HONDAKINAK

Birziklatze tasa %28tik %83ra igo da Lezon

Ainhoa Zabalo alkateak azaldu du "aurreikuspen guztiak" gainditu dituztela, eta nabarmendu du "herritarren inplikazioan" dagoela tasaren gorakadaren oinarria. Gipuzkoan, berriz, birziklatze tasa %33 dela jakinarazi du aldundiak.

Intxaurrandieta eta Zabalo.
Intxaurrandieta eta Zabalo. / BERRIA

Berria -

2013ko ekainak 5

Bihar beteko da hilabete Lezon hondakinak biltzeko atez ateko sistema ezarri zutenetik, eta sistema berriarekin hasi aurretik zituzten aurreikuspenak gainditu egin dituzte, Ainhoa Zabalo alkateak gaur azaldu duenez; %28 birziklatzen zen herrian, eta hilabetean %83ko birziklatze tasara heldu dira.

Gaur goizean eginiko agerraldian eman ditu Zabalok datuak eta azalpenak. Herritarrak zoriondu ditu, eta gaineratu du haien "inplikazioa" dagoela "arrakastaren oinarrian". %80ra iristea espero zuten.

Zabaloren hitzetan, Lezoko datuek adierazten dute "alternatibarik egokiena" dela atez ateko bilketa sistema. Lanpostuak sortzen dituela eta eredu merkeagoa dela erantsi du.

Gipuzkoan, %33

Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, herrialdeko birziklatze tasen berri eman du gaur, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean. Hiri hondakinen %33,4 bakarrik birziklatzen dira herrialdean, batez beste.

Mankomunitateen araberako datuak eman ditu Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak. Urola Kosta, Sasieta, Debagoiena eta San Marko mankomunitateetan dauden herriek birziklatzen dute gehien.

Zerrendan atzerago doaz Tolosaldeko, Urola Erdiko eta Txingudiko mankomunitateetan dauden herrien birziklatze tasak. Datu txarrena Debabarrenak eman du, batez bestekoaren oso azpitik.

2012ko datuak dira horiek. 2011koa izan zen birziklatze tasa Gipuzkoan. "Igoera txikia" izan dela adierazi du Ingurumen diputatuak.

Europako herri eta eskualde askotan, baita Gipuzkoako herri batzuetan ere, birziklatze tasa %70etik gorakoa dela gogorarazi du Errazkinek. "Gipuzkoarrok, aldiz, ez gara erdira ere iristen. Badugu aurrera egiteko oinarria, baina baita bide luzea ere".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna