak ohartarazi du Ertzaintza izan zela arestian atxilotu eta torturatu zuena, eta galdetu du: "Zein da Ertzaintzak aro politiko berri honetan jokatu beharreko papera?". "EAJk erabaki egin beharko du, Espainiaren eskutik jarraitu edo Euskal Herriaren aldeko hautua egin behingoz", gaineratu du.

Egitaraua eta udalbatza

Halaber, Ondarroako Udalbatzak 20:00etan eztabaidagai izango du Alkortaren egoera. Arratserako egitaraua ere jakinarazi dute: 17:00etan ipuin kontalari bat izango da umeentzat; ondoren, Igor Elortza eta Unai Iturriaga ariko dira bertsotan; eta iluntzean, Su Ta Gar taldeak kontzertu bat eskainiko du.

Tentsio handiko gaua bizi izan dute Ondarroako Aske Gunean, Ertzaintza hiru aldiz igaro baita Alamedatik. Mutrikutik irteten lau furgoneta ikusi dituztela-eta, aurrenekoz gauerdian joan dira poliziak; 02:00etan joan dira berriro, eta beste behin goizaldeko lauretan. Ez dute Alkorta atxilotu.

Ertzantza gerturatu den uneetan turrunak Aske Gunean bildutakoak eta etxean egon diren herritarrak esnatu ditu. Jarraian zubia harresia eratu dute. Jendeak Alkorta inguratu du.

Ehunka lagun gauean

Ehundik gora herritar izan dira bart gauean Alamedan lotan, eta atzoko egunean zehar jendetza igaro zen Aske Gunetik; besteak beste, han izan zen Laura Mintegi EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen taldeko burua.

Eguerdian egin zituzten elkarretaratzea eta agerraldia, eta EAJri egin zioten eskari bat: "EAJk nahi badu, herri harresian lekua du. Madrildik zuzendutako inposizioei aurre egitea errazagoa da denon artean. Beraz, gure enplazamendua zuzena da: utzi ezazue herri honen bake nahiak zapuztu nahi dutenen elkarkidetza".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.