KIROLA

Alexei Bolotov errusiarra hil da Everest igotzen ari zela

Soka hautsi zaio bide berri bat irekitzen ari zela. Bi aldiz irabazi zuen Urrezko Pioleta. Iñaki Otxoa de Olza salbatzeko lanetan parte hartu zuen 2008an; edema bat zuelako jaitsi egin zen, iruindarra eta Colibasanu goian utzirik, baina haiengana itzuli zen nola zeuden jakin zuenean.

Bolotov. /
Bolotov. / Pura Vida

Berria -

2013ko maiatzak 15

Alexei Bolotov alpinista ezaguna (Errusia, 1963) hil zen atzo, Everesteko (8.848 metro) hego-mendebaldean bide bat irekitzen saiatzen ari zela erorita. Bolotovek 50 urte zituen, eta ibilbide ikusgarria: 11 zortzimilako zeuzkan igota, eta bi aldiz irabazitakoa zen Urrezko Pioleta. Ingeniaria zen, eta harro zeraman hori: "Alpinismoa denbora-pasa da niretzat, ez dut famarik nahi", zioen. SESB desegin baino lehen hasi zen alpinismoan, kirol bezala oso leihakorra zen garaian. Joera horretatik aldendu zen bera, ordea. "Hau ez da futbola edo tenisa. Honek ez du dirurik ematen. Horregatik ez goaz hara arrakastaren bila. Hara goaz bizitza ematen digulako".

Bere izena eta Iñaki Otxoa de Olza iruindarrarena 2008ko maiatzaz geroztik lotuta geratu ziren betiko, Holia Colibasanurenarekin batera, Bolotovek Otxoa de Olza laguntzeko lanetan parte hartu baitzuen. Datorren astean beteko dira bost urte Otxoa de Olza hil zela, maiatzaren 23an, Annapurnan. Erreskatearen nondik norakoak kontatzeko filmean, Pura Vida, parte hartu zuen: "Nik ez naiz mendian arriskatzen", zioen. Eta emazteak: "Eta Annapurnara bakarrik igotzea ez al zen arriskutsua izan?".

Espediziokide ziren Otxoa de Olza, Bolotov eta Horia Colibasanu 2008ko maiatzean Annapurnara igotzeko. Iruindarrak, gaixo, igoera utzi zuenean, Colibasanu geratu zen berarekin, eta Bolotov gailurrera iritsi zen. Bueltakoan edema bat zuen biriketan, eta jaitsi beharra izan zuen, ez hiltzeko, baina egoraren berri izan zuenean gora itzuli zen. "Iñakiri laguntzeko itzultzea nire eginbeharra zen", esan zuen gero. "Gizakiok elkar laguntzeko beharra daukagu, edozein egoeratan. Tontorrera ailegatzea ez da beharra, ez diot inori zor, baina laguntzea beharrezkoa da eta ez dago nire osasunaren menpe. Egin beharra daukat edozein egoeratan nagoelarik ere".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna