Euskal herria

Ustez Urbiakoa zen basurdeen bideoa Europa ekialdean hartutakoa da

EHNEk basurdeen ugalketa kontrolatzeko "neurri eraginkorrak" eskatu dizkio Gipuzkoako Aldundiari, eta, ugalketaren erakusgarri, bideo bat bidali du, Urbian udazkenean grabatutakoa zelakoan. Bideoa, ordea, Europa ekialdean hartutakoa da, orain dela bi urte, gutxienez. EHNEk barkamena eskatu du, baina basurdeen ugaltzea arazo bat dela nabarmendu du. Bideoa: jatorrizkoa.

Berria -

2013ko maiatzak 24

Hainbat dei egin ondoren, azkenean argitu da EHNEk Urbian grabatuta zegoelakoan zabaldu duen bideoa ez dela Euskal Herrian hartua, Europa ekialdean baizik. Bideo bera Youtuben dago ikusgai orain dela bi urtetik, eta 200.000 bisitatik gora jaso ditu.

Gainera, ez da lehen aldia beste leku batekoa delakoan zabaltzen dela, behin baino gehiagotan zabaldu baita, itxuraz. EHNEk barkamena eskatu du bideoa oker zabaltzeagatik eta horrek sor ditzakeen eragozpenengatik, baina hori alde batera utzita, basurdeen ugalketa arazo bat dela azpimarratu du.

"Kalteak, aurten ere, asko"

EHNEk bideoa zabaldu du erakusteko basurdea gehiago kontrolatu beharko litzatekeela. Azken urteetan, euren iritziz, asko ugaldu dira basurdeak, eta, ondorioz, kalteak ere ugaritu dira. "Iaz, 300 kasuren baino gehiagoren berri eman zuten baserritarrek EHNEn, eta aurten ere kopurua handia da". 

Gipuzkoako Aldundiari neurri gehiago hartzeko eskatu diote. Izan ere, aurten otsailean uxaldi epea luzatu eta hurrengo ehiza denboraldia lehenago hastea erabaki zuen arren, basurde kopuruak gora egin duela dio EHNEk, eta horrekin batera, kalte kopuruak ere bai.

"Neurri prebentiboen barruan, aldundiak Ehiza Federazioaren bidez hesi elektrikoak jartzea proposatu zuen, baina horrek ez du ekidin basurdeen neurri gabeko ugalketa", gaineratu du. Neurri eraginkorragoak ezartzeaz gain, kalteengatik baserritarrek jasotzen dituzten kalte-ordainen balorazio taula berritzeko ere eskatu diote aldundiari.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna