Musika

Georges Moustaki kantaria hil da, 79 urterekin

XX. mendeko kantagintzaren erreferente nagusietakoa izan da. Bideoa: Moustaki euskaraz kantuan, Imanol Lartzabalekin.



Berria.info -

2013ko maiatzak 23

Georges Moustaki kantaria, frantsesezko kantaririk ezagunenetako bat —eta beste hainbat hizkuntzatan ere aritua— hil da gaur, 79 urte zituela, Nizan (Frantzia). Alejandrian (Egipto) sortu zen, 1934ko maiatzaren 3an, Giuseppe Mustacchi jatorrizko izenarekin. Greziako Korfu uhartekoak zituen gurasoak, eta hainbat kulturaren eragina izan zuen txikitan (Greziakoa, Ingalaterrakoa, Portugalgoa, Espainiakoa, Italiakoa, Alemeniako eta herri arabiarretakoa, besteak beste).

Georges Brassens eta Edith Piaf kantuan entzutean piztu zitzaion kantagintzarako zaletasuna eta pasioa, eta Parisen laketu zen, 1951n. 60ko hamarraldian Edith Piaf, Yves Montand, Barbara eta Serge Reggiani kantarientzako kantuak sortu zituen, batzuk arrakasta handikoak: Sarah, Ma solitude, Il est trop tard, Ma liberté, La dame brune, Joseph, La marche de Sacco et Vanzetti… Georges Brassensen omenez hartu zuen Georges Moustaki izen artistikoa.

Le Métèque kanta sortu eta grabatu zuen 1968an, eta harekin izandako arrakastak Moustakiren izena zabaldu zuen Europako herrialde gehienetan. Harrezkero, kantagintzaren arloko erreferente nagusietako bat izan da, oso estimatua batez ere Europako ezkerreko mugimenduetan. 

Le Métèque (1969), Il y avait un jardin (1971), Danse (1972), Déclaration (1973), Moustaki Live (1974), Espérance (1977), C'est là (1981), Olympia 2000 (2000), Vagabond (2005) eta Solitaire (2008) dira Moustakiren ibilbideko disko ezagunenetako batzuk.

Azken kantaldia 2009ko urtarrilaren 8an egin zuen, Bartzelonan. Ez zuen amaitzerik izan, arnasa hartzeko zailtasunak sortzen zizkion gaitz bat zuelako. 2011ko urriaren 13an jendaurrean kantatzeari utziko ziola jakinarazi zuen, osasun arazo haien ondorioz.

Euskaraz ere kantatu zuen Moustakik, Imanol Lartzabalekin batera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna