Javier Mira (Valentziako Unibertsitateko irakaslea)

"Legez kanpokoak dira Auzitegi Nazionalean hartu diren erabaki asko"

Ezker abertzalearen erakunde eta inguru sozialaren aurka erabili den zuzenbideak helduleku juridikorik ez duela dio Javier Mira Benavent irakasleak; etsaiaren aurkako zuzenbidea dela dio.

Javier Mira Valentziako Unibertsitateko irakaslea.
Javier Mira Valentziako Unibertsitateko irakaslea. Rafa Gil

Jokin Sagarzazu - Valentzia -

2013ko ekainak 26

Valentziako Unibertsitateko bulegoan hartu du BERRIA Javier Mira Benaventek. Sumatzen da irakaslea dela eta gertutik jarraitzen duela Euskal Herriko egoera. Alboan du Zigor Kodea, eta bere azalpenak hainbat adibiderekin ilustratu ditu. Espainiako Auzitegi Nazionalaren jarduna ikertu du azken urteetan, eta auzitegi horrek arlo politikoan izan duen eragina oso kaltegarria izan dela dio. Luze eta zabal mintzatu da kazetariarekin, unibertsitateko eskola bat ematen arituko balitz bezala, oso modu didaktikoan.

Espainiako Gobernuak eta PSOEk diote egungo egoera epaileek eta poliziek eginiko lanaren emaitza dela. Ados zaude horrekin?

Egungo egoerara, bereziki, iritsi gara ETAk eta ezker abertzaleak eginiko alde bakarreko urratsen bidez. Ezin da amaitu ETA bezalako erakunde baten jarduna polizien eta epaileen lanarekin bakarrik. Alde bakarreko urrats horiek erabakigarriak izan dira; ez dago beste modurik, gainera.

Zer balorazio egiten duzu prozesu honetan Espainiako Auzitegi Nazionalak izan duen egitekoaren inguruan?

ETAren jardunaren eta ezker abertzalearen inguru ideologiko eta politikoaren aurka egiteko estatuak erabili duen arietea izan da Auzitegi Nazionala. Erabakigarria izan da. Auzitegi espezializatua izan da. Emergentziazko zigor legedi bat ezarri du, eta horrek eragin du oinarrizko hainbat eskubideren suntsipena, bereziki parte hartze politikorako eskubidearena. Auzitegi Nazionalean hartu diren erabaki asko legez kanpokoak izan dira.

Auzitegi horrek gobernuaren lekua hartu duela uste duzu?

Nik uste dut baietz. Ez dakit koordinaziorik egon den gobernuaren eta Auzitegi Nazionalaren artean, baina haren jarduna bateragarria izan da gobernu ezberdinek ezarri dituzten estrategiekin. Instrukzio epaile jakin batzuek, bereziki 5. instrukzio epaitegiko burua izandakoak [Baltasar Garzon] eginiko lana bateragarria izan da gobernuen jardunarekin.

Esan nahi duzu bultzada politikoa egon dela auzitegiaren erabaki batzuen atzean?

Ez dakit. Ez daukat daturik. Baina bai bateragarriak izan direla.

Eta beste egiteko bat izan dezake orain?

Auzitegiaren egungo osaketa dela-eta, oso zail ikusten dut hori. Egia da azken erabakietan aldaketa txiki batzuk ikus daitezkeela, baina egungo osaketa eta araudia ikusita, zail ikusten dut.

Aldaketa txiki bat nabari duzula diozu: zertan?

Jardun politikoaren kriminalizazioan. Askatasuna eta D3Mren eta Udalbiltzaren auzietako absoluzio epaietan, adibidez. 18/98 auziko sententziarekin konparatuta, norabide aldaketa garrantzitsua da, eta are gehiago, aurretik, eta ez hain urruti, auzitegi berean oso bestelako erabakiak hartu direla kontuan hartzen badugu: Bateragune auzian, adibidez.

Baina zehazki zertan aldatu du ikuspuntua?

Bi sententzia horiek oinarrituta daude, nire ustez, zigor zuzenbidearen interpretazio egoki batean: erantzukizuna delituzko ekintzetan oinarritu behar da, eta ez proiektu politikoetan parte hartu izanean. Hori ez da delitua, ETAk babestu edo ez, edo ETAri ondo edo gaizki iruditu arren.

Baina badago jurisprudentzia bat horren atzean, zeinak esaten duen "terrorismoa" ez dela soilik norbait hiltzea edo bonbak jartzea; alderdi horiei leporatu izan zaie ETAren estrategia lagundu izana. Beraz, nahi duenarentzat badago hor helduleku bat, ezta?

Bai, badago. Baina zigor arloan, behintzat, interpretazio hori ez da konstituzionala. 90eko hamarkadan Herri Batasunaren mahai nazionalaren aurkako epaiketan ikusi genuen. Auzitegi Nazionalak zigortu egin zituen ETArekin kolaboratzea egotzita, eta Konstituzionalak absolbitu egin zituen.

Baina orain Alderdien Legea dago. Nola eragiten du horrek zigor arloan?

Bai, baina horrek ez du balio norbanakoak zigortzeko. Estatua konturatu zenean zigor bideak porrot egin zuela, Alderdien Legea bultzatu zuen. Horrek nahasmena ekarri du, inguru ideologiko horren aurka jotzeko bi aukera daudelako eta askotan ez direlako bereizten bata eta bestea. Kasu gehienetan, gainera, biak batera eman dira: Zigor bidea, Auzitegi Nazionalean, eta Alderdien Legea, Auzitegi Gorenaren 61eko salan. Alderdien Legea, baina, ez da zigor lege bat. Alderdiak legez kanporatzeko aukera ematen du, baina ez du eragiten norbanakoen oinarrizko eskubideetan: alegia, alderdi horietako kide izandakoek beren eskubideak egikaritu ditzakete. Instrumentua uzten du legez kanpo, baina ez ditu delituak ezartzen. Beraz, gezurra da HB, EH, Batasuna... erakunde terroristak direnik. Alderdien Legeak legez kanpo utzi ditu, baina ez du esaten erakunde terroristak direnik.

Baina hori esaten da.

Bai, eta gezurra da. Ez dago organo judizial bakar bat bera ere hori esaten duenik. Ezta Estrasburgok ere. Legez kanpokoak direla? Bai. Espainiak ondo ezarri duela legea? Bai. Hori dio Estrasburgok. Baina ez erakunde terroristak direnik edo erakunde terrorista baten parte direnik. Eta are gutxiago alderdi horietan parte hartu dutenak terroristak direnik.

Horretan oinarrituta auzipetu asko daude epaiketaren zain: ANV eta EHAK-ko hainbat kide, adibidez. Zein izango da emaitza?

D3M eta Askatasunaren kasuan absoluzioa izan zen epaia. ANV eta EHAK-ko kideen aurkakoan ikusiko dugu, baina ez luke aldaketarik egon behar.

Sorturen legeztatzeak lagundu dezake horretan?

Lehen esan dudan bezala, bi bide horiek oso iragazkorrak izan dira. Legez kanporatzeek asko baldintzatu dituzte Auzitegi Nazionalaren erabakiak. Baina ziklo hori amaitu dela dirudi. Orain ikusi behar da aurkako bidea ere egiten duen Auzitegi Nazionalak. Edo Sorturen legeztatzeak laguntzen duen zenbait delitu tipo desaktibatzen. Dena den, delitutzat jo diren oinarrizko eskubide horiek --biltzeko eta politikan parte hartzeko eskubideak, adibidez-- inoiz ez lukete delitu izan behar.

Herriko tabernen auzia deiturikoa ere hor dago; urrian hasiko da epaiketa. 11 urte igaro dira ordutik. Zergatik hainbeste denbora?

