INTERNET

'.eus' domeinua onartu dute

'.eus' domeinua martxan jartzeko baimena eman du ICANN erakundeak. Euskararen eta euskal kulturaren domeinua izango da.

PuntuEus logoa
PuntuEus logoa

Berria -

2013ko ekainak 14

Urtebeteko ebaluazio fasearen ondoren, ICANN erakundeak baiezkoa eman dio .eus domeinuari. Interneten euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen domeinu izateko aurkeztu zuten proiektua orain bost urte. Bide horretan "babes ikaragarria" jaso dutelako gustura dira domeinuaren sustatzaileak. 

Joan den urtean, maiatzaren 24an, bidali zuten eskaria ICANNera. Ebaluazio fasera pasatzeari baiezkoa eman zion ICANNek, eta orain azken baiezkoa eman dio domeinuari. Galiziera sustatzeko sortutako .gal domeinuari ere gaur eman diote oniritzia.

".eus domeinua euskararen eta euskal kulturaren sustapenerako bitarteko bat gehiago izango da, Internet oinarri izango duena. Izen bat, ikur bat, sareen sarean euskara eta euskal kulturaren ikusgarritasuna eta bere komunitatearen aitorpena ekarriko duena", adierazi zuten elkarteko kideek proiektua aurkeztu zuten egunean.

Euskarak eta euskal kulturak lehen mailako domeinua lortu dute (TLD, Top Level Domain). Bi eratako lehen mailako domeinuak daude, estatu kodeak eta orokorrak. .eus domeinu orokorra izango da eta, orokorren barruan, hizkuntzari eta kulturari lotutako domeinu babestua. Mota horretako domeinuek komunitateak babesten dituzte.   

2005ean onartu zuen ICANNek hizkuntza eta kulturen komunitateei lotutako lehen domeinua, katalanarena: .cat. Interneteko domeinuen sailkapenean ordura arte ez zegoen aukera berri bat sortzea lortu zuen PuntCat fundazioak.

Udalbiltzak zoriondu egin ditu .eus domeinuaren bultzatzaileak. Nabarmendu du Euskal Herriak ikusgarritasuna lortuko duela Interneten. Euskararentzako domeinua lortzeko elkarlanak erakutsi du, Udalbiltzaren esanetan, eraginkorra dela estrategia hori: "Batasunak indarra egiten du".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna