Ekitaldiak

Politika ekonomikoa eta soziala aldatu ezean protestekin jarraituko dutela iragarri dute sindikatuek

84.000 manifestari izan dira goizeko mobilizazioetan, sindikatuen arabera. Gasteizen egin dute gaurko ekitaldi nagusia, eguerdian. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak adierazi du borrokatzen denean gutxiago galtzen dela, eta greba gehiago iragarri ditu. Ainhoa Etxaide LABekoak "iparrorratza" zuzentzeko eskatu dio Urkulluri: "Gu gara herri honen motorra". Sindikatuen arabera, goizeko manifestazioetan 84.000 lagun mobilizatu dira.

Taberna bat Donostian, grebarekin bat eginda. /
Taberna bat Donostian, grebarekin bat eginda. / Jon Urbe/ARP

Berria -

2013ko maiatzak 30

Milaka eta milaka herritar bildu dira gaur goizean Hego Euskal Herrian grebara deitu duten sindikatuek egin dituzten mobilizazioetan. Goizean goizetik izan dira manifestazioak han eta hemen, hiri, herri eta auzoetan, baina jendetsuenak eguerdian izan dira, lau hiriburuetan, leku desberdinetatik atera diren zutabeek bat egin dutenean. Sindikatuen arabera, 84.000 lagun mobilizatu dira: 25.000 Bilbon eta Donostian, 20.000 Gasteizen eta 16.000 Iruñean. Aurreko greban baino 24.000 manifestari gutxiago izan dira beraz.

Sindikatuek Gasteizen egin dute eguneko ekitaldi nagusia. Milaka lagun elkartu dira lan eta gizarte eskubideen alde eta murrizketen kontra. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak salatu du borroka egiteko unea dela, "botere ekonomikoek txotxongilo moduan erabiltzen dituztelako gobernuak". Gaineratu du horiek borrokaren balioa gutxietsi egin nahi dutela baina hori ez dela horrela: "Borrokatzen denean gutxiago galtzen da. Borrokatzen ez denean galtzen dena ez da berreskuratzen". Greba gehiago ere izango direla iragarri du Muñozek.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari mintzatu zaio, eta esan dio herri akordiorik ezin dela egin herri hau aurrera ateratzen dutenak aintzat hartu gabe. "Zuzendu zure iparrorratza. Gu gara Euskal Herriaren motorra. Guk ateratzen dugu herri hau aurrera".

Andra Mari Zuriaren plazan egin dute ekitaldi nagusi hori, Eusko Legebiltzarretik gertu. EH Bilduko parlamentariak ez dira gaur osoko bilkura izan grebarekin bat egin dutelako. Muñoz Legebiltzarrean zeudenei zuzendu zaie eta galdetu die ea ondo iruditzen zaien antolatzen ari den "txikizio sozial sistematikoa". Aitortu du ELAko idazkaria izaera politikoa ere baduela grebak: "Zergatik ez dute azaltzen Urkulluk eta Barcinak defizitean bost hamarreko gehiago dituztelako erreforma oso gogor gehiago onartuko dituztela?". Eusko Jaurlaritzari patronalaren bidea ez jarraitzeko eskatu dio.

Etxaidek gaineratu du "premiazkoa" dela "egiturazko erreforma fiskal bat" hitzartzea, dagoen aberastasuna baliatu eta zerbitzu publikoak hobetzeko. Egin ezean, LABek "kapitalaren hitzarmenak zapuzten" jarraituko duela iragarri du. "Hemen badago nahikoa masa sozial akordio garrantzitsuena egiteko: murrizketak ezarriko ez dituen akordioa.

Gasteizko ekitaldiaz gain, ekitaldi jendetsuak izan dira Bilbon, Donostian era Iruñean ere. Iruñean manifestazioaren ostean istiluak izan dira. Polizia grebalariei oldartu zaie, eta hainbat lagun atxilotu dituzte. Donostian ere atxilotu bat izan da, eta hainbat lagun auzipetu dituzte. Arratsalderako mobilizazio gehiago daude deituta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna