I˝aki Subijana (Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko presidentea)

"Zuzenbide estatua ezin da eten jardun armatua amaitu delako"

Legedia aldatzen ez bada epaileek jokaleku berrian eragiteko tarte gutxi izango dutela dio Iñaki Subijanak. Zigorrak betetzeko orduan, baina, espetxealdiak murrizteko aukera egon badagoela uste du.

Iñaki Subijana.
Iñaki Subijana. Jon Urbe / Argazki Press

Jokin Sagarzazu - Donostia -

2013ko ekainak 28

Ez zen ohikoena. Gogoan du Iñaki Subijanak nola begiratzen zioten ikasketak amaitu eta epaile izateko prestatu nahi zuela esaten zuzenean. "Besteek nahiago zuten abokatu izan, enpresa mundua... Oso gutxi ginen epaile edo fiskal izan nahi genuenak. Baina hori ere aldatu egin da Euskal Herrian", esan du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko egungo presidenteak. 2010ean eskuratu zuen kargu hori. Azpeitian hasi zuen epaile ibilbidea, eta Cadiztik (Espainia) pasa ostean itzuli zen Donostiara. Lurralde Auzitegiko presidente moduan Portu eta Sarasolaren torturen auzia epaitzea egokitu zitzaion, kargua hartu eta hilabete eskasera.

Euskal Herriko epaileek zein ekarpen egin dezakete une honetan?

Errealitate sozialari buruzko ezagutza eskain dezakegu. Egunerokotasunari oso lotuak gaude, eta oso integratuak gaude gizartean. Ikuspuntu hori oso elementu garrantzitsua izan daiteke une honetan. Errealitate sozialaren ezagutza oso elementu garrantzitsua delako epaitzeko orduan eta arauak aplikatzeko orduan. Analisirako edo arazoei neurria hartzeko garrantzitsuak izan daitezkeen elementuak ditugu Euskal Herriko epaileek eta fiskalek.

Madrilgo ikuspuntua beste bat dela esan nahi duzu?

Ez nuke hain ziur esango hori hala denik. Baina bai, uste dut analisirako beste elementu batzuk eskain ditzakegula. Horrekin, halere, ez dut esan nahi gurea denik ikuspuntu bakarra. Helburua litzateke planteamendu komun batera jotzea. Agian, urrunetik ez dira horren argi ikusten zenbait eboluzio, perspektiba... Gertuko eta urruneko ikuspuntu horien arteko oreka bat bilatu behar da.

Eboluzioa aipatu duzu: zertan?

Urte eta erdi daramagu egoera ezberdin batean. ETAren jardun armatuaren amaiera oso garrantzitsua izan da horretan. Baina disoluzioa beharrezkoa da. Hala ere, eta aurreko elementu hori dela eta, bizikidetza dinamika ezberdinak sortzen ari dira, aldaketa dinamikak. Hori ikus daiteke alor politikoan ere: ezker abertzalea sistema demokratikoan sartu da, instituzioetan parte hartzen ari da, eztabaida politiko bat dago... Hori dena hor dago, eta horrek islatzen du aldaketa bat dagoela.

Eta justizian ere eboluzio bat eman beharko litzateke?

Kasuak banan-banan aztertu behar dira, badaudelako zintzilik hainbat epaiketa. Horietan justiziak hitz egingo du. Beste batzuetan hitz egin du jada, eta, zenbaitzuetan, zigorrak ezarri ditu; horietako batzuen aurka helegiteak jarri dira, eta justiziak oraindik ez du esan bere azken hitza. Eta beste zigor batzuk ezarri eta betetzen ari dira. Hortaz, kasu bakoitzean aztertu beharko litzateke egoera berriak nola eragin dezakeen.

Kasu horiek, ia denak, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen dira. Uste duzu auzitegi horretan prest daudela egoera berrira egokitzeko?

Jurisprudentzian aldaketak emateko beharrezkoa da aldaketak egitea legean. Eta hori egitea ez dagokio epaileari; epaileak legeak interpretatzen ditu, ez aldatzen. Terrorismoari loturiko auziei auzitegi horrek eman dien tratamendu bereziak, ez salbuespenekoak, indarrean jarraitzen du legedian, eta legedia horretan oinarrituta epaitu behar da.

Baina beste era batera interpreta daitezke, ezta?

Ez horrenbeste. Zigor Kodea, arau guztiak bezala, interpreta daiteke, betiere irizpide juridikoetan oinarrituta. Ikusi beharko da epaitzen ari diren jokaerek tokia duten edo ez duten Zigor Kodean jasotako delitu motetan. Baina hor ez dut aldaketa handietarako tarterik ikusten. Ez daukat sentsaziorik delitu gisa hartu diren zenbait jokaera —erakunde terrorista batean parte hartzea, kolaboratzea...— zigor arauaren irakurketa literal bat eginda ez direnik hala. Baina aukera badago zigorra jaisteko gradu bat edo bi, aldagai batzuen arabera, eta, nire iritziz, ETAren jardunaren amaiera izan daiteke aldagai horietako bat.

Hainbat epaiketa egingo dira zuk aipatu duzun parte hartze edo kolaborazio delitua leporatuta, besteak beste, egun legezkoak diren jarduerengatik. Kasu horietan egokiak al dira egiten diren akusazioak?

Nik ezin dut baloraziorik egin epaiketaren zain dauden auziei buruz. Esan dezakedana da Zigor Kodeak elementu batzuk ematen dituela definitu ahal izateko noiz jokaera bat den delituzkoa eta nola gradua daitezkeen zigorrak, aldagai batzuen arabera. Aldagai horiek gaur egun aplikatu behar diren edo ez, hori epaimahaiak erabaki beharko du.

Gisa horretako epaiketek gizartean tentsioa sor dezaketela uste duzu?

Informazioa helarazteko moduaren arabera. Gizarteak badaki epaiketa batzuk zintzilik daudela eta zuzenbide estatuak ez duela bere lana etengo, ezin duelako. Legedian ez dago tresnarik auzi horiek aldez aurretik artxibatu edo ixteko. Epaiketak egin behar dira, eta horietan frogatzen bada zigortu behar direla hor epaitzen diren jokaerak, zigortu egingo dira. Horrek tentsioa sortzen duela? Pedagogia egin behar da herritarren artean. Berme guztiekin epaitu eta zigortu bada pertsona bat, epai hori onartu behar da, eta esplikatzen jakin behar da horrek horrela izan behar duela. Era berean, jendeak jakin behar du ezin direla auzi horiek aldez aurretik itxi edo artxibatu. Zuzenbide estatua ezin da eten ETAren jardun armatua amaitu delako.

Erantzun batzuk ikusi ditugu azkenaldian zigor horien kontra. Gisa horretako protesten aurrean Euskal Herriko auzitegiek protagonismo berezia izango dutela uste duzu?

Gure esku gera daiteke epaitzea gisa horretako ekinbideetan izaten ahal diren zenbait jokaera
—desobedientzia, autoritatearen aurkako atentatuak...—. Eta ziur naiz euskal epaileek legea aplikatuko dutela. Baina kasuak gehituko diren aurreikuspenik ez dugu.

Terrorismoaren aurkako legedia ez dela salbuespenekoa diozu, berezia dela. Zergatik?

Alor honetan, zuzenbide estatuaren maila dago nahikotasunean. Gutxienekoak betetzen dira. Ez dut ukatuko jarduera zehatz batzuetan botere abusua egon dela. Zuzenbide estatuaren azpitik dauden kasu horiek ikertu eta zigortu egin behar dira.

Adibidez, nazioarteko erakundeek diote tortura salaketak ez direla behar bezala ikertzen.

Bai. Eta horren inguruan hausnarketa sakon bat egin behar dugu. Espainiak hainbat alditan ez du bete obligazio hori. Estatu batek bete behar duen nahikotasun mailaren azpitik egon da justizia.

Inkomunikazioak ere betetzen al ditu gutxiengo horiek?

Nahikotasunaren mugan dago neurri hori, eta hala dio gure jurisprudentziak eta nazioartekoak. Niri, halere, ez zait gustatzen, eta uste dut indargabetu behar dela. Eta ez zait gustatzen atxilotuta edo inputatuta dagoen pertsona prozesuaren objektua delako eta ez subjektua. Askotan, froga objektu bihurtzen da pertsona. Pertsonari informazioa eska dakioke bere buruaren aurka egin dezan edo beste pertsona bat zigortu ahal izateko; zigor epai bat argudiatzeko. Nik nahiago dut lehenengo ikusmoldea. Atxilotuak edo inputatuak izan behar du pertsona bat bere burua defendatzen ahal duena.

Euskal Herrian ezberdin ikertzen al dira tortura kasuak?

Ez dut datu enpirikorik hori esateko. Sentsazio hori hor dagoela ez dut nik eztabaidatuko, baina ez daukat hain argi hori hala denik.

Portu eta Sarasolaren torturen auzian Auzitegi Gorenak atzera bota zuen epaia. Ez da hori datu bat?

Prozesu hau oraindik ez da amaitu. Helegite bat dago Auzitegi Konstituzionalean, eta ez dakit Europako Giza Eskubideen auzitegira iristeko aukera ere egongo den. Guretzat froga nahikoak zeuden zigortzeko, baina Gorenarentzat ez, eta, zalantzarako tarte bat zegoenez, absolbitu egin zituen guk zigortutakoak. Hori kritikatzen du helegiteak: Gorenak bere eginbeharrak gainditu zituela, frogen beste balorazio bat egin zuelako. Konstituzionalak esan beharko du hori hala den edo ez.

Iñaki Subijana Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko presidentea.
Legedia aldatzen ez bada epaileek jokaleku berrian eragiteko tarte gutxi izango dutela dio Iñaki Subijanak. Zigorrak betetzeko orduan, baina, espetxealdiak murrizteko aukera egon badagoela uste du. Jon Urbe / Argazki Press

Epaiketa hori oso egoera berezian egin zen. Kaleko jantzitako poliziez gainezka zegoen aretoa, behin baino gehiagotan isiltzeko eskatu behar izan zenien, mehatxu keinuak... Kexarik aurkeztu zenuen?

Kexa formalik ez. Egoera horietan har daiteke erabaki zorrotz bat, eta epaiketa egin aretoa itxita. Baina uste dut irekiak eta publikoak izan behar dutela epaiketek. Kasu honetan erabaki hori hartu izan banu, gardentasunik eza leporatuko zidaten. Eta gardentasun faltak azken emaitza baldintza dezake. Nire ustez, hobe da azken emaitzara iristea gardentasunaren bidez, nahiz eta presio elementuak hor egon. Erabaki genuen epaiketa publikoa izatea, ikus zedin han elementu batzuk zeudela zeinak emaitza baldintzatu nahi zuten, eta, azkenean, epaiketaren amaierara iristea eta ondorioak ateratzea horietatik aske.

Presioa sumatu zenuen, beraz.

Bai, bai. Presio hori aretoan zegoen, eta bestela ere bai. Egia da aretoan presioa oso nabaria zela. Baina epaimahai baten bertute handiena da presio horretatik askatzea, baldintzatuta ez egotea presio horregatik. Baina guk erabaki genuen hortik kanpo eta froga elementu guztien analisi zorrotza eginda. Presioa zegoen, baina presioak baldintzatu gabe hartu genuen erabakia.

Epaian gogor kritikatu zenituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi medikuen txostenak. "Arinkeria metodologiko gaitzesgarriarekin" egindakoak zirela jaso zenuen. Auzitegi horretako auzi medikuen jarduna berezia al da?

Ez dut uste. Peritu frogen analisi kritikoa egin genuenean, ikusi genuen hor bazeudela elementu metodologiko batzuk zeinak ez zuten balio defentsek esaten zutena frogatzeko. Mahai gainean froga gisa jarri ziren elementu guztiak aztertu genituen ikuspuntu kritiko batetik. Baina ezin da esan, modu orokor batean, terrorismoarekin loturiko delituetan perituen txostenak ezberdinak direla.

Gorenak zigor epaia atzera bota zuenean esan zuen akusazioaren lekukoak ezker abertzalearen gertukoak zirelako ez zirela sinesgarriak. Argudio sendoa iruditzen zaizu hori?

Epaiketa guztietan kontuan hartzeko elementua da lekukoen sinesgarritasun subjektiboa. Baina gu saiatu ginen lekukoek esandakoa berresten peritu elementuekin. Garrantzitsuena ez da lekukoa senidea den edo gertutasun ideologikoa duen. Badu garrantzia, baina hark esandakoa beste elementu batzuekin berretsi edo ukatu behar da. Kasu honetan, hark esaten duenak dauka garrantzia, ez nor den. Metodologia zehatz bat finkatu genuen lekukotasunen kalitatea neurtzeko, eztabaidaren muina hori izan ez zedin. Gure diskurtsoan argudio horrek indarra galdu zuen. 

Etsaiaren aurkako zuzenbidearen barruan kokatuko zenituzke Gorenaren argudio horiek?

Hala izaten da, eta gure epaian ere azaltzen da kontzeptu hori, beste puntu batean, eta esan behar dut oso kritika gogorrak jaso ditugula erabiltzeagatik.

Horrekin lotuta, zer iruditzen zaizu polizia bat peritu edo aditu gisa aurkeztea auziarekin lotura duenean? Hori ez al da ohikoa, bereziki, Auzitegi Nazionaleko epaiketetan?

Kasu horietan dira lekuko perituak eta ez perituak. Epaimahaiak ondo ezberdindu behar ditu. Perituak epaimahaiari eskaini behar dizkio berak ezagutzen ez dituen ezagutzak, alor juridikotik kanpo geratzen diren gaietan lagunduz. Baina gertatu da auziarekin lotura zuzena duten pertsona batzuk peritu gisa aurkeztea. Kasu horietan informazio hori ondo aztertu behar da.

Eta akusazioak egiteko orduan zein epaiketetan ez al dira gehiegi erabiltzen txosten horiek?

Hala izan bada, abusua egon da. Epaian moztu eta itsatsi badira txostenetan esaten diren gauzak, horrek esan nahi du ez dela azterketa propioa egin, eta hori egin behar da; aztertu eta konektatu behar dira elementu guztiak.

Presoen alorrean, sakabanaketa amaitzeak lagunduko luke barne eztabaida arintzen?

Presoen kolektiboak eska dezake hainbat gauza aztertuak izan daitezen, baina ezin du exijitu. Eta elementu horiek aztertu behar dira beti tratamendu indibidualizatu batetik. Beraz, aztertu behar da sakabanaketak ahalbidetzen dituen edo ez autokritikarako prozesu indibidualak. Horien bitartez aztertu beharko da presoa gizarteratzeko moduan dagoen edo ez.

Espetxe zaintzako eskumena EAEra itzuli behar al da?

Bai. Espetxe zaintzako epaitegia Madrilen egotearen arrazoia bada euskal epaileekin konfiantza ez dutela edo pentsatzen dutela mediatizatuak gaudela, argudio horrek ez dit balio. Beste bat egotekotan, esan beharko lukete zergatik ez den hori egiten. Eta neurria hartzen duenak azaldu beharko ditu arrazoi horiek.

Arrazoi politikoak?

Baliteke. Baina ez dakit.

Madrilek bermatu behar al du iheslariak ez direla atxilotuak izango edo ez dietela beste kausarik irekiko?

Hori esaten denean esan nahi da egun ezin direla itzuli hemen ez dagoelako zuzenbide estaturik. Eta hori ezin dut onartu. Ezin dut onartu esatea Espainiara ezin direla itzuli hori egiten badute haien aurkako inputazio bat asmatuko delako. Eta horrelako kasuak gertatu badira edo gertatzen badira, sala ditzatela.

ESANAK

Euskal Herriko epaileak. "Uste dut analisirako beste elementu batzuk eskain ditzakegula. Horrekin, halere, ez dut esan nahi gurea denik ikuspuntu bakarra. Helburua litzateke planteamendu komun batera jotzea. Agian, urrunetik ez dira horren argi ikusten zenbait eboluzio, perspektiba...".

Salbuespeneko legeak. "Ez daukat sentsaziorik delitu gisa hartu diren zenbait jokaera —erakunde terrorista batean parte hartzea, kolaboratzea...— zigor arauaren irakurketa literal bat eginda ez direnik hala. Baina aukera badago zigorra jaisteko gradu bat edo bi, aldagai batzuen arabera, eta ETAren jardunaren amaiera izan daiteke aldagai horietako bat".

Iheslariak. "Hori esaten denean esan nahi da egun ezin direla itzuli hemen ez dagoelako zuzenbide estaturik. Eta hori ezin dut onartu. Ezin dut onartu esatea Espainiara ezin direla itzuli hori egiten badute haien aurkako inputazio bat asmatuko delako".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna