Albistea entzun

istiluak

Hamahiru badira Iruñerrian atxilotutakoak

Donostian beste pertsona bat atxilotu du Ertzaintzak. Piketeetan parte hartzen ari diren dozenaka pertsona identifikatu ditu Poliziak han eta hemen. Aitor Torre Bilduko batzarkidea salatu du Ertzaintzak. Eraso batzuk egin dituzte goizaldera. PPk "kale borrokaz" hitz egin du, eta gastuak sindikatuek pagatzea nahi du UPNk. Bideoa: goizeko manifestazioaren ondorengo Iruñeko irudiak (InfoGunea).

Berria -

2013ko maiatzak 30

Hamahiru gutxienez badira grebaren harira Iruñean atxilotutakoak. Eguerdiko manifestazioaren ondoren, istiluak izan dira grebalarien eta Poliziaren artean. Oldartu egin zaie Polizia manifestariei protestaren amaieran, Sarasate pasealekuaren inguruan. Bost pertsona atxilotu dituzte: edukiontziei su ematea leporatu diete lauri, eta besteari, autobus batzuen aurka harriak jaurtitzea. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak jakinarazi du, gainera, polizia bat zauritu egin dela istiluetan; zauritutako manifestarien berririk ez dute eman oraingoz.

Eguerdirako zortzi lagun atxilo hartuak zeuzkan Espainiako Poliziak. 08:30 aldera atzeman dituzte lau, Arrotxapea auzoan; Poliziak dio "kalera botatzeko materiala" eta autobusen gurpilak zulatzeko gailuak atzeman dizkietela. Horietako bat jadanik aske utzi dutela azaldu du Ateak Ireki webguneak. Burlatan atzeman dituzte beste lau, 10:15ean. Desordena publikoak eragitea egotzi diete.

Dozenaka eta dozenaka lagun identifikatu dituzte, gainera, han eta hemen. 17:00etan, honakoa da Ertzaintzaren balantzea: atxilotu bat (Donostian, desobedientzia delitua egotzita), bost inputatu eta 57 identifikatu. Piketeak zorrotz zaintzen ari dira poliziak, eta ez diete saltokietara eta lantegietara hurbiltzen utzi kasu askotan. Bilbon, El Corte Ingles inguruan, Bilduko batzarkide Aitor Torre atxikita eduki du Ertzaintzak; Bilduko iturriek BERRIAri azaldu diote Torre lasaitasuna eskatzera hurbildu dela poliziengana, eta orduan atxiki dutela. Salaketa jarriko diotela esan diote, "agintariari errespetua faltatzea" egotzita.

Tentsio une batzuk gorabehera, nahiko lasaia izaten ari da greba eguna. Hernanin (Gipuzkoa), molotov koktelak bota dituzte zenbait banketxetara; Etxarri Aranatzen (Nafarroa), bi edukiontzi erre dituzte, eta Ezkabarten (Nafarroa) pneumatikoak. Trenbideetan sabotajeak izan dira: katenaria moztu dute Bilbon eta Zaratamon (Bizkaia), baina dagoeneko bere onera etorrita dago zerbitzua —gutxienekoak ematen ari dira Renfen—. Bart gauean, Iruraitz-Gaunan (Araba) moztu dute katenaria, eta zerbitzua eten behar izan dute Gasteiz eta Altsasu (Nafarroa) artean.

"Kale borroka" eta gastuak

Egunean zehar gertatu diren istiluei buruz hitz egin dute PPk eta UPNk. Nerea Llanos PPko parlamentariak kontu hartu dio Eusko Jaurlaritzari, eta ohartarazi du "kale borroka berpizten" ari dela. Segurtasun Sailaren jardunari buruz argibideak eskatuko ditu Eusko Legebiltzarrean. UPNk, berriz, istiluetan sortutako kalteen eta kaleak garbitzeko lanen gastua sindikatuek pagatzea nahi du. Sergio Sayas bozeramaileak esan du "kalteak, pintaketak eta delituak egiteko doako barra" jartzen dela "sindikatu abertzaleek lanuzte batera deitzen duten bakoitzean".

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

LKS Nexten eraikina. ©Mondragon Korporazioa

LKS Next aholkularitza taldeak 53 milioi fakturatu ditu 2022an

Maddi Iztueta Olano

Mondragon kooperatibako taldearen salmentak %28,8 handitu dira hiru urtean, eta ia berrehun langile gehiago ditu.

Elkarretaratzea Ascobi patronalaren egoitzaren aurrean, Bilbon, ELAk deituta. ©Monika del Valle / FOKU

Sakabanatua baina arrakastatsua izan da Bizkaiko eraikuntzako lehen protesta eguna

Maddi Iztueta Olano

CCOOren arabera, lantaldearen %80k hartu du parte bost orduko etenaldian. ELAk egun osoko grebara deitu du. Mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute, KPIaren araberako soldata bermatu arte.

Langile talde bat, Bilboko portuan dagoen enpresa batean ©Marisol Ramirez (Foku)

Euskal enpresek ezkor begiratzen diote hirugarren hiruhilekoari

Jokin Sagarzazu

%23,7k soilik espero dute salmentak hobetzea. Hala ere, enplegua egonkor mantenduko dela uste dute

La Moreak H&M dendako langileak atzo, Iruñeko udaletxearen parean, protestan. ©ELA

La Moreako H&Mko langileak, urte erdi greba mugagabean

Iñaut Matauko Rada

2009tik ez diete soldata igo langileei, eta, ELAren arabera, ordutik %25 apaldu zaie erosteko ahalmena.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...