Lan gatazka

Inasatik makinak eramatea eragotzi du langile harresiak

Materiala ateratzera joan diren lagunak gelditu egin dituzte, eta Guardia Zibilak haien autoak miatu ditu. Ez dute makinarik eramaterik lortu.

Inasako langileak,
Inasako langileak, "harresia" eginda. / Idoia Zabaleta/ARP

Iker Tubia -

2013ko maiatzak 22

Inasa irekirik mantentzeko aukerak badaudela iritzita, makinak ez eramateko harresia sortu dute ehun lagun inguruk Irurtzunen (Nafarroa). Ez dute makinarik eraman, eta, beraz, "garaipen txiki bat" izan dela esan du Gaizka Uharte LABeko kideak . Langileek materiala eramatera joan diren lagunak gelditu egin dituzte. Horren ondorioz, Guardia Zibila agertu da, eta erosleen autoak miatu dituzte. Harresia egin duten langileei esan diete ez dutela gaitasunik "ofizioz jokatzeko", baina helburua lortu dute. Uhartek politikarien "utzikeria" salatu du. "Guri ez dagokigun lan bat egiten ari gara: enplegua babesten ari gara". 

Makinak ateratzea "irregularra" dela dio Uhartek, eta eraman ez ditzaten borrokan jarraituko dutela azaldu du. "Benetan badago aukera Inasa irekita mantentzeko, baina ezin dituzte makinak eraman". Inbertitzaileren bat egon daitekeela esan du LABeko kideak, eta hurrengo egunak "giltzarri" izanen direla uste du. "Inbertitzaile bat egotea erabakigarria da, babes soziala egon badelako". Gainera, eskaintzarik balego enplegua lehenetsiko litzatekeela esan dietela nabarmendu du LABeko kideak. Oraingoz haima bat muntatu dute makinak 24 orduz zaintzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna