Euskal Herria

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak mintzaidetza taldea aurkeztu du Baionan

Euskal iheslari politikoen kolektiboak Espainia eta Frantziari eskatu diete iheslarien ordezkariekin biltzeko, Euskal Herriak pairatzen duen arazo politikoari konponbidea aurkitu eta, ildo horretan, iheslarien beren egoerari aterabidea atzemateko.

Iheslarien kolektiboaren agerraldia, gaur.
Iheslarien kolektiboaren agerraldia, gaur. / Nicolas Mollo

Aitor Renteria -

2013ko ekainak 12

Mintzaidetza aniztuna dela azpimarratu dute, iheslarien errealitateak beharturik. Honako hauek izanen dira ordezkariak: Tomas Linaza (Cabo Verde), Alfontso Etxegarai (Sao Tome), Raquel Garcia (Belgika), Josu Lariz (Uruguai), Josu Txutxo Abrisketa (Kuba), Eloi Uriarte, Lurdes Mendinueta, Jokin Aranalde, Jon Irazola, Oxel Azkarate, Jon Garmendia Txuria, Xabier Miguel Ezkerra, Xabier Arin eta Idoia Espias (Ipar Euskal Herria).

Baionan egin duten agerraldiak bi xede zituen: batetik, ordezkaritza hori aurkeztu, eta, bigarrenik, sostengua adierazi hainbat eragilek larunbat honetarako Miarritzeko Irati aretoan antolatu duten Elkartasun Hatsa izeneko ekitaldiari.

Iheslariak bertan izanen direla azpimarratu dute, eta, bide batez, konponbidearen ildoan haiek osatu duten bide orria mahai gainean ezarriko dutela. Iheslarien ekarpena urteetako hausnarketa eta eztabaidaren ondorioa dela nabarmendu dute, iheslarien sakabanaketak beharturik. Eztabaida horren emaitza historikoa dela erran dute, lehen aldiz mintzaidetza taldea dutelako iheslariek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna