Euskal baleazaleak

Euskal ondarearen Kanadako ikurra

Aste honetan erabakiko du Unescok Red Bayko euskal baleazaleen aztarnategiak gizateariaren ondareen zerrendan sartuko dituen ala ez. Euskal historiako zati mitikoenetako bat hantxe dago, Kanadan.

Red Bay

Irune Lasa -

2013ko ekainak 16

Urteetan egindako lanarentzat sari bikaina litzateke Unescok Red Bay gizateriaren ondare izendatzea. Balearen arrantza industriaren hastapenaren aztarren eder eta zainduenak bere barnean gordetzen dituen eremu horrek babes berezia izango luke Unescoren aitorpenarekin, eta oraindik eta erreferentzialtasun handiagoa lortuko luke, besteak beste, bisitari gehiago erakartzeko. Eta, era berean, euskal historiaren pasarte mitikoenetako baten ikerketan hainbatek egindako lan eskergak ere aitorpen ederra jasoko luke. Aste honetan Kanbodian egitekoa duen bileran izendatuko ditu Unescok gizateriaren ondareen zerrendako kide berriak, eta Kanadan baikor dira 2004an abiatutako hautagaitzak bere helburua lortuko duela azkenean.

Belle Isleko itsasartean dago Red Bay; 1979tik Gune Historiko Nazional da, eta berrehundik gora biztanle ditu gaur egun, gehien-gehienak arrantzatik bizi direnak. "Ez genekien zer ziren, baina gure paisaiaren parte izan dira betidanik", azaldu dio han jaio eta hazitako Cindy Gibbonsek CBC Newsi, baleazale euskaldunek Red Bayn utzitako teila gorriak txikitan jolaserako erabiltzen zituztela gogoratzean. Ez zekiten ondo zer ziren teila haiek, 70eko hamarkadara arte ez ziren-eta zuzenean lotu euskal balea arrantzaleak Red Bayrekin.

Selma Huxley historialaria izan zen, ia bost mende geroago, euskal ontziek egindako bidaia errepikatzen lehena. Aurretik, Burgosko eta Oñatiko artxiboetan aztarrikatzen, Huxley konturatu zen Gran Baya, euskal baleazaleen jarduera gune mitiko hura, egungo Belle Isle itsasartea zela, ez Maine, Boston, Quebec edo Halifax. 1977an iritsi zen Huxley Labradorrera eta Red Bayra —euskal artxiboetan Buttes/Buttus izenarekin jasotzen zen—. Huxleyren seme eta historialari Barkham ere han zen, 18 urte zituela. "Bagenekien zeren bila gindoazen, baina ez genuen pentsatzen hain erraz aurkituko genituenik aztarnak". Red Bayko hondartzan bertan zeuden teila haietako batzuk. "Haiez galdetu genien bertako biztanleei. 'Joan den mendeko adreilu ingelesak dira', azaldu ziguten. 'Horiek hauts bihurtu eta aurpegiak margotzen ibiltzen dira haurrak, jolasean'. Baina guk euskal baserrien teilatuetan ikusiak genituenen berdin-berdinak ziren".

Historia zati bat

Huxleyren bisita hark soka luzea izango zuen. Urtetik urtera gero eta aurkikuntza gehiago egingo ziren Red Bayn, bai lurrean bai uretan. Indusketetan parte hartutakoa da Cindy Gibbons bera: "Hau garrantzitsua da. Garrantzitsua munduaren historiarentzat. Miragarria da Labradorko komunitate ñimiño honetan halako historia edukitzea, munduaren historian halako eragina izan duen zatia".

Izan ere, gaur egun petrolioak duenaren adinako garrantzia izan zuen lumerak (balea olioak) hainbat mendetan, eta halaxe zen XVI. mendearen bigarren erdian ere. Argiztapenerako erabiltzen zen, baita lubrifikatzaile eta bigungarri moduan ere, xaboiak egiteko, botikak, ehunak prestatzeko. Ez koipea bakarrik, balearen hezurrak ere oso erabilgarriak ziren, arropa, kapela, kortseak, eskuilak, uztaiak eta beste egiteko. Balearen bizarrak ere saltzen ziren, besteak beste, aiztoak egiteko.

Balea arrantzan euren kostatik hurbil aritzen ziren arrantzaleak ez bezala, euskal arrantzaleak, beren teknologia eraginkorrari esker, gero eta urrunago joaten hasi ziren, eta, halako batean, beste batzuek —portugaldar, normandiar eta bretainiarrek— bakailaoa arrantzatzen zuten ur urrunetan balea ugari zegoela ohartu ziren. Horrela, Gran Baya deitzen zioten tokian ezarritako ustiatokiei esker iritsi ziren euskaldunak XVI. mendeko balearen arrantzaren inguruko industrian nagusi izatera, Europako merkatuetara iristen zen lumeraren hornitzaile nagusi bilakatuz.

Eta Red Bayn eta Labradorko kostaldearen zati handi batean, industria haren guztiaren aztarna mordoa gorde dira; zenbait tokitan ukitu ere ez dira egin, gainera. Parks Canadako Trudy Taylor-Walshek ere azpimarratu dizkio CBC Newsi gizateriaren ondare izateko Red Bayk dituen merezimenduak. "Munduan dagoen balea arrantzaren industriaren hasieraren adibiderik onena da. Industria nola hasi zen erakusten dizun guztia jasota dago Red Bayko erregistroan, eta ia gehiena aldaketarik gabe gorde da 400-500 urtean. Ikusgarria da". Taylor-Walshen aburuz, aitorpen handia izango litzateke izendapena. "Munduko kultur historiarentzat garrantzia duen kultur kokagune moduan aitortzea litzateke, zeina gizateria osoarentzat babestu, aurkeztu eta gorde behar den".

Gizateriaren ondare izendatzeak etorkizuneko garapen proiektuak ere ekarriko dizkio Red Bayri, Barkhamen ustez. Unescora Red Bayren hautagaitza aurkezteko lanetan ere jardun da Barkham hasiera-hasieratik. Tokiko aztarna arkeologikoen kalitateaz gain, haiei buruzko dokumentazio historiko handia izateak ere Red Bayren alde egiten du, "guztiari ikuspegi historiko osoa ematen diolako".

Unescoren barneko Icomos erakundeak (Monumentu eta Tokien Nazioarteko Kontseilua) Red Bayk 2012ko urtarrilean aurkeztutako hautagaitza txostenari babesa ematea onartu zuen aurtengo martxoan, eta, Barkhamen ustez, babes hori oso garrantzitsua izango da gizateriaren ondare izateko izendapenean. Datorren aste bukaerarako espero da Kanbodian erabakia hartzea, eta hilaren 25erako aurreikusia dute ospakizuna Red Bayko herrian.

Altxor arkeologikoak

XVI. mendeko historiaren zati horretatik gordetako altxorrak ugari dira-eta Red Bayn. Aipagarrienetakoak, beharbada, badiako urpean gordetzen diren San Joan ontziaren hondakinak dira. Balea arrantza soilik ez, orduko ontzigintza hobeto ezagutu ahal izateko baliabide ezin hobea izan da San Joan baleontzia, baita ikur berezia ere, Kanadan topatutako hondoratutako itsasontzi zaharrena baita. Ontzia badiako urpetatik berreskuratzeko urteetako lanek itsaspeko arkeologiaren bilakaeran ere izan dute zeresanik, metodo berriak asmatu eta frogatzea ezinbestekoa izan zutelako. 1565ean hondoratutako ontziaren zatiekin batera, beste hainbat elementu ere aurkitu zituzten, hala nola balea harrapatzeko txalupa batzuen hondarrak, nabigazio tresnak, upelgintza piezak...

Uretan aurkitutakoak ez ezik, Red Bayko lurretan eta, batez ere, badia babesten duen Saddle uhartean aurkitutako aztarnak ere ez dira nolanahikoak, koipea urtzeko labeen egiturak, upelgintza tailerrak, moilak, lanabesak, zeramika eta beirak, arropak... Eta 142 arrantzaleren gorpuak biltzen dituen hilerria. Gorpuzki horietako batzuk Ternuako Memorial Unibertsitatean daude gaur egun, haien DNA ikertzeko asmotan edo. Euskal Herritik egina da gorpuzki horiei hilobiratze duina emateko eskaera, baina oraingoz ez da halakorik egin.

Aztarnategi arkeologiko horien interpretazio egoki eta zabala egiteko dokumentazio historikoaren azterketa ere ez da ahaztu behar Red Bayren balioak zenbatzerakoan, bai egiazkotasuna bermatzen duelako, bai historiaren zati horren ulerkuntza nabarmen hobetzen duelako. Agiri zaharrei esker, hainbat aditu aritu dira euskal balea industriaren inguruko ikerketan. Horiei esker dakigu zein, noiz eta nola joaten ziren baleazaleak Labradorko kostaldera, zenbateko aberastasuna ekarri zen handik, horrek Euskal Herrian zer eragin izan zuen... Zer jazten zuten ere bai. Indigenekin nola moldatzen ziren ere badakigu. "Innuekin harreman oso ona zuten. Kronikek diote ogi eta sagardo pixka baten truke euskaldunentzat lan egiten zutela", dio Barkhamek. Aldiz, inuitekin ez ziren ondo moldatu: "Ez dakigu oso argi zergatik, baina lapurreta eta eraso batzuk izan omen ziren".

Icomosen txostenak azaltzen duen moduan, mendeetan arrastoak horren ondo gorde izanak zerikusi zuzena du tokiko klima gogorrarekin, batetik herriaren eraikuntza garapena erabat mugatu duelako eta, bestetik, batez ere urpeko egur aztarnak bikain mantenarazi dituelako. Baina, aldi berean, paradoxa bat sortzen du bisitariarentzat. Tundra paisaia XVI. mendekoaren ia berbera da, herrixkako etxe sakabanatuak eta errepidea kenduta. Hortaz, bisitariak ia paisaia bera ikusten du. Baina espazio geografikoaren ulerkuntza egokia ez da nahikoa baleazaleen bizimoduaz jakin-minez Red Bayra hurbil daitekeen bisitariarentzat. Izan ere, Red Bayko aztarnategi horiek guztiak, bai lurrekoak bai urekoak, haien kontserbazioa ziurtatzeko, berriz ere lurperatuak edo babestuak izan dira. Horregatik, Red Bayn orain gutxi interpretazio zentro bat zabaldu den arren, etorkizunean ildo horretan gehiago egitea da asmoa, eta gizateriaren ondare izendatzeak bultzada ederra emango lieke asmo horiei.

Oraindik zer gelditzen da ikertzeko XVI. mendeko euskal balea industriari buruz? Agiri zaharren ikerketak oraindik ere xehetasun ugari argitzea ekar dezakeela uste du Barkhamek. Eta aztarnategiei dagokienez, ez da ahaztu behar Red Baykoaz gain euskal baleazaleek urte haietan erabiltzen zituzten beste 11 portu identifikatu zituela Selma Huxleyk, nahiz eta Red Baykoa izan, ziurrenez, garai hartako portu nagusia euskal baleazaleentzat. Gero, adibidez, Chateau Bayko (Txateo agiri zaharretan) uretan beste bi galeoiren pezioak topatu zituzten, baina ez ziren induskatu. Eta Red Bayn bertan, 2004an beste galeoi baten hondarrak agertu ziren, gurtzeru baten helizeak sedimentuak harrotu eta gero. Beharbada, Unescoren izendapenak ere lagunduko du etorkizuneko ikerketak bultzatzeko.

Gizateriaren ondare izendatutako toki asko ditu Kanadak, baina, halere, Red Bayren izendapenaren inguruko albisteak oihartzun handia hartzen ari direla dio Barkhamek. "Badakizu, halakoak nazio batentzat garrantzitsuak dira". Eta guretzat, euskaldunontzat ere bai. "Hori da-eta polita", dio, "toki erabat euskalduna delako Red Bayko aztarnategia, Kanadan jarria, baina erabat euskalduna".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Irune Lasa

Informazio osagarria