35/02 auziaren [Herriko tabernen auziaren] instrukzioa mugarri bat izan zen Auzitegi Nazionalean, eta gakoa da hau guztia ulertzeko. HB, EH eta Batasunari eragiten die auzi honek, baina ondorengoei ere eragin die. Auto baten bidez, alderdi horien jardun guztiak eten egin zituzten, eta egoitza guztiak itxi. Horretarako, Zigor Kodearen 129. artikulua erabili zuen instrukzio epaileak. Hor jasota dauden neurriak —jarduerak etetea, egoitzak ixtea...— delituren bat egin duten enpresentzat daude aurreikusita. Kasu honetan, alderdi politiko batentzat erabili zen. Eta alderdi politikoak eta haien jarduna oinarrizkoa da estatu demokratiko batean, hala jasotzen da konstituzioan. Arau horien aplikazioa, beraz, konstituzioaren aurkakoa da.

Zergatik?

Konstituzioak ez du onartzen arau horien bitartez adierazpen, parte hartze eta manifestazio eskubideak mugatzea. Antzekoa esan zen Egunkaria-ren epaian. Epaimahaiak esan zuen konstituzioan ez zegoela heldulekurik modu horretan egunkari bat ixteko. Eta ez dago ezta alderdi baten jarduna debekatzeko ere, edo haren egoitzak ixteko... Erabaki hori legez kanpokoa da, ez direlako betetzen 129. artikuluak jasotzen dituen baldintzak, eta legez kontrakoa da, neurriz kanpokoa delako. Zergatik? Jardun guztiak eta egoitza guztiak ixteak ez daukalako lekurik. Ekitaldi zehatz batzuk debeka daitezke, baina ez denak. Prentsaurreko bat ematea, hitzaldi bat ematea eta beste ekinbide ugari sistematikoki debekatzea oinarrizko eskubideen aurkakoa da. Egoitza batzuk itxi daitezke, ez dakit zer material aurkitu delako, baina ez denak. 5. instrukzio auzitegiko epaile ohiak sortutako lan molde hau errepikatu egin da geroko kasu guztietan.

Javier Mira Valentziako Unibertsitateko irakaslea.
Ezker abertzalearen erakunde eta inguru sozialaren aurka erabili den zuzenbideak helduleku juridikorik ez duela dio Javier Mira Benavent irakasleak; etsaiaren aurkako zuzenbidea dela dio. Rafa Gil

Oinarrizko eskubideak zuzenbide estatu baten oinarriak dira. Arriskuan ikusi duzu zuzenbide estatua?

Arriskuan ez, horrek zuzenbide estatua likidatu egin du. Likidatu egin dira zuzenbide estatu baten oinarrian egon behar diren bermeak. Erabaki judizial horiek legez kanpokoak dira.

ETA finantzatzea ez ezik, ETAko kide izatea ere leporatzen diete.

Bai, baina horretan ere adostasun nahikoa dago doktrinan. ETAren helburu politiko edo ideologikoekin bat egiteak ez zaitu automatikoki ETAko kide bihurtzen. Askatasuna eta D3Mren epaian, besteak beste, esan zuten hori. Zigor tipoetan jokaera zehatz batzuk daude deskribatuta, eta horien arabera erabaki behar da pertsona bat zigortu behar den edo ez. Baina jokaera batzuk zigortu dira ez daukatenak horrekin zer ikusirik.

Sektore sozial zehatz bat kriminalizatzeko xedea egon da atzean?

Hein handi batean bai. Kasu hauetan zigorraren erantzukizuna ez da oinarritzen delituzko ekintza zehatz batean, baizik eta talde baten parte izatean edo izateko modu batean. Horri etsaiaren aurkako zigor zuzenbidea deitzen zaio. Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileek erabili dute bereziki ikuspuntu hau, auzietan inplikatuta dauden pertsonen oinarrizko eskubideak mugatu baitituzte. Ezker abertzalearekin loturaren bat izateagatik ez dizute beste herritarrei aplikatzen zaien justizia bera aplikatzen. Eta oztopo bat izan daiteke eta bihurtu da hainbat oinarrizko eskubide aurrera eraman ahal izateko.

Hori guztia desegiteko zer beharko litzateke? Lege aldaketak? Epaileen jarrera aldaketa?

Gai honetan ez da beharrezkoa lege aldaketa, Auzitegi Nazionalak egindako lana legez kanpokoa izan delako. Egin behar da zigor tipoak egoki interpretatu eta beti delituzkoak izan diren ekintzetara mugatu. Gertatu dena da ETAko kideentzat erabiltzen diren salbuespen neurriak kasu hauentzat ere erabili direla. Aurreko unera itzuli beharko litzateke.

Presoen argazkiak erakustea terrorismoa goratzea da?

Ez. Baina kasu honetan, bai,beharrezkoa da lege aldaketa, interpretazioan egon daitezkeen zalantzak uxatzeko. 2000. urtera arte apologia zigortzen zen delitua akuilatzen zenean, baina urte horretan aldaketak egin ziren legean, eta apologiatzat hartu dira hainbat ekintza, nahiz eta deliturako deirik ez egin. Hori ez da apologia, adierazpen askatasuna da. Gai hau oso larria da, iritzia delitu bihurtzen ari delako. Eta aplikatzeko orduan epaileak kontuan hartzen ari direlako biktimen sentimenduak bakarrik. Zigor zuzenbidearen funtzioen artean ez dago sentimendu subjektiboak babestea. Eta horrek asko kezkatzen nau, oinarrizko eskubideak daudelako tartean.

Poliziak behartuta daude gisa horretako ekitaldien debekuak betearaztera?

Ez. Ezta debekua jaso dutenak ere. Debeku horiek guztiak ez dute legezko oinarririk, ez araudian ez konstituzioan. Are gehiago, legearen kontrakoak dira. Zigor arloko epaile batek ezin ditu oinarrizko eskubideak debekatu.

Jardun politikoagatik zigortutakoen kasuan diozu ez dela derrigorrezkoa legea aldatzea. Eta beste kasuetan?

Hor bai, hor beharko litzateke lege aldaketa. ETAko presoentzat egindako salbuespen neurri guztiak aztertu behar dira. Horietako batzuk, gainera, ez dira beharrezkoak gaur egungo egoeran. Behin ETAren mehatxua desagertuta, salbuespen neurri guztiak bertan behera utzi behar dira.

Parot doktrina ez dago araudian. Baina bereziki euskal presoei ezartzen zaie; salbuespeneko interpretazio juridiko bat da?

Bai, erabat. Estrasburgok lehen ebazpenean atzera bota zuen, bereziki, modu erretroaktiboan aplikatzen delako. Ados nago horrekin, baina doktrinaren arazo larriena ez da gaizki aplikatzen dela, baizik eta legez kanpokoa dela. Inolako helduleku juridikorik gabe sortu zela.

Zergatik diozu legez kanpokoa dela?

Doktrina aplikatu dioten presoei eragiten dien Zigor Kodeak dio gehienezko espetxealdi zigorretik aurrerako zigorrak iraungita geratzen direla. Eta iraungita egoteak esan nahi du ez dutela inolako efekturik sortzen. Zigor bakar horren gainean ezartzen dira, hain zuzen ere, erredentzioak, gehienezko 30 urteko espetxealditik urteak kenduz. Baina Parot doktrinan, erredentzioak lehen zigorrean aplikatzen dira, eta ondoren esaten da presoak zigor gehiago dituela eta horiek ere bete egin behar dituela, eta, beraz, gehienezko espetxealdia osorik bete behar duela. Hori ez da egia, bigarren, hirugarren eta beste zigor horiek ez direlako existitzen, iraungita daudelako. Hala dio Zigor Kodeak. Legea urratzen du doktrinak.

Presoek barkamena eskatu behar dute hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna lortzeko?

Zigor zuzenbidearen funtzioa, kasu honetan eta guztietan, ez da jokabide etiko eta moral zehatz batzuk bultzatzea, baizik eta ondasun juridikoak babestea eta delituak saihestea. Hori zigor zuzenbidearen erabilera ilegitimoa da. Ez da haren funtzioa. Batetik, delituak ahalbidetzen zituen erakundea desagertu da, eta pertsona horiek ez dute delitu hori egiteko aparaturik, eta, bestetik, delitua berriz egiteko pronostikorik ez dago. Beraz, ez dago arrazoirik espetxe onurak emateko. Zigor zuzenbidearen xedea ez da hiltzailea damutzea eta barkamena eskatzea, baizik eta delitua berriz ere ez egitea. Ez pertsona horrek eta ez beste inork. Ulertzen baita zigorrek prebentzio moduan funtzionatzen dutela beste herritarrek gauza bera egin ez dezaten. Zuzenbide estatuak ez ditu hilketak saihestu nahi denok pentsatzen dugulako gaizki daudela. Xumeagoa da helburua: inor gehiago ez hiltzea, zigorraren beldurrez.

Baina zigor arlotik kanpo beharrezkoa litzateke?

Bai, zalantzarik gabe, eta egin beharko litzateke, eta onartu estrategia erratua izan dela. Paraleloki, estatuak ere onartu beharko luke berak eragindakoa. Baina bi plano oso ezberdin dira.

Irtenbide kolektiborik egon daiteke presoentzat?

Hor dago Trantsizioa-n gertatu zena. Frankismoko jarduera kriminaletan parte hartu zutenei ez zieten eskatu barkamenik, berriz inor ez hiltzeko eskatu zieten, eta kito. Hori eginda, zigorrak bete gabe utz daitezke edo amnistiatu, orduan gertatu zen bezala. Orduko amnistiak frankismoaren aparatuei egin zien mesede handiena. Orain amnistiarik ezin da egon, legediak ez duelako jasotzen. Baina ETA pm-rekin eman zen indultuen politika. Beraz, baldintza bakarra da berriz inor ez hiltzeko konpromisoa agertzea, zigor zuzenbidearen ikuspuntutik, behintzat. Zigor zuzenbidearen xedea ez da bizikidetza arazoak konpontzea.

Instrukzio epaileei egiten zaien beste kritika bat da inkomunikazio aldian atxilotuen bermeak ez zaintzea. Horretan ere salbuespena da Auzitegi Nazionala?

Bai, eta bertan behera utzi behar da neurri hori. Egia da inkomunikazioak, atxiloaldiak luzatzeak eta bestelako salbuespen neurriek legearen babesa dutela. Baina oinarrizko eskubideak mugatzen dituztenez, legeak ere badio soilik emergentziazko kasuetan erabili behar direla. Egungo egoeran, beraz, ez dira legezkoak.

Zer iritzi duzu polizien txostenek instrukzio fasean eta epaiketan duten pisuaz?

Pisu handiegia dute, eta ez dute berme prozesalik ematen. Aditu baten froga objektibo bat izango balira aurkezten dira. Baina ez da azterketa objektibo bat, aditu baten froga. Edonork daki ez dela. Hori sistematikoki eta automatikoki egiteak oso ondorio larriak sortzen ditu, besteak beste, defentsarako eskubideari kalte egiten dio, eta hori oinarrizko elementu bat da prozesu judizialetan.

ESANAK

Oinarrizko eskubideak. "Hainbat neurrik zuzenbide estatua likidatu egin dute. Likidatu egin dira zuzenbide estatu baten oinarrian egon behar diren bermeak. Erabaki judizial horiek legez kanpokoak dira".

Zigorrak. "Zigor tipoak egoki interpretatu behar dira, eta beti delituzkoak izan diren ekintzetara mugatu. Aurreko unera itzuli beharko litzateke".

Presoen argazkiak. "Presoen argazkiak erakustea ez da apologia, adierazpen askatasuna da. Gai hau oso larria da, iritzia delitu bihurtzen ari delako".

'Parot doktrina'. "Doktrinaren arazorik larriena ez da gaizki aplikatzen dela, baizik eta legez kanpokoa dela. Inolako helduleku juridikorik gabe sortu zela".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna