Mundua

Hassan Rohani hautatu dute Irango presidente

Barne Ministerioaren arabera, botoen %50,7 lortu du, eta ez da, beraz, bigarren itzulirik eginen. Sektore kontserbadorekoa da Rohani, baina buruzagi erreformistek haren aldeko botoa eskatu zuten.

Mikel Rodriguez -

2013ko ekainak 15

Aurreikuspen guztiak irauli ditu Rohanik, aisa gailendu baitzaie faborito ziren bertze hautagai kontserbadoreei. Zenbatutako 37 milioi boto ingurutatik, 18,6 milioi lortu ditu. Bigarren gelditu da Mohammad Qalibaf Teherango alkatea, sei milioi botorekin. Akbar Haxemi Rafsanjani eta Mohamed Khatami buruzagi erreformistek Rohaniren aldeko botoa eskatu zuten kanpainan, bertze kontserbadoreen artean moderatuagotzat baitute. 

1948an Sorkheh hirian jaio zen Rohani. Ali Khamenei aiatolaren eleduna da Segurtasun Kontseilu Gorenean. 1980-2000 artean diputatu izan zen, eta bere ibilbidean hainbat kargu militar eta diplomatiko eduki ditu. Mahmud Ahmadinejaden ordezkoa hartuko du orain gobernuko buruzagitzan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna