HEZKUNTZA

Hezkuntza erreformatzeko proiektua onartu du Madrilek, orain arteko legeek adinako zilegitasuna duela esanda

Oinarrizko egituran lege proiektuak ez du aldaketarik egin orain arteko zirriborrotik Espainiako Gobernuak. Berretsi du irakats-hizkuntza gaztelania izatea nahi dutenei bermatu egingo dietela hori. "Oso salbuespeneko neurria izango da", esan du Wertek, hala ere. Erlijio ikasgaia ebaluagarria izango da.

Hezkuntza erreformaren kontrako protesta ba,martxoaren 2an, Gasteizen.
Hezkuntza erreformaren kontrako protesta ba,martxoaren 2an, Gasteizen. Juanan Ruiz/Argazki Press

Garikoitz Goikoetxea -

2013ko maiatzak 17

Espainiako Gobernuak lege proiektu bihurtu du hezkuntza erreforma. Jose Ignacio Wert ministroaren plana aurreko astean zen ministroen kontseilutik igarotzekoa, baina, gobernuan bertan desadostasun batzuk eragin zituenez, gaur arte atzeratu dute onarpena. Finean, Wertek eman dituen azalpenetatik uler daiteke aparteko berrikuntzarik ez dagoela aurrez iragarria zutenetik. 

Protesta handiak izan dira kalean erreformaren aurka, baina PPren gobernuak berretsi du aurrera jarraituko duela. "Gure esku dagoena egingo dugu akordioa lortzeko, baina proiektuaren oinarrien nortasuna galdu gabe". Werten esanetan, orain arte indarrean jarri diren legeek adinako zilegitasuna du udazkenean onartu nahi duenak. Areago, adibidea jarri du: PSOEren gobernuaren hezkuntza legea 181 botorekin atera zuten aurrera; PPk berak, beste inork babestuko ez balu ere 186 diputatu dauzka.

Aldaketa handirik ez dago proiektuan. Hona hemen gaurko agerraldian hizpide handiena eragin dutenak.

1. Gastua. Erreformak eskatuko dituen aldaketak nork pagatu, ika-mika dute Madrilek eta autonomia erkidegoek, baita PPren esku daudenek ere. Gobernuaren arabera, desadostasun horiek atzeratu zuten erreforma proiektua. Wertek berretsi du legea ezartzeak zuzenean eragingo dituen gastuak —oinarrizko lanbide heziketa ezartzea, DBHko ibilbideak ugaritzea...— gobernuak hartuko dituela bere gain, eta Europako Funts Sozialaren dirua jasotzeko aukera izango duela. "Ziur gaude. Bermea daukagu". Autonomia erkidegoek "zeharkako gastuak" hartu beharko lituzkete beren gain; hots, Lanbide Heziketako ikasleak gehitzeak sortuko lituzkeenak, esate baterako.

2. Hizkuntza. Kataluniako murgiltze eredu orokortua auzitan jarri du PPren gobernuak erreformarako bidea hasi zuenetik. Wertek berretsi du irakats-hizkuntza "gaztelania ere" izatea nahi dutenen eskubideak bermatuko dituela. Horretarako, eskola pribatua administrazioak pagatzea jarri du mahai gainean. Deigarri dira zenbakiak: Katalunian, aurten hamazazpi familiak eskatu dute gaztelaniaz eskolatzeko, baina PPren gobernuak, erreformaren aurreikuspenetan, lau milioi euroko gastua aipatzen du. "Hipotesi bat da, besterik gabe", esan du ministroak. Eskola hori pagatzea Generalitateari dagokiola ageri da legean, baina hark esana du horren aurkakoa dela. Werten formula: Madrilek jarriko du dirua eskola horiek pagatzeko, eta Generalitatearen tranferentzietatik kenduko du gero.

3. Erlijioa. Aukerazko ikasgaia izango da. Orain arte, ikasleek hautatu behar duten Erlijioa edo Etika ikasgaien artean. Aurrerantzean ez da bat aukeratu beharko. Hautazko ikasgaia izanda, notarako kontatuko dute. Elizaren urteetako eskaria izan da hori. Wertek argitu du, nolanahi ere, 'ebaluazio nazional' direlakoetan ez dutela sartuko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